Naturaren iraulia
Abel Enbeita
Ez dakit zeinen eskutik,
batzuk diote zerutik
ez baitut ulertzen tutik,
mundu haundi hau sortu omen zen
ezer ez zegon lekutik
milaka urte ordutik
nahiz izan tarte arruntik
oraindik da erdi zutik.
Mendi edo itsasoa
basamortu ta basoa
dena ederki jasoa
izakietan elkarganako
maitasunaren gozoa,
bildotsak maite otsoa,
zein bizitza erosoa...
Hura bai paradisoa!
Mundu eder ta gastea,
osotasunez askea,
irauli zaigu tristea
bi abere fin azaldu ziran:
Adan eta emaztea,
horra sortu zen nahastea,
gorroto eta pestea
gaurdainoko desastrea.
Nahiz gure «Natura» amak
bideak zuzen emanak,
laister heldu ziran lanak;
odol egarriz sortu zituzten b
ihotzik gabeko armak,
hauen truke gora famak,
herrian gerraren dramak
«Naturaren» kontra danak
Berez garbia zen soina,
nun jartzen diguten oina
bihurtzen dute pozoina,
Lemoizkoa geldiarazi
eta isildu zen baina,
oraindik bada zizaina,
nornahi astintzeko haina:
hara hor martxan Garoina.
Bankeru edo militar,
paparretan zenbat izar,
armetan fama ta indar;
hauen gustoak herriarentzat
desgrazirik aski dakar.
Hara hor nun entzun behar,
laister nahi digutela har,
«Aireportutzat» Aralar.
Paradisoko baratza
gaur zikina ta kiratsa,
hau konpondu ezin latza...!
Lehen zelai eder, orain fabrikak
nunnahi dizkigute altsa,
zeru zapaian ke baltza,
diruduna aberatsa,
uler ezineko saltsa.
Munduaren ondamena
guganaino heldu dena,
ez al du ematen pena
Mendi gainean zuhaitzen ordez
burnia edo antena,
indarrez lortu dutena,
armoniaren etena...
Noiz behar dugu kondena...?
|