L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1992-1993 (1993) —Hurrengo artikulua







 

 

Seme itoa

(Bakar-izketa)

 

S.O.

 

I

 

Ire aurrera naiatork gaur ere. Baiña, ai! ez leen baizen umore biziko: igaz aspertua nator. Ez naiatork maite-kantak ots-egiten, eta bai sumindurik, neure barruko naigabea iri erakustera, iri arpegira botatera neure samintasun ezin-eroana iri edatera. Leen bai, itsaso!, i goratzea noian eder; gaur, ez! Leen argitsu neukan zeru zabala, asarrezko laiño baltzez bete jatak buru-itzul batean.

        Ez, itsaso!, igaz ez joat artu-emonik gura. Azpitik, doillor eta saltzaille, jokatzen dakik. Ire bizkar-gain ibillia nok txo nintzanetik; beti ire lagun zintzo, kutun. Ni neure ontzitxoan; i beti billosik, kresak bizi; ni, egia, zurezko oskol barruan, ire lepo-gain beti dantzari. Maitale bi gintzoazan, i urrezko printzez niri begiak lausotzen, eta ni lepoa iri samurkiro laztantzen. Gau ta egun maitale, txera ta esku-atseginka alkarri poza emoten.

        Baiña maitale zuri-galdua aiz, azpi-jale, itz ustela. Ez noan olakorik uste; ez, itsaso gaizto! Erlabio antzera, uste gabean dakik biotza ziztatu ta odoltzen. Zer uste dok, zital orrek? Olan ondatu daroak uste ona? Nork emona dok olako azikera? Nabarmena alakoa!

        Beraz, gaur-gero ez joat, zakar ori!, geiago kantarik, ez joat iretzat maitezko itzik, ez bertso gozorik. Oraintsu arte, Kantauri! aundi, munduan bateko, ezin bikaiñagoa intzan niretzat, poetarik aundienak aspaldidanik abestu izan joenez. Iñoiz idatzi joazak i goratuz gertso sentikor gartsuak, baita labur doilutsuak ere. Aurrerantzean ez dok izango, nik eskeiñita, olako emoitzik. Ez, ez dok merezi iñork i goratzerik ez bertsotan ez itz-askatuz. Ez aiz nire gomutaren duin. Begitan artu aut, gorroto emoten dauskat. Madarikatua aiz!

 

 

II

 

Eure zabal-sakonean gose aizala dirudik. Nire semea —eder, maite, beargiña— euk iruntsi dok. Gose ori, zabaldi galanta euretzat edukita ere, ur gazi artean daukakan tripa-zorri ori ezin beterik ago, itxura danez. Zertako ori? Zergaitik aukera dok nire seme laztana, eure asegarri? Ez al dozak or, zabaldian, konta ezin ala piztitzar, mamu, arrain-mota, maskor eta bedar-lege?

        Arri ta zur egiñik gaiagozak ire iruntsi bearra ikusiz. Lur-zati aundiagoak eta lur-jente geiago bear ete dozak? Bizi garean borobil ontan, ez ete aiz eu lautik iru? Oindiño ez al aiz aundi, gizaseme, ondasun eta aginte geiagoren naiez ain suar ibilteko? Zergaitik, apetak joa? Lartxo ez ele? O ire orru, janbear eta nekeak!

        Leenago atsegin jatan emen, iri begira, ordu luzeak emotea. Orain ez, nazka dakarstak orain. Alan be, iregana etorri nok eta ementxe naukak adi-adi, molle gaiñean, mokor onetan tente. I, ezer gerta ezpalitzok lez, or abil zabu-zabuka betiko antzera, mamu ezin-egona, ardurarik ezean. Zantar!, ezin aut eroan, min damostak, erdizkamu, atzerakuntza ta griñik-ez origaitik. Leen on-eritxia neuan, arridura, ederrespena. Baiña guztia itzali zoan, goiz-izarraren diztira itzaltzen dan eran.

        Alai bizi dira etxean senar-emazteak. Baita ni ere ire altzoan, goizetik gabera arrantzuan. Maiteminduak pozik pagopean alkar mosukatzen; nik ere bardin gozo ta ezti somatzen ire bizkarraren ikutua, ainbat eta ainbat urtetan, neure semearekin batean: albako kanpai-otsa entzunaz, iregana gentozan geure potik txiki dantzarian. Eta egun osoan, ire orru, intziri gorde ta txipli-txapla eztiak ezpiritu barruan gozatzen euskuen. Orduan, ez, ire noiztik-beinko murruza gaiztoak ere ez jakuzan gogaikarri: aita-semeen arteko bai-ezta ta matrakalak zirudien.

