|  
              
               
  
 
Elorri-lorak 
 
  
 
Usarraga-zar 
 
  
 
Arrua mintegiko landare 
 
Oiartzun mendiko pago, 
 
bertsolarien enbor zuzena 
 
kondairaren adar sendo. 
 
Torre ezkillak iratzar naute 
 
zure illetak jo ta jo, 
 
une berean ni baitan nion 
 
entzungo banitz naigo, 
 
Aitaren naia bete nai zendun 
 
ederki betea dago. 
 
  
 
Euskadirentzat zorionean 
 
zure munduko sorrera, 
 
ainbeste gizon aundi bezela 
 
mendi baserri zarrera. 
 
Ango oiturak, ango izkuntza 
 
artu ta beti aurrera, 
 
artzai ta morroi, ikazkintzatik 
 
nekazari izatera, 
 
pausorik pauso erria landuz 
 
jaio, bizi ta ill zera. 
 
  
 
Urte zailletan zu izan ziñan 
 
Euskalerriko txoria, 
 
aberri sena jaulki ta jaulki 
 
euskaldun bertsolaria. 
 
Mintzaira gozoz igurtzi dezu 
 
Ama euskeran zeuria, 
 
naizta ez izan erabat aske 
 
ezagutzeko zoria, 
 
zuk ainbat, gutxik edertu dute 
 
Euskadiren istoria. 
 
  
 
Uri aundiak, erri errixka 
 
eta auzo urrunduak, 
 
artzaien borda, sagardotegi 
 
ta antzoki apainduak. 
 
Bizitzan zear, zure bertsoen 
 
testigu fin izanduak 
 
ipar ta ego, guztiok gaude 
 
zugatik maite minduak, 
 
gizonarentzat esker oberik 
 
ote dezake munduak. 
 
  
 
Bertsolaritza doaiaz gaindi 
 
gizatasun aundikua, 
 
neurri berakin neurritzen zindun 
 
zeu eta zeure urkua. 
 
Biotza zabal, fedean sendo 
 
gorrotorik gabekua, 
 
ainbat alditan aipatu eta 
 
goretsi zendun Jainkua, 
 
atseden gelan eman deizula 
 
betiko eser-lekua. 
 
  
 
Sentimenezko itz bakar auek 
 
zuri esateko agur, 
 
Oh! Uztapide zure oroitzaz 
 
ez gera aztuko samur. 
 
Goierrin lagun asko dituzu 
 
aiek esan didate gaur, 
 
zure obira urreratuta 
 
opaltzeko buru-makur, 
 
Aizkor ondoko elorri lorak 
 
eta eskutatxo bat lur. 
 
  
 
              
              |