L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-10 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Idazleen II Ihardunaldiak - Encontros - Encontres

 

A. Abrisketa

 

                                        Diferentes son os homes e diferentes as falas,

                                        mais conviron moitos nomes nun soio amor.

 

                                        Diversos són els homes i diverses les parles,

                                        i han convingut molts noms a un sol amor.

 

                                        Orotarik dira gizonak eta orotarik mintzairak,

                                        baina maitasun soilean izen asko bildu dira.

 

                                                                                             (S. Espriu)

 

Urrun geratzen da urriko lehen asteburua eta Donostiako Galiziar, Kataluindar eta Euskaldun Idazleen II. Ihardunaldiak oihartzun amatatu batean geratu dira ere, topaketa horietan azalduriko lan eta txostenen argitaratzearen zain. Hiru idazle elkarteok joan zen urtez Pobleten izenpeturiko manifestuaren ondoren ihardunaldi hauek ba zuten kontsolidazio asmo bat batetik, eta Europako beste hizkuntza minorizatuei ere ateak zabaltze nahi bat bestetik.

        Ba zen baita ere ikerketarako proposatzen zen gai nagusi bikoitz bat. Batetik, Madrileko Parlamenduan beharbada urrengo legedian eztabaidatuko den Jabego Intelektualaren Legea, eta bestetik, administrazioarekiko harremanak.

 

Jabego Intelektualaren Legea

        Txosten desberdinak irakurri baldin baziren ere, ultraorganizazio bategatik, eta erdara ez erabiltzeko borondate gehiegizko bategatik, azkenean, arazo honi buruzko eztabaidarik apenas geratu zen, ihardunaldi guztietan ere eztabaidarik izan ez zenez.

        Txosten guztiak aurretiaz zirenez, eta aurretiaz izateaz aparte, itzulita ere ba zeudenez hizkuntza bakoitzetara, azkenean, esaten genuenez, mundu guztiak ba zekien bakoitzak zer zioen, eta ez zen beharrezko egiten irakurketan present egoterik.

        Euskaldunek, txarka ere, katalan eta gailegoek zer esaten zuten ulertzeko gai ziren gutxi asko, baina ez alderantziz, eta gaztelaniaren erabilera galeraztea nahi zenez, azkenean, irakurketa monologatuen bilduma bat bilakatu zen kongresua.

        Arazo honetan fundamentalistegiak izateak ba zituen berriz begibistako kontradizio ezkutaezinak. Mahaiak, galderak idatziz jasorik, hizkuntza desberdinetara itzultzeko gaztelania erabiltzen zuen, eta bestalde jendeak, talde desberdinetako jendeak gaztelania erabiltzen zuen bat ere prolemarik gabe.

        Labur aipatu behar denez, eta gero ere txostenak argitaratuko direnez, esan dezagun, jabego Intelektualaren Legeari dagokionez, idazleon hiru elkarteok, jokabide baterakoi bat bultzatzekoaren alde agertu zirela, beharbada kasu batzuetan ere, espainiar idazleen elkartearekin akordioan, eta bi tokitan: Madrileko Kultur Ministeritzaren aurrean, eta admnistrazio autonomo desberdinen aurrean konpetentzia zenbaiten arauera ezer egitekorik egon balego.

Raul Guerra Garrido ere, espainiar idazle kolektiboaren ordezkari eta idazkari bezela inbitatua izan zen ihardunaldi hauetara kongresukide askoren disgustuz, eta mahaiak zentsura mozio gisako bat jasan zuen "kintakolumnista" hura, nora eta hara, inbitatzeagatik.

 

Administrazioekiko harremanak

        "N'hi ha d'altres, emperò, que són específics de cada una de les nostres nacions, tot i que punguin oferir algunes similituds i punts de contacte; com és, per exemple, en el cas dei País Basc i dels Paisos Catalans, la divisió entre diferents sobiranies estatals —els Estats espanyol i francés— i diferents comunitats autonomes —Euskadi i Nabarra, Catalunya, el País Valenciá i les Illes Balears—, i fins i tot, en el cas de Galícia, la seva posible incorporació —o no incorporació— a l'area lingüistica i cultural —gorasíem afegir nacional?— portuguesa" esan arren Josep Maria Llompartek, kataluindar idazleen elkarteko buruak, euskaldun eta katalanen aportazioak arazo honetan bakoitzaren egoerara zuzendurik izan zen, eztabaida gehiegirik gabe, eta kasu honetan bai, proposamen gisa onartu zen erabaki batekin.

