1940-ko gerla...
Batixta Borthiry-Salla
1
Himeretzü ehün eta berrogei gerren urthia,
Alemaniako armadak garhaitü dü Frantzia;
Hunki gabe ützi balü gure Eüskal Herria,
Nik enian phentsatüko berset hoien huntzia.
2
Zorthe gaitza Frantziako popüliarentako,
Bi miliu presu, eta bestiak esklabo;
Haien gaiñen ezdüt nahi deüsik erran haboro,
Libro-ago ... (1)
3
Nik entzüten düt erraiten gerla dela galdürik,
Bestek erran nahi die gü girela saldürik;
Tratü horren egiteko araus ezta gizunik,
Nula nahi izan dadin, guretzat ez deüs hunik.
4
Jüstizia galtho dago Frantziako jentia,
Sü-garretan dela dio ogendanten lekhia;
Tribünalak balü ere hentzat indüljentzia,
Jaunen Jaunak eginen dü azken jüjamentia.
5
Beste ororen gaiñetik hau da tristegarria,
Bi phartetan ezaririk Eüskal Herri maitia;
Sor lekhilat juaiteko zerratürik bidia,
Gaiaz ere ametsetan han düt phentsamentia.
6
Diala hogei ta bost urthe, gazte nintzan ordian,
Zunbait berset huntü nian presu Alemanian;
Hoik ere huntzen dütüt kasi planta berxian,
Minizatzera ez haizü, eta gosia sabelian.
7
Gai-aiñhera, abilua Alemanen gaiñeti,
Erran ezak Ziberuan hebenko zerbait berri;
Kuntsertatzen ahal bahiz ene adixkideki,
Jakin ere nahi nikek han direnez hobeki.
8
Lürrez hor Alemania, Angleterra huretan,
Orotako azkarrenak dira erresumetan;
Urgülliak erhotürik bat bada gizunetan,
Oihüz dio ari dela mündiaren hunetan.
9
Tuloneko mariñelak, orai zier uhure,
Amiralaren ordria hola ezpazen ere,
«Boche»-r ützi nahi gabez ehün untzi hoik ere,
Biba, ziek dotüzie denak hurpian gorde...
(1) Herroka hau kaier zolan deseginik da.
|