Biziaren arian
Angel Bidaguren
Bizia zer dan?
Zorion taldeen lauoinka
Asierakoa
Ildo naroan urre-itxaroen txinpartak
erein ditu, gozo betean, nekazariak
t'etxondoko arlo nagusian argi puntak
berde ori agiri dauz, or emen, gariak.
Maitasunaren santutegian arrabitak
joten jabilkuz odol biren ametz zuriak
t'oge doneko eresien grazi zurixtak
lore egin ditu arima biren mirariak.
Solo berde egin da maitasunaren azia,
lau besoren azaro garbi eta doneak
ernamindu dauan garitzarik ederrena.
Garatu da maitaleen itxaro bizia,
argi zorabioz betez zeruko bideak
aspaldi bai baita leio zabal udalena.
Udabarrikoa
Udabarriaren erasoak ba daroa
pauso txiki berderik berde gora garia,
gunik-gun jabilko biziaren jai eroa
aizeño emeen maite uyolez garria.
Bai eder dizdira muskerren katu-aroa,
gazteentzat udalenak dakarren saria.
Gure mutikoak aspaldi gizon osoa
ba daki nundik dan goiz barrien ataria.
Aize orlegien putz sorgiñak zibu-zabu
darabiz etxondoko garitza burutuak,
bitxi-mantu irudi eguzki agurrera.
Seme lerdenak tinko bi erroak lurrera
ta ogei udabarri berdeen balakuak
amets daragitzoz ainbat urrez bete buru.
Udakoa
Ausbizi dirudie soloko zokondoak,
kalda-aroa da ta eguzkia su-gori.
Krak-krak garitzak noiz lertuko buru umoak,
galduko ete bildurrez ainbat urre gorri.
Berein udate bedeinkatu gazte sendoak;
amets muskerra zana egin da egi ori.
Neskuts batek eta biak landuko ildoak
biur jakoz frutu gurenen luberri jori.
Gariak makur deutso itaiari burua;
ugazabak ixotuko urunen argia
eguerdiko maien erdirako dizdizena.
Ba joaku uda maastietan galdua,
urrez betez gero gure lanaren egia,
ardo mozkorrentzat utziz ondakin onena.
Udagoiengoa
Egin dau, ixilik, masparrera udazkenak,
urre t'eztiz bete dakar lepoko zorroa,
aize epelez igurtzi dauz maatsen ayenak,
gozo mozkorrez, dirdir agiri dan mordoa.
Pozarren dabil utziz zorrokorik onenak
ta urrez betez biderik bideko osoa,
kolkoan jabilkoz durrundi ori ozenak
t'odolean aize epelen eragin gozoa.
Aizeak noizbenka lurrera ori zimelak,
makaldua baita, nunbait, enborraren guna.
Etxeko nagusiarenak adar barriak
aspaldi sortuak ditu ta negu itzelak
ez dau agortuko bere odolen emona.
Ba ditu ba gerorako ere txirlarriak.
Negukoa
Lei-aizeen talde izoztuak etor dira
iñork ez daki nungo bide zearretatik.
Agertu da negua otzez kikil-kikilik
maluta mantuetan bildura Oiz mendira.
Sutondoan dago attitte ixil-ixilik
arte-mukur lodiaren txinparten begira.
Berez-berez, su-malko bakoitzaren argira
gau urdin bat jatorko ametsetan bil-bilik.
Ardo zarrak berotu daroatso biotza,
mukurari darion suak azurren otza,
baña; nork berbiztuko mosu illen oztiña?
Oi negu gaizto! biziaren azken txatala,
amarruz dakarzu zuk beti oben zitala,
zuriz kukutuz zeure birjintasun zikiña.
Amaierakoa
Arrats beera laburretan argi motela
ibai ixilean apurka doan bezela
noa ni be, ori zimel, argiño laburra,
urte moltzoen ubide tristeko apurra.
Agoan daroat tristura illen agurra
ta milla egun gozoren gomuta samurra.
Banoa ertzetan utziz samiñen orbela,
dazdatuz eguzkiaren ondakin epela.
Gero, amen baten izanen oroitza astua,
bilobatxoek be galduko attitterena.
Zenbat besarkada heroz anima enea!
Baña; ur-oro ibilko nire espiritua,
olatuen apar, naiz iturriko gardena,
tangadaka neureentzat ixuri donea.
|