L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-10 (1985-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Egun, inork ez daramatza izarrak harrira

 

Patxi Perurena

 

Azkenaldi honetan bada eritzi frango euskal literaturaren inguruan, han eta hemen eman dena, eta gehienetan, beti ez bada ere, obra eta autorea bat eginik ageri dira, inondik inora ere bereizterik ez dagoela iduri duela. Ene uste apalez, berriz, guztiz garrantzizko eta beharrezko ere da, obra eta autorea bitan banatzea. Duela egun batzu hala zioen Juan Benet-ek Deia-85-VIII-25-ean egiten zioten elkarrizketa batetan: "Seguro que sabe que ahora hay muchos escritores que dicen escribir para sus amigos, ya que no son capaces de imaginar al lector anónimo —egiten zioten galdera—. Eta honela erantzuten berak: Yo, primero, procuro no leer lo que escriben los amigos. —¿Para no juzgar?—. Bueno, en principio para no dañar la amistad. Es bastante molesto el tener cerca gente que te puede juzgar por una cosa que, de una manera u otra, es propia y no es propia. Al fin y al cabo, una vez que esté terminada y publicada una obra, si es de valor, tiene que desprenderse y valerse por sí misma, no se puede identificar con el autor. El autor lo ha hecho pero no es él. En cierto modo, una práctica muy recomendable sería romper el cordón umbilical entre el autor y su obra. —Eso sería imposible...— No tan imposible. Ahí están los anónimos, cuyas obras se valen por sí mismas y nadie sabe quién fue el autor. Ese conocimiento del autor, probablemente estorba para el aprecio de la obra." Nik gogoeta hauek zentzuzko harrapatzen ditut. Esate bateko, hemen, besteak ez bezalako euskal herri honetan, horretara bultzatuko nuke literatur zaletasuna duen jendea: lehen lehenik, autorerik ezagutu gabe ehunen bat obra leitzera, konparazio batera. Eta irakurle honek, seguraski, literaturaz hitzeginen lidake, baina, besteak ez. Besteak, nahasi eginen lizkidake obra eta errealitate gordineko autorea. Eta, beraz, obra literarioa, dasdatzeko eta gozatzeko birjinatasuna galdua duen lektorea litzaidake. Honetaz, argitasun haundiz mintzo da gartzela haundi honetatik ttipi hartara eta hartatik hona gordeka dabilen poeta izu bat: "Ene ustez, gauza desberdinak dira arazo honetan politika, etika eta idazkera. Politika mailan, poetari, gizarteko partaide denez, zapalketaren aurkako eta askatasunaren aldeko konpromezua dagokiola argi dago. Etika mailan ere badago eginbide bat, hau da, nork bere independentzia eta libertatea gordetzea, boterearen morroi ez bihurtzea. Poetaren lana, beste ofizio publikoena bezala, bere espektakuluan integratu ohi du botereak, poetari ospe eta sari emanaz. Hain zuzen, konpromezu politikoa gizarte zanpaketen aurka burrukatzean badago, konpromezu etikoa bere ofiziotik datozkion pribilejioak ez onartzean dago. Baina, konpromezuak konpromezu, modu okerrean zuzendu da argia arazo guzi honetan. Jokabideak fiskalizatzeko joera dago, ene ustez, epai daitekeen gauza ez denean. Beraz, horrelako epaiketek ez dute literatura aurreritziz betetzea besterik egiten. Gainera poetaren egiazko konpromezua idazkerarena da. Konpromezu politikoa eta etikoa ez da aski, sentimenduak ere aski ez diren bezala, poesia ona egiteko; poesia txar ugari egin baita ideia honen izenean edo portaera zintzoen gorantzan. Poeta ez da bere ideiengatik edo bere portaeragatik, bere sentimenduengatik ere ez den bezala, baizik eta bere poemen baliogatik, bere idazkeragatik, bere hitzengatik. Izan ere, poesia hitzak dira batipat. Hizkuntza da poesiaren materiala, hitzen artisaua da poeta, lengoaiako esploradorea, idazmoldeen iraultzailea".

        Ez da gisa honetara mintzo J. A. Arrieta 14-15garren Susan. Oso bestelako mintzamoldea darabilki, jaun abokatu baten mintzamolde harroa. Mintzamolde fiskalizatzailea, guztiz (ikus 11. orrialdea, batipat), baina, amaieran, fiskalaren diskurtso amaieran, lehen aipatu poeta izuaren izena eta izana gogora arazi nahi du, eta goraldu, bere esanen eredutzat hartuz. Niri, berriz, halakoa zera bat sartzen izaki, Joseba bezalako kreatura bat, gaur egun darabilgun bezala, ahotan erabiltzeak. Hain modu lotsagabean aipatzeak. Literaturaz eta politikaz batez ere, mintzo zelarik, ahaztu egin zen Joxeauxtin etikaz. Nork berak beharko lukeen etikaz, eta kasu honetan, aiputan jarri zuen poeta izu honen etikaz.

