L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 11 zkia. (1988-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Laineziak

 

Anjel Lertxundi

 

Larrialdiei aurre antxa emateko bakarrik genuen taberna hura, baina berorrek jakin behar luke, jauna, batzuk larrialdietarako jaioak gara, han bota ditut ia zazpi urte, jotzen zuen ahoko soinuari nion lilura ahoaren jabeari baino, ez dira apartekoak Tomaxen ezpainak, ikusten ninduen bakoitzean ateratzen zuen soinua patrikatik eta bazekien ongi "Escaleras de la cárcel" atsegin zaidala, batzutan lagundu ere egiten nion kantatuz eta hola, ez naiz trebeegia izan, kirkila dirudin, makina bat bider entzun behar izan nion berdina aitari, sentimenduz kantatzen dakit, ordea, "Escaleras de la cárcel" hura neuk esatea egokia ez bada ere eta polliki irteten zitzaigun sesioa, Tomasek esaten zidana, ezta Karmelitetako monjek e halako pasioz eta aingeru modura, parregarria irudituko zaio baina ahoko soinuak eraman ninduen elizara, ohiturak asko esan nahi izaten du holakoetan, ezkondu re in berko ñau, ba, pare bat urte bai zirrika ibiltzen ginela, kutiziak kunplitzen eta, ingo al diñau Tomasek eta nik baietz, etzan gaizki moldatzen zena, baina hori bai, zuzenean eta gogoz joko zintuen hark erdi-erdian, baina neri gustatzen zaidan patxadarik gabe, ingo al diñau, etzan ordea galdera, etzan ordea erregua ere, agindu modukoa, eta zer iruitu zaiñ ondoren, hura bazan galdera eta erantzun egin behar, ze erremedio bestela seko haserretzen zen-eta, zeruan bezala batzutan, zein ondo ere bai, ezin esan ba egia osoa, beno, nobiotan ez hainbeste, bero-bero eta guzti hori, edozein bazterretan, baina ezkondu ginenean berak nahi zuenean bakarrik eta presaka eta berak nahi zuen modura, nik ezin esan gustatzen zait, baina mantxoago, hark, berriz, nobiotako zer iruitu zaiñ-ik ez, ezta ingo al diñau galdetu ere, berak nahi zuen guztitan hartu eta dale fuego, askotan min emateraino, bestelakoa izan da Iñaxio, ez beza pentsa, aurrena bularrak, goxatu eta goxatu, legunak ditu eskuak, baina mingainarekin puntta bustitzen didanean, ni erotu, zer ba?, eta, orduan, nik, egin zak nahi duana, Iñaxiok obeditzen daki, sekulakoa izan da horretan mutila, gustua ematen dakiena, tratatzen ere nola!, ematen al dizut minik?, sentitzen?, barren-barrenean zein ondo, eta, gero, barrenean egoten daki txiki-txiki egiten zaion arte, begiratzerakoan ere igualtsua da, zabaltzen dizkizu begiak eta ezin dituzu zeureak apartatu, barren-barreneraino sartzen zaizkizu baina ez zaio begirada txikitzen, eta hitzegiteko postura, beti zuka, ez da ezer asko baina tori eta erregalitxo bat sarritan, kolonia bat edo, poltsa bat edo, kuleroak ere bai behin, nola joango naiz honekin Tomaxengana?, baina Tomax ezta enteratu ere, zatoz eta Iñaxio gerritik heltzen hasi zitzaidan edozeinen aurrean, ikusi egingo gaituzte nik eta Iñaxiori holakoetan iluntzen zitzaizkion begiak, baina txikitu ez, Iñaxioren motorrean ere ibilia naiz makina bat aldiz, gerritik heldu eta nire burua haren bizkarrean Iñaxioren arnasa sentitzen, Tomaxek ez al zekien ezer galdetzen al dit, jauna?, horixe joan zitzaizkiela Tomaxi, hire andrea hor zebillek baztarrak berotzen, baina Tomaxek ezta sinistu ere, hark jakin ez nonbait etxeko trapu zaharra kanpoan maindire zuenik, horregatik Iñaxiori begiak iluntzen zitzaizkionean ni tristetu egiten nintzen, goxo-goxo emandako paseo batetik etxera bueltatu, bi petralkeria tarteko liskartu Tomaxekin eta hura kartetan utzi ondoren, hoa seitun ohira Tomaxek eta behin oheratutakoan, Iñaxio beti buruan eta haren oroimena izter aldean, hasieran berotzen nintzen bakarrik eta hola, baina gero ez, burutazioak beti berdinean, zer egingo eta nola egingo Iñaxiorekin geratzeko, burutik pasa bai Tomax garbitzea, askotan gainera, ez pentsa gorrotoa zenik, etzan hori, bai, zera, Iñaxioren begi tristeen nahigabea izaten nuen ohean, eta halakoetan beti Tomax nola garbituko, tiro bat igual, edo benenoa, arratoiak akatzeko erabiltzen den hori, batzutan baita harraldera edo bota ere, baina gauez argi ikusitakoa nola adierazi egunez Iñaxiori, gizona fina izan eta nola eskatuko nion ba inor akatzeko, eta hark tori, beste erregali bat, nola kontatu halakoari arratoiaren benenoarena eta, baina ni neurean, ez genuela bestela pakerik izango janda, hasieran bakarrik moldatu nahi izan nuen, ez nenkien, ordea, nola, indarrik ere apenas daukagun eta korajea ere juxtu-juxtu, gizonezkoak hobeto manejatzen dira, indarra eta abilidadea ere bai, behin hasitakoan korajea ere guk baino gehiago igual, Iñaxiok obretan eta egiten zuen lana eta behin aurpegian igarri nion ezinegona, zer gertatzen zaizu, baina iñaxiok, umil asko, ezer ez, nik kontatzeko eta kontatzeko, aurpegi hura ez zela parte onekoa, lanik gabe geratu naiz, ni ez naiz ezer zuretzat, zuk badaukazu taberna sikiera, ezta Iñaxio alferra, e?, kontratistari, ordea, Iñaxio gustatzen ez eta alferraren aitzakia dela, Tomaxen taberna bi xentimo ematen hasia zegoen ordurako, harro asko ikusiko zenuen azken boladan, ez zekien, halare, nire ibileretara inguratzen zela majo asko jendea zeozer nahi-eta, Tomax bitartean ezta konturatu ere, klienteek edozein gauza esan neri eta ipurdian jo eta holakoak, eskua sartu ere bai, ni ez nintzen haserretzen, zertarako, gustatu egiten zait jendearen kariñoa eta, baina uste al du berorrek Tomax konturatzen zenik, hura beti kartetan edo zurrutean eta nik Iñaxiori Tomaxen taberna aipatu nionean, zeinen izenean do, Iñaxiok, eta Tomaxen amarenean nik, Iñaxioren bekainak zimurtu zirenean, konponduko nuke bota nion, Iñaxio prest antxa ikusi nuen-eta, gau pare batean goxo hartu Tomax, hark nahi bezala portatu, zerbait gertatuko balitzaizu eta holakoak nik eta Tomaxek, ze pasako zaidan, baina handik egun batzutara notarioarenean paper guztiak nire izenera, goxua zeon ama Tomaxek, baina amak ere firmatu, konpondu ditut paperak, gurea da taberna, Iñaxio, zer egin behar dugu orain, bidea erakutsi nahi nion Iñaxiori, nik al dakit, ordea, Iñaxiok begiak berriro ere triste, ez dago biderik, nik baietz, biona dela orain taberna, Iñaxio, nire ipurdi masailak zituen bi eskuetan, Iñaxioren baserriko belarretan etzanda, hau nerea balitz! eta beti Austin putakumea aipatzen zuen, Iñaxioren anaia zaharrena, istripu bat izan dezake, nik behin eta Iñaxiok, zeinek, Austinek?, eta nik, horrek konpontzen al du ezer?, Austinek ez, Tomaxek, atximur egin zidaten haren eskuek ipurdian, zer esan nahi duzu, nik erantzun ordez, goxo-goxo hartu, behin ere ez bezala, atrebituko al zinake? eta baietz nik, amets batean bezala nik, arratoientzako benenorik eta ez, automobilean biok trafikorik gabeko bide batean aurrera, zerbaitetarako geratu bide bazterrean, han egon behar zenuke zai, Iñaxio eta Tomax hil ondoren, automobilean sartu Tomax eta aldapan behera botako genuela automobila, erretzen bada, hobe, esan nion, erre ez, Iñaxiok, igarri egiten dute orain automobilak ez dira hain erraz erretzen eta gasolina gainetik botata ez bada, eta Iñaxiok pentsatu egin behar zuela, pentsatu ezazu, eta goxo-goxo hartu nuen berriro haren zakila eskutan eta mantxo-mantxo sartzen lagundu nion, bale, ezin gara beti horrela bizi, izkutuan-eta, zirrarak astindu zuen arte nire sabela, zeruan bezala, Iñaxio, zein ondo, gau hartan primeran egin nuen lo, Tomax nola garbitu pentsatu beharrik gabe, astebete bota genuen prestaketan, tokia aukeratzen, zer moduz Longazarrate aldean, aitzakiak neurtzen eta guzti hori, ostegunetan ixten dugu taberna eta nik gau hartan bertan Tomaxi, goazen bihar norabaitera egun pasa, Tomaxek gogorik ez zuela baina zer iruitu zaiñ esatera behartu nuen aspaldian ez bezala, eta atzo goizean

joan ginen Nafarrora ta buelta bat ematera, eguna nola hala bota, pare bat bodega bisitatu, eta Aberasturin afaldu, legatza nik, nola eskatukoen hemen leatza? Tomaxek, auskalo noizkua dan, Tomaxek edana zuen ardoa franko bodegetan baina koinaka ere eskatu zuen, eta afaldutakoan, izango ziren hamaikak edo, Longazarretako bidetik gora, isil-isilik eta beldurrak aidean ni automobilak bazterra noiz joko, Iñaxiorekin erabakitako puntuan baino piskat lehenago bota nion, pixalarria daukat, hik dakan, hik, jariyoa esan eta Tomaxek automobila geratu zuen bide bazterrean, nik propio bezala haren bistan mantxo-mantxo kuleroak jaitsi eta pixa zarraztada botatzen nuen bitartean, Iñaxio atzetik inguratu eta buruan jo zuen, ez dakit zerekin, harri koskor batekin igual, edo kotxean beti eramaten duen llabeinglesa horietako batekin, kolpea lehor-lehorra eta Tomaxek txintik ere ez, eta nik, kuleroak jaso gabe Iñaxio hartu eta hantxe bertan ibili ginen zeruan bezala eta zutik, Tomax bolante gainetik begira baina ezer ikusi gabe, ez dakizu zein ondo zeruan bezala Tomaxen begi galduen aurrean, gero eta amorru gehiagoz, nik al dakit zenbat bider, inor pasatzen baldin bada? beldurtuta Iñaxiok eta autoa bultzatzen lagundu nion, Errekaballa aldera, egon al da behinere Errekaballan, han zuloan bezala sartuta?, uste baino burrundara haundiagoa atera zuen autoak saltoka eta saltoka harkaitz mozkote bat jo zuen arte, arbol baten kontra zeukan Iñaxiok bere motorra, gogor heldu nion gerritik, burua haren bizkarrean, eta sekulako abailan jaitsi genituen