L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 11 zkia. (1988-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Bale gorriak

 

Karlox Barrentsoro

 

XVII. mendeko erdi aldean gaude, Gipuzkoako itsasaldean kokaturik dagoen Lezo izeneko herrixka ttikian. Bertan ez da jende askorik bizi eta biztanle urriak arrantza, artzaintza eta nekazaritzan aritzen dira. Bizitza gogorra arrantzaleena, baita gogorra ere artzaiena eta nekazariena! Euskal Herria bitan banatzen duen muga madarikatua ez dago oso urruti eta ondorioz espainar eta frantsesen arteko borrokaldiak etengabeki errepikatzen dira. Lezoarrak beste euskaldun gehienak bezala, nazkaturik daude, arront nazkaturik gainera.

        Urte osoa zelaian, baratzean,.. zer edo zer hola edo hala atera nahiean eta azken momentuan arrotzak etorri —batekoak edo bestekoak— eta dan dana eraman egiten dute, "gerraren beharrak" erantzun polita emanaz. Lapurreria galanta arrotz nazkagarri alena horiena! Baina bizitza bera galdu nahi ez duenak ongi daki zer egin behar duen, a zer erremedioa!, burua makurtu eta ale zakuak gerlari arrotzen gurdietan hustu. Besterik ez! Eta berriro zelaira, sorora, hamaika ale trixte berriz ateratzera sendia mantendu ahal izateko.

        Josetxo horietako baserritar gaztea dugu. Hogeitahemezortzi urte ingurukoa, sendo samar eta sasoitsua. Andre polit eta jatorra du: Iñaxi, eta bi semetxo: Ixtebe eta Patxiku. Aurten baserriak ez dio askorik eman, oso urte txarra izan bait da eta bere lan eta neke haundiz lurretik atera ahal izan dituen pixarrak, gerraren patrikak gizentzeko kendu egin dizkiote. Urte guztiak dira txarrak lezoar nekazarientzat, baina hauxe askoz txarragoa oraindik. Lezon gose gorria dago eta Josetxoren etxean baita ere noski!

        Behin, Jaizkibel mendian zeuden talaietatik adarra jo zuten baleen hurbiltasuna iragarriz. Oso gauza bitxia zen, urte luze bait ziren baleak ez zirela itsaso haietara hurbiltzen. Lezoko kaitik hiru ontzi atera ziren, bakoitzak hamar bat gizon zeramazkiela. Josetxo Perutxo kapitainaren ontzian zihoan arpoi zaharra eskuan prest eta zorrotz zeramalarik. Pasai Donibanetik beste bost bat ontzi atera ziren baleen atzetik, eta azken muturrean zeuden lezoarren zain, danon artean baleen harrapatzeari hobeto ekin ahal izateko.

        Hantxe bildu ezkero, Donibaneko barra igaro zuten habaila ederrean eta berehala itsasoratu egin ziren. Han urrutian hogei bat bale ikusten ziren, alde batetik bestera mugituz, uretan murgilduz eta berriz kanporatuz,... Noiz behinka ur andanaren bat ikus zitekeen aidea urratuz. Ikusgarria zen, benetan ikusgarria baina baita itxarogarria ere gose gorriz zeuden gizon haientzat.

        Hurbildu ziren arraun kolpe zehatz eta indartsuen bidez, baleak hurbil zituzten, marinelak arpoiak prestatzen hasita zeuden, laister harrapatzeari ekin ahal izango bait zioten. Bapatean, denon aurretik zihoan sanjuandar txalupako kapitainak honela esan zuen ozenki:

        — Madarikazioa! bale gorriak dituk!, gaur ere jaia diagu lagunok, bale gorriak dituk eta!!!

        Hori aditurik arraunlariek arraunari eragiteari laga egin zioten guztiz etsiturik. Bale gorriak ziren, itsas ezkutuetatik etorritako bale gorriak, eta euskal ohitura zaharrek ziotenez, ezin zitezkeen inolaz ere harrapa, jainkoen zigorpean erori gabe behintzat.

        — Ederra egin diagu! —esan zuen Perutxo kapitain lezoarrak amorrazioz beterik—. Honeraino etorri gaituk eroaren gisan, gure azken indarrak errez eta azkenean itzuli beharko gaituk berriro ezer harrapatu gabe; eta dana gure begien aurrean suertatu zaizkigun baleen kolorea gorria diagulakoz!

        — Zer egingo diagu ba motel? —erantzun zion Laxarok, txalupan zihoan lezoar marinel zaharrenak—. Hobe diagu —segitu zuen— gose jarraitzea, itsas azpian bukatzea baino! Eta hik Perutxo guk bezain ondo zekik zer den gure arbasoengandik jasotako ohitura zaharrak esaten duena! Bale gorriak ezin ditek harrapa itsasoko jainkoen zigorpean erori gabe! Aukera ez duk bat ere zaila, edo hiltzea edo Lezora itzultzea lehenbaitlehen!

        — Barka zak Laxaro!, —moztu zion Josetxok— nere pamilia gose gorrian zegok eta hemen gaituken dan danenak egoera berean dituk. Hamaika aldiz aditu izan diagu bale gorriak harrapatzea galerazia dagoela, baina egia esateko debeku hori ondo zegok goserik ez dagoen garaietan, eta gaur gaituken mixeri gorrian ezin diagu holako kontu zaharrari iaramon haundirik egin! Hik Laxaro, ez bahaiz bale gorriei arpoia botatzeko gauza, utzikinak neri, neronek gusto haundiz botako bait diotet!

        Txalupako marinelak txunditurik gelditu ziren Josetxoren hitzak aditurik. Ez zekiten zer egin, aurrera segi itsasoko jainkoen haserrea desafiatuz ala Lezora boltatu beren sendien tripazorriak berriz aditzera. Horrela zeudela, Perutxo kapitainaren ahotsak ixiltasuna urratu zuen esanaz:

        — Arrazoia duk motel, atso zaharrak baino koldarrago gaituk! Tira aurrera mutilak!!!

        Marinelek askorik pentsatu gabe, arraunari eragin zioten berriro bale gorrien talderuntz abiatuz. Atzetik ez zien inork jarraitu, beste ontzi guztiek, bai lezoarrek eta bai sanjuandarrek, itzultzeari ekin bait zioten bildurrak izuturik. Lehenengo balea metro batzuetara zegoenean, Josetxok arpoia atera zuen eta bere indar guztiz jaurtikiz bale gorriaren haragian sartu zuen. Dirudienez, loak harturik zegoen balea, zauriaren oinazea sumatzerakoan, gogorki astintzen hasi zen. Orru ikaragarriak bota zituen, bere astinduz olatu izugarriak altzatzen zituen bitartean. Holako batean ordu erdi batez luzatuko zen lasterketa ero bati ekin zion Perutxoren txalupa atzetik, arpoitik zintzilik zeramalarik.

        Bale zaurituak abiadura bizia zeraman, txalupa arrisku haundian jarriz. Marinelak zeharo ikaraturik zeuden eta askoz gehiago oraindik bale gorriak Jaizkibel mendiko itsasertzeko harkaitz zorrotzen aurka zeramazkiela konturatu zirenean. Balea galtzea eta ez beren bizitzak akabatzea hobe zelakoan, arpoiaren soka moztu egin zuten. Une zehatz hartan balea murgildu egin zen ur hotzetan lezoarren begientzat desagertuz.

        Balea galdurik zeukaten eta berriz gosea ezin ase. Baina hala eta guztiz ere danak poz pozik gelditu ziren, danak Perutxo eta Josetxo ezik. Nekaturik, txehe eginik,... itzultzeari ekin zioten. Halako batean trumoi baten danbada ikaragarria entzun izan zezaketen eta segituan tximista baten argi dizdiratsua ikusi. Ekaitza zetorkien.

        Itsasoa momentuz momentu haserretzen ari zitzaien, eta guztion buruan pentsamendu bera zegoen: itsasoko jainkoen haserrea ote?

        Txalupa zialdoka mugitzen zuten izugarrizko olatuak altzatu ziren eta euri eraso gogorrak blai eginda utzi zituen marinelak. Hala ere ez zioten arraunari uzten, ondo bait zekiten horretan zegoela beren salbazioa, eta denbora luze batez Donibaneko barra aurrera iritsi ziren. Hantxe, kaiko lehenengo eskaileretan zeuden beren lagunak Perutxo eta bere gizonak laguntzeko prest. Metro exkas batzu ziren Perutxoren ontzia eta portuko lehenengo eskaileren artean zeudenak, metro batzu gehiago, arraun kolpe batzu gehiago eta danak salbo egon zitezkeen.

        Bapatean barra igarotzeko gertu zeudenean, ekaitz artetik aidezko zurrunbiloa agertu zen Perutxoren ontzi gainean ipiniz. Kaian laguntzeko prest zeuden guztien eztarrietatik karraxi bera sortu zen: Tronagarru, Tronagarru!!! Bai huraxe zen Tronagarru, jainkoak haserretzen zirenean, itsasaldera bidaltzen zuten aidezko zurrunbilo ikaragarria, gizonak eta ontziak irentsi egiten zituen aidezko izaki bildurgarria.

        Instant batean, lezoar ontzia eta bere gizon guztiak desagertu egin ziren Tronagarruk irentsita. Handik bost bat minututara zurrunbiloa desagertu zenean, han ez zegoen lezoarren inolako arraztorik. Hurrengo egunean, ekaitza amaitzerakoan, Lezo eta Pasai Donibaneko biztanleak portuan, barra aurrean bilduta, lore eskeintza egin zioten itsasoari barkazioa eskez eta Perutxo, Josetxo, Laxaro eta beste hildako marinel guztiak oroituz.

        Banaka banaka, negar malkoen artean desagertuen andregaiak, emazteak, seme-alabak, gurasoak eta bestelako senideek lore bana bota zuten uretara. Iñaxi Josetxo zenaren emaztea zuri zuria zegoen, baina hala ere nahiko indarra atera ahal izan zuen nonbaitetik eskuan zeraman krabelin zuriari musu bat emateko eta gero itsasoko uretara botatzeko esanaz: "Agur Josetxo maitea, agur, bihar arte!!!". Bere semetxoek, Ixtebe eta Patxiku, gauza bera egin zuten Josetxoz "Agur aitatxo!!!" batez agurtzen ziren bitartean.

        Eta gaur egun gure aiton-amon zaharrenetatik aditzen ahal dugunez, hori dana egiten ari zirela, urrutian Josetxok sartutako arpoia oraindik bizkarrean zeraman bale gorria ikus izan zezaketen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.