        Gordelekuetan barrena bizi den kreatura honengan nabari den etikotasun garden hori, oso gutitan eman da ene ustez euskal herri hipokrita honetan, horregatik, damu behar genuke gure etikarik eza bazkatzeko hain usu ahotan dugulako.

        Apalki mintzatzen ez dugu ikasi euskaldunok oraino. (Noski, harro dena apal ezin mintzatu). Harro mintzatzen gara, eta gure harrokeria guztien iraultzaile-literato eredugarritzat, apaltasuna hain maisuki zaindu duen gizaseme lotsati bat hartzen dugu. Taktika hori da, herri honetan soberatxo erabiltzen dena. Pertsona baten independentziaz eta libertateaz ahantzirik, maizegi erabiltzen dugu bere izena eta izana, geure gutiziak eta nahikundeak aldarrikatzeko xede hutsez.

        Isilik, eta isiltasunari buruz eginak ditu mila gogoeta Josebak. Astiroago eta sakonagotik aztertu beharko genituzkeela iruditzen zait, bere izena nolanahi erabili aurretik. Bait bailukete agian zer ikusirik isiltasunak, apaltasunak eta etikotasunak Josebaren lanetan, (batez ere, azkenekoan). Gu, nonbait, ahaztu egin gara, hura ez bezala, beste hark esan zuenaz, "apaltasunak arrazoiaren erdia bereganatzen duelakoaz", alegia. Eta ahaztea bat da. Oroitu nahi eza dugu okerrena.

        Literatura, bere literatur lana da, euskal literatur zaleok bi doble egin da utzi gaituena. Eta Josebaz, hitzegin den haina hitzegin, eta oraindik oso guti aztertu eta interpretatu da bere lana. Beronek aipatzen dituen hiru eremuen (literatura, etika, politika) arteko mugak ez ditugu errespetatu, eta zor diogu errespeto hori, gutxienean, bederen, nahiz bere exenplua jarraitzeko gauza ez izan. Bere literatur eta etika balioak politikaren asto gainera kargatu nahi ote diren, edo kargatzeko joera nabari ote den nago. Eta honela mintzatzean, behar bada, leku irristakorretan sartzen nintzateke, ez ordea, bere lojikarik ez duenean: Politikerian hipersentsibleak bait gara, nahiz kontzientzia liguistiko guti eta kontzientzia etikoren zipitzik ere izan ez. Beraz, ez da harritzekoa gure asto zaharra neurriz gain kargatzea. Itsutu egin ginen politikaren ur uherretan, edo gutxienean lausotu, kasik beste inora begiratzeko gauza ez izateraino. Begiko mintz arre horrek ez digu gauzak bereizten utzi nahi.

        Baina, —ibilaldi luzesko honen ondoren hasierako harira itzuliaz— komeni litzateke gauzak zatitzea, fantasma tzar horren azpian desegin ez daitezen. Hodei ilunaren azpian izar bakoitzak bere lekua gordetzen bait du. On litzateke obra eta autorea bereiztea. Osota bereiztea, gainera, ahal bada. Ezen literatura antzeslekuko parodia baldin bada, ez bait zaigu antzeslea nor den deusik ere inporta. Etikak eta politikak aztertuko dute autorea, berei dagokien lekuan. Guri, obraren mamia, zentzua eta mezua besterik ez zaigu inporta. Gainera ez al da oso gaitz egiten, obra bat, errealitate gordinean aurrez aurre dagoen autore jakin batena dela esatea. Niri, behinik behin, hala egiten zait.

        Eta azkenik, ene burutapen asper hauen finean, proposamen bat eginen nioke, nik ez bezala pentsatzen duenari ere: alegia, nahiz literatura, etika eta politika aska ezineko lokarri batez estekatuak direla uste izan, erdiko lokarri horretaz arduratzeko erregua. Batez ere, horretaz egiteko gogoeta, norberak bere gutizirako darabilkin "desetika" horretaz. Ezen, azken finean, gizona da hiru alor horiek batzen direneko lekua, eta aldi berean, gizona da hiru alor horien sortzailea. Beraz, gizona da ardatz. Eta gizona literatura eta politika baino lehen etika da. Beraz, gizona funtsean etika da. Hortaz, etika umotzen den heinean umotuko da literatura, eta zer esanik ez politika. Horregatik izu den poetak "harriagandik bere izateko modua ikasiz" du izkiriatzen. Harria ikuztokia baita amaren euskara zaharrean. "Baina, egun, inork ere ez daramatza izarak harrira". Horra hor, gure oroz gaindako xedea: izarak harrian behin eta berriz irutzi (1) ondoren haizearen eskutan jartzen ikastea. Harria esaten duenean, etika ez ote du esan nahi hemen poetak.

 

        (1) irutzi: estrujar (Goizueta)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.