Añoberoz, artzain ona
Paulin
Betorkit goi arrasa
artzaiaren argiaz
burua argitzera;
betorkit goi arnasa
Gotzaiaren odolaz
nirea indartzera.
Artzaiaren oldea
burdin antzez egoan
artzaigo arloan;
zelaiak, janariak,
ardiak ta bildotzak
gozartuz gogoan.
Ardien janaria
gurin ikusiko dau
zelai orlegian;
bazka osasuntsua
eskeiniko dautse
bildotsei larrean.
Artzain eta artzaiñora
euskal lurrean dabiltz
arriskuz josita;
mendiak latzak dira,
ta zelatari dabiltz
artzak etsaituta.
Bildots errugabea
otso artean legez
dabil artzain ona;
gogoen janaria
egia dau miñean;
itzik argiena.
Ardiak gose dira,
zuzentasun egarri,
kurutza bidean;
eguzkia zerutik
argitzen doa lurra
artzain elburuan.
Gizontasun erio,
sinismenaren garra
alkar maite dira;
artzaiaren makillak,
ontasunez, daroaz
ardiak larrara.
Ardiak maite dabe
artzaiaren abotsa,
zuzen, egizkoa;
artzaiak maite ditu
ardi eta bildotsak:
ontasun osoa.
Artzain bat, artalde bat,
alkartuta dabiltzaz
amets bardiñagaz;
poza dario itzari,
maitea biotzari,
zoriontasunaz.
Leialtasun ikurra
odol eta aragi
biurtuta eukan;
erruz, ezin eikean
zintzotasuna urratu
egizko burrukan.
Ontasunetik dator,
zugatzaren lorea,
otseindu bearra;
zure izate guztia
on eiñez urtzen zan;
oro maite garra.
Egia bakarra da,
izarraren diztiraz
gizadia argitzen;
gaiztasunetan, sendo,
beartsuaren alde
jun ziñan laguntzen.
|