|  
              
               
  
 
Kilker-kanta 
 
Mendi-lore, Andre Mariari 
 
  
 
Goikoetxea'tar Iñaki 
 
  
 
Kilker soinu motela, 
 
ama, eder zaizu? 
 
Ala bada Kilker au 
 
kantuz datorkizu. 
 
  
 
Eguzkia goi dago 
 
ta landa loretsu. 
 
Ama, nola isildu 
 
ez bait dago itsu? 
 
  
 
Zure lore zelaian 
 
egin dut zuloa. 
 
Estua bada ere 
 
niretzat naikoa. 
 
  
 
Euki beza karnabak 
 
kaiol urrezkoa. 
 
Nitzat askatasuna 
 
da maiteagoa. 
 
  
 
Nire zulo aurrean 
 
loretxo bat daukat. 
 
Menditarra da baina 
 
ederrena nitzat. 
 
  
 
Eguzkiak mendia 
 
dauka seaskatzat, 
 
eta zoragarri da 
 
begi-ninientzat. 
 
  
 
Zozoak kanta beza 
 
Eguzki Altsua, 
 
lorearentzat nire 
 
danbolin soinua. 
 
  
 
Zozoak bai ederki 
 
jotzen du txistua, 
 
baina ulert-ezina 
 
zait aren kantua. 
 
  
 
«Aspergarri aiz, Kilker, 
 
beti bat kantari» 
 
esan zidan bein zozo 
 
arroputzak niri, 
 
«ikas ezak nigandik, 
 
ni bai txistulari: 
 
Nik jo ta lore denak 
 
ezpata-dantzari». 
 
  
 
Iturritxo, elorri, 
 
 landetako erle, 
 
ta zu etxe aurreko 
 
kamamila lore, 
 
gogaikarri ote naiz 
 
zuentzako ere? 
 
Buruei eraginez 
 
ezetz diozue. 
 
  
 
Ene, kamamil lore, 
 
eder ta txikina, 
 
erleak zure eztitan 
 
a! zer atsegina. 
 
Aizez zabaltzen duzu 
 
zure usain fina. 
 
Zuri nire ego-kantak 
 
loretxo liraina. 
 
  
 
Sugeak ikusi du 
 
zozo arroputza, 
 
ta bertan josi dio 
 
pozoidun orratza. 
 
Zozoak begietan 
 
orain sorgin-dantza. 
 
Sugearen eztenaz 
 
laster eriotza. 
 
  
 
Ni ere Eguzki jaunak 
 
txoratu nau dena, 
 
ta abesten ematen dut 
 
aspertzeke eguna. 
 
Jaun Eguzkiak dauka 
 
errurik geiena, 
 
baita zuk be, Kamamil, 
 
loretxo maitena. 
 
  
 
Nire Kilker-kantua 
 
Ama, atsegin zaizu? 
 
Zeru irriparrean 
 
baietz diostazu. 
 
Egia aitortzen badut 
 
parka egidazu: 
 
zuk be nire antzera 
 
mendi-usain duzu. 
 
  
 
              
              |