|  
              
               
  
 
Oroi eta omenaldi 
 
  
 
Egaña'tar Gotzon 
 
  
 
AGOTE'TAR EMILIO zanari, maitasun-oroiz 
 
aren lenengo eriotz-urteurrenean 
 
  
 
Iraillak emeretzi. 
 
Eguzki eder ori, dana txinpart, dana argi, 
 
igandez ipain-apain zaigu jantzi. 
 
Egunaren sorreratik, 
 
mendira noa ego-aizez, 
 
gaillurrez-gaillur, gora ta bera, 
 
lagunarekin alkartu-irritsez. 
 
Adiskide, nun zera? 
 
Agurka ari zaizkit garoak 
 
ta garo-biltzailleak. 
 
Txilin-txilinka kanpai-loretxoak 
 
ta irri-keiñuka 
 
txaraka tarteko ur-xirripa marmarati 
 
ta goroldio ezeak. 
 
Ixil-mixilka danak zera diote: 
 
Zer gerta, zer ote? 
 
Galdu zaigula, 
 
begiz aienatu, Emilio Agote! 
 
Ikusi ez degula, urte-kurpilla gaur da bete. 
 
Aberria, biotzean gaiñezka, ekiñez ta kantuz, 
 
ain barrendik bizi ziguna, 
 
espetxeak ezagutuz, 
 
ain gizon oso ta jeltzale kutuna, 
 
gure arteko danok 
 
ain begiko genduna, 
 
ai Jainko maite, Emilio nun ote? 
 
  
 
Eguerdian Gaztelu'ra. Menditxo auxe ere, 
 
biotzez maite bait-zuan gajoak. 
 
Matxo'tik deika, garraxika 
 
ari natzaio kresal arro-zabalari: 
 
Itxasoooooooo! ! ! 
 
Ango zarata, oiartzun eta orro. 
 
Olatuok, ixoooooooo!!! 
 
Itxas-aparrak: 
 
Emilio emen ere ez dago! 
 
Aren batela, «Urgull» liraiña 
 
kaiean ikusi degu, ur baretan lo. 
 
  
 
Arratsaldez Txoko Zarrera. 
 
Ez dauka onek, tamalez, 
 
garai bateko tajuera! 
 
An-emen nabil, galdezka, urduri ta bipil, 
 
tabernaz-taberna, kaletan barrena: 
 
Nun da gure Emilio? 
 
Aren lengo lan-toki, edaska, 
 
kai-kalean zeuk ikusi. 
 
Ua kanta-kabi ta lagunarte goxo! 
 
Ainbeste ixil-asmo aberkoiren lekua, 
 
gaur, Alde Zarreko 
 
lengo giro goxoarekin batera 
 
zearo aldatua, narraxtua, ortxe da. 
 
Emilio'ren aztarnarik ere, ez ordea. 
 
  
 
Gaua. Laiño tarteko izarrez 
 
zaigu zipriztindu zerua.
 
Danak irripartsu, keiñulari, gozatsu. 
 
Ta oiek, zerbait ba'lekite? 
 
Aizueeeeeeeee?!!! 
 
Emilio zuekin al dezueeeeeeee!!! 
 
Odeitxo bat urra zaigu 
 
ta orra leio-gisa, argitsu zabaldu. 
 
Ta bertan, zenbat aurpegi ezagun, 
 
poz-jario azaldu: 
 
Beltxa, Xabier Tolare, Andonegi, 
 
Abando'ko Sabin, Agirre lendakari, 
 
izen-abizenak ematen segi... 
 
Ona galdera berriturik: 
 
Agian, Emilio tarteko al dezute? 
 
Bai! Guk deiturik etorri zala 
 
ba'da urtebete. 
 
Ta bai azkar iritxi lurretik 
 
zuetako iñori agur egiteko 
 
izan gabe astirik. 
 
 
 
Jai-eratzaille bat bear gendun, 
 
ta Amara'ko Batxoki'tik, berbera etorririk 
 
zintzo erantzun zigun. 
 
Euskal jai ta erromerik 
 
zeru bikain ontan ditu eratzen. 
 
Orain or barruan ari zaigu mai-inguru bat gertatzen. 
 
Gai bakarra: «Euzkadi nola indartu» 
 
ta Emilio degu mai-buru. 
 
  
 
Zeru urdiñean, pakez kantuan, poz ta atsegiña! 
 
Euskal Aberrian, bat gutxiagoz, utsune samiña. 
 
Txuka ditzagun begi malkoztuak 
 
Goruntz jasoaz biotz fedeztuak. 
 
  
 
              
              |