Itz txorta
Mendieta
HIZKUNTZA
Izadi, gizona ta izkuntza.
Iru dira batean.
Lokatz ta lore maitasun dira
ezbardintasun berean.
Intza zelaietan zidarra da.
Eguzkia belarretan urre.
Gabaz intz eta eguzkia asarre
egunez izadiaren gurre.
Gizona izketan ari da dardar.
Zerua gabez intz biurturik,
ez dau nai eguzkia besterik
egubez maitasun uts eginik.
Izadia, gizona ta izkuntza.
Apala, jakituria ta itza.
ITZA
Itza ez da arri bola sendoa.
Ez da burdiñaren burdin.
Ugerrik ez dau agoan
irriparre ustelekin.
Illargia itz motela da
zorgin gabean dantzari,
kulunkan illargi otza
illunez eguzki adi.
Eguzkia itz beroa da.
Itz ta izarra maite dira.
Itzaren dirdaitasuna
garbi doa eguzkira.
Ur garbia itz leiarra da.
Urak gorputza argitzen.
Itzak garezur barruan
kirioak margoztuten.
MINTZAIRA
Euskal mintzaira garbia
euskaldun gizonen leia,
buru biotz orrek dira
Euzkadiko arrobia.
Euskal mintzaira leiarra,
liriozko itzak dituzu,
ega zurizko euskera
izkuntz bakarra zara zu.
Euskaldun biotzak odol
maitasun gorri gorria,
euskal buruak edurra
larros bezela zuria.
Maitasunak on dario
euskaldunen biotzari,
mintzairak zuzena izketan
damotso aberriari.
IZKETA
Lurrari arnas dario.
Arkaitzari ur garbia
gauero urdin garbian
zurbil doa illargia.
Baso lurruna datorkit
goizez mendi barrenetik
ota ezea loratzen
t'erleak euren gañetik.
Eguzkia dago goian
mun bana lore guztiei
eguzkia bero dator
bizia damotse lorei.
Larrosak maitea dake
odol gorri biurturik,
eguzkia ta larrosa
urrezko suaz bizturik.
ITZ USAIA
Olerkia dago goian.
Egaz dabil urdin urdin.
Aizea daukat barnean
olerki eginik armin.
Gizona, pizti, zomorroak,
udako jantzita doaz,
gizona praka laburrez
bularreko zorionaz.
Piztiak dizdiz izletan
zurrunbaka eta narraz,
euren aberri eguna
ospatutzeko asmoaz.
Piztia eguzkira adi
maitasunezko itzetan,
izarra iruntsiko leuke
argitasunez izletan.
ITZ AULA
Nere itz aula burdin biur adi.
Ez aiz gizon ta oraindik.
Euskalerria lotsa dok igaz,
ain makala izategatik.
Nere itz billotsa, apaindu adi,
Andera ain ederra...
Aberria ain dok zorakorra
ta nere itza ain baldarra.
Nere itzaren ezjakintasuna...
Izar guztiak ba-nitu...
giza barne il au argitzen
nai zindukedaz argitu.
Jakituria artzen dodanean,
o Euskalerri nerea...
itz guztia eskeiniko deutsut
odol gorriaz betea.
NAI
Itzak zabaldu nai zun
udabarri bezela,
larrosa zuria.
Lurra ernai egoan,
baña lupuak ebiltzan
jan ta jan orria.
Itza lotuta egon
ezpataz ta edenez
gorroto azpian;
zuzenaren ederra
zuzengabekeriak
eukan il zorian.
Akerrak edena zun
burdiñazko eskuan
ta agin baltzetan,
Itza ezin zabaldu
udaberri bezela
biotz negarretan.
ZUGATZA
Zugatzak orbiztuten.
Enborraren guriña
edur zurituten.
Umeak amesetan
txorien egazetan
biotz gorituten.
Tori, itzai egiozu.
Eguzkiaren antzez
urretxindorra da.
Udabarri laztana
abestiz datorkigu
leiak eraginda.
Zugatzak orbiztuten
udabarriak eraginda
umearen pozez.
Bizia dator parrez,
urretxindorra kantuz
umearen gosez.
ZUGATZA
Gernikaren zugatza
udabarri biur da
eusko gizonentzat.
Aberria. Zugatza
itzetan poztu dira.
Ar zure loratzat.
Erriak bizi nai du.
Zezenak joan ziran.
Ez da nai odolik.
Betoz seme barriak
zugatzaren orriak
orbanik gaberik.
Gernikaren zugatza
eusko biziz jantzi da
seme biotzetan.
Aberria eta gu
odolez poztu gara
euskal zelaietan.
MENDI ERPIÑEAN
Euzkadi, entzun zazu.
Euskotarren galdea
oiuka jabiltzu.
Leoi garrez bezela
erria zartatu da
zauritan odoltsu.
Egiaren bizia
Aberri biurtu da
mendi erpiñean.
Askatasun izarra
biotzetan sua da
itxaropenean.
Euzkadi, entzun zazu:
sumenditik urten dau
zure gizadiak.
Leoi garrez bizi da.
Erria zartatu da
odolez gorritsu.
MAILU OTSA
Izketan ari dira
Eguzki ta zugatza
sua ta lur otza.
Belarri gabeak bi.
Ortzian su gorria
lurrez mailu otsa.
Argia dator goitik.
Ortzia da zabalik
goiko leza andian.
Zerua utsitu da
izarrak bilin-bolan
lurrera jausirik.
Gernikako zugatza
euskaldunen arnasa
izarretan dabil.
Ortzian su gorria
lurrean mailu otsa
Gernika ez da il.
GORROTO
Munduaren guzurrak
aragia zartatuta
odol garrazitan.
Miña dario aitzak,
odol jario lurrak
gorroto bizitan:
Iru gizon etsaizko,
zer txar egin duzute
Euzkadiren aurka...?
Iru gizon etsaizko
zergatik il dozue
lotsatuz Gernika...?
Zurea al da bizia
gizona zapaltzeko
bizitza legian?
Miña dario aitzak,
odol jario lurrak
gorroto bizian.
|