        Galiziar, kataluindar eta euskal literaturen arteko itzulpen politika baten aldeko konpromezu bat har dezatela ardministrazio desberdinei eskatzea erabaki zen, urtero behintzat, literatur bakoitzetik, eta jeneroak ahal delarik errespetatuz, lau bat lan itzul ditezen besteetara.

        Uste izan zen hasiera batean, arazo hau eztabaidatzean administrazio desberdinetako ordezkariak bertan egon zitezkeela eskabide hauek beraiei zuzentzeko, baina bisita protokolarioetatik aparte, ez zen halakorik gertatu, eta erabaki hau erantzun zain geratzen da etorkizunerako.

        Nolanahi ere, esperantzarik ba zen euskal eta kataluindar administazioei begira, ez horrenbeste Galizia, Valentzia —"gu Kataluinako Nafarroa gara" esaten zuten— eta Irletako administrazioei dagokienez.

 

Komunikazioa eta komunikazioak

        Gai nagusi aipatu hauetatik landa, izan zen bestelako komunikaziorik ere, batzuetan topikoak: "Maitasun eza Rosaliaren lanean"... eta arras interesgarriak beste batzuetan. Bi aipagarrienak nire ustez: Jaume Fuster-ek irakurritako "Escriure per a la imatge" literaturgintza eta zinemagintzaren arteko prolematika aztertuaz, beharbada modu eskolarregi batez, eta Jaume Perez Montaner-en "El poeta com a lector de poesia", dudarik gabe, ihardunaldi hauetara aurkeztu zen txostenik sakonena eta interesgarriena.

        Argumentazio sarea eta katea halabeharrez alde batera utzirik honela amaitu zuen Jaume Perez Montaner-ek: "El poema, com a expressió d'un món, compendi de veus i altres poemes, suscitador de vivències, records i emocions, està al devant entre l'emissor i el receptor. Es l'expressió del poeta i és també, com a actes de lectures, l'expressió dels lectors, d'altres poetes, que el revisen, el fan seu o el reescriuen a l'espera d'altres lectors, altres poetes, que continuen el procés, amb aquell surplus "d'individual, sentiment, visió, somni", "dotat d'un valor universal" de qué parlava Riba i que tot plegat —escrits del passat, lectura actual i nous escrits constitueixen la tradició literària d'un poble".

        Txostenetako komunikazioak sarri askotan interesgarriak arren hibernatuak geratu baldin baziren ere, honelako ihardunaldiek literatura desberdinetako idazleak elkar ezagutzeko balio dute, eta paperetan agertzen diren gaiak beharrezkoak izan arren, azken batean eta horrekin batera, inportanteena bestea gertatzen da, elkarren lanan berri izateko, taldeka aldizkari bat edo besteren inguruan, nahiz bakarka maila pertsonalagoan, kolaboraziobideak zabaltzeko.

 

Oihartzunik eza

        Herri, hizkuntza eta literatura minorizatu eta zapalduenganako hain jakinmin eta interes haundia omen duen gurea bezelako herri batean, bai bitxia gertatu zela, euskal komunikabide desberdinek eskeini zioten jarraipena. Informazio arina, konpromezuzkoa, ajentziakoa, eta besterik ez. Huskeria bat.

        Bakoitzak bere irizpideak izango ditu noski, eta baliteke aldizkari batzuk muntaia hartaz pasatzea eskubide osoz, baina sinesgaitza egiten zaigu horrelakorik, gero, gutxien uste dugunean, Laponiako nahiz Ertafrikako herriei buruzko txosten mortalak eskeintzen dizkigutenean abrosimendurarte bat ere errukirik gabe.

        Han zeuden idazle gailego eta katalanak, ez denak, eta beharbada ezta errepresentatiboenak ere kasu askotan. Han zeuden Europako herri eta kultura tipi batzuetako ordezkariak ere. Eta han euskal idazlerik asko falta zen, talde errepresentatiboenetariko batzuk ez ziren agertu. Hala ere, borondaterik onenak arren ere, honek zer pentsa ematen du, joateko nahiz ez joateko libertatea aparte.

        Inpresio arin bat izan daiteke hau bestelako daturik gabe, baina ihardunaldietan urriko lehen asteburuan gertatu zenaz jabetu nahi badu norbaitek, jo beza Euskal Idazleen Elkarteak laister batean kaleratuko duen publikaziora. Han, hemen falta den guztia aurkituko du beharbada: izenak, esanak, bazkari-afariak, errezepzioak, argazkiak, eta etorkizunerako uzten ohi ditugun oinatzok.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.