 

 

III

 

Gaur ez da bardintsu. Argi dago! Semea iruntsi eustanetik gordin orrek, izu-ikaraz naukak. Ez nok ausartzen ire bizkar-gain ibilten: bein maltzur jokatzen dauanak, bigarrenez ere jokatu leikelakoan naiagok. Gose nok —ire antzera bear bada?—, baiña ez naz gauza ire besoetara jasteko, eta ementxe nago iri begira, adi-adi; ez gero i miresten, i madarikatu nairik baiño. Erruki akik, or jaukak familia, emaztea ta seme-alabak; gosez eurak ere, ireganako gorrotoz gaiñera, onaiño urreratzeko adore barik. O itsaso!, itsaso! Leen eder, orain iguingarri! Erruki adi; sar egik gugan leen bezela uste onaren su eskertsua.

        Tximiñoitan zan gure arazoa, ba-dakik. Potin oskol batean genbiltzozan aspertu bage. Ez gintzazan orreek ontzi aundiak legez, ur ta urrun, ire sabeleko frutu oparoa osorik arrapa naiean. Gu apalagoak gozak, ire adiskide ta lagun. Lurra landuz eskuratzen joek janaria baserritarrak; orobat guk ere, iri bakartadean lagun egiñik, eure zerbait geuretzat jaso. Jakin egik: ur-masa ikaragarria izanagaitik, Jainkoak geure zerbitzurako ipiñitakoa aiz gero! Jakin egik, bai!

        Egia autortzeko, i ez aiz zekena euskal erriararentzat; ire barrutitik joagu jatekoa askok eta askok. Baiña zintzur-zuloak aunditzen atazanean, ikara sartzen dok zur-gunetaraiño. Sarri dituguk ikusi untzi-pilloak askol irudi ire bizkar-gain dantzari, baita iñoizka ire errai irakiñetan pulunpaka mustegin eta ondaratzen ere. Olan maiz ipiñi dituk euskal familiak naigabe bizitan. Zergaitik ori? Errazoi bakoa dirudik sarri eure jokabide zoroaz. Sumindua ago, itxura baten, lurrak esitzen aualako; naiz-ta bits zurizkazko meta ikaragarriak arkaitzen kontra ta ondartza zabaletara bialdu, eziña jak aurrera egitea. Origaitik edo, ire orru-purrustadak?

 

 

IV

 

Nire oiuak gora doaz, neure semearen eriotza negartuz. Latza dok nire aoko otsa, garraxia, ire biotza ikaratu nairik jalgi-azoa. Ain neban mate! Ona etortean uste neban, nire kezkak entzunaz, ire barrua bigundu zala, baiña ikusten dodanez, bardin jarraitzen dok goibel, anbrotsu, malkarra baizen latz. Negar-anpulu lodiak datorkidaz matrail-beera. Eta iri zer? Gaba tez its biurtu jatak arimea, baiña iri zer? Nik, alan be, uste joat nire semeak aditzen ditula nik orain egotzitako ai-otsak.

        Ik egindako ezbear izugarriaren ostean, itsasotik, nasa ertzetik zear, buru-makur ta biotz-erre, etxera nintzoanean, amak itandu eustan: «eta semea?» Ni triste ikusirik, zerbaiten susmoa eukan. Ez nekian zer esan, ez neukan itzik aoan. Azken baten bota naioan: «ltsasoak iruntsi dau!» Oso-osorik laru jarri jakon arpegia, samintasunezko garraxi itzala emonik; atzera egin joan ekatxa eltzean itargi sasi-malkoz arpegia ostenduta agiri oi danez. Eskutik oratu ta alboko aurkian jezarri-azo neban. Zoratua lez egoan gaixoa. Bion zati zan semea! Orduetan ere negar-malkoz galdostuta eukazan begiak. Ezin etsi! Gaixoa! Anaiarreben begiak bardin, negar-uiol ziran, euren biotz leartuak asazkatu ta usturik. Arrezkero, gurean, etxakik iñork poza zer danik.

        Errian lagun asko zituan arek, gure seme maiteak. Orain ez da gaixoa, ez da bizi, illen erreiñuko dok, eure erruz... A billatzen joek lagunak igandez, baiña a, leen alaikor ebillena, orain ez dok agertzen zumardian, ez kalean, ez ondartzan. «Maite genduan!», diñoe neskatxak; eta mutillak, gazte lagunak: «Gure gidari zan!» Eta orain ez da, ez da gure aldrako. Lagun maitea! Igande arratsaldetako poza! Ez, ez dabe geiago gazte areek euren lagun jatorra.

 

 

V

 

 

Ai, itsaso! Esango ete joat, zelan izan zan gauzea? Gogor jatak, baiña beioa ta jakin begie ire bizkar dabiltzanak, irekin kontuz ibilli daitezan irekiko artu-emon arriskutsuetan. Goiz ta arratsalde, gu ire landara joan oi gaituk jateko billa. Etzan zaarra, ba dakik, gure seme Txomin; ogeitairu urte doi-doi. Ni, ondo dakik, aspaldiko urteetan ikusi nok, Kantauri!, eure ur-gaiñez, ementxe leor-ertz inguruan, leorretik geiegi urrindu bage; beti leial eta zintzo, eure kutun, nik uste. Eta Txomin ere, neure seme laztana, eskola pizkat ikasi ondoren, bederatzi urtegaz asi zan neugaz lanean, amu ta sare kontuan. Mordoa gintzoazan etxean, eta jakiña! Atsegin jakon kresal arteko lana; bai, deiera tez eban ire altzoko bizibidea!

        Ut! alperreko berbak. Ez jautsat ezer kendu ez ipiñi gura, artobero usaiña nazkagarri jatak eta. Amairu unte egin joazan neugaz, irekin adiskide min. Egin eteoka egundo azpi-jokoren bat azala urraturik? Etxuat uste. Ik, beraz, zerk jota egin dok egin dokana? Zergaitik iruntsi daustak semea? Neure seme maite, leial ta zintzoa?

        Eguen arratsaldean, bazkalduta gero, nasa barrutik atera genduan geure potintxoa ta jo genduan arkaitz osteko ur-ezpondara, betiko lekura. Naiz-ta bildurti, ta uxarka ta betuxuak izan, beti ez baiña, geienez beintzat, naiko jausi oi dituk gure eskuetan. Ortxe, arkaitz zilbor-zorrotz orren ondoan genbiltzan a ta biok egatxibitan. Auxe izan dok, ba-dakik, gure eguneroko eginkizuna egatxibiak, tximiñoiak artu. Eta onako baten, gu konturatu barik, ik bialdutako olatu mando bat gain etorri jakun, zirimol izugarriaz naste. Zinglea izanik gure potiña, laster murgildu zan urpean, gu biok be beragaz batera, urpez urpe, urriñera eroanaz.

        Zorigaitz itzala, ba-dakik! Txomin gaixoak, ire sabei zakarretik urten-naiez uger egiterakoan, alboko arkatz-puntea jo eban buruaz, konorte bage geraturik... Zurrunbilloak eraginda joan nintzakoan, laguntza eskintzera; baiña orduko, ni ara orduko, «Aita, aita!» esanik urperatu jalan gaixoa. Ez neban ezer egin al izan! Ni igeri ta a urpera... Eziñaren garratza! Lertu-bearrez naukan biotza. Iru, lau, amar bider dei egin neutsan arren, semeak ez eban urrean nire deadar-otsik entzuten. Konorte barik, illa ziur asko, ezponda barruan... Ibilli nintzoan, bada-ezpadan, billa, baiña alperrik. Etsita, «Agur, seme, seme maite!», esan neutsan. Ondoren: «Agur, baita, ene txibi-potin zar!». Biak ondatu jatazan osin baltz artako zurrunbilloan. Ire zintzur gosetiaren asegarri biak. Nik gero, austua, uger jo naioan, ba-dakik, mollera.

        Txomin gaixoa! Ene seme leial! Aren gomutaz, ez joat aurrerantzean ire bizkar ibilli gura, arrisku ta oztopoz inguratua. Esaera zaarrak diño: «Bat dagianak...» Alan be, erruki adi nitaz eta nire sendikoakaz. Geure itsasoa aiz, Kantauri! Ez gagizak zurtz itxi ogi-bidean. Ez adi gurekin biotz-gogor izan. Iñoiz, damuturik, iregana biurtu ba'gagiz, ar gagizak txeraz. Ez bedi gure ortzia izar bage aurki!

        Aita nok seme urpean itoarena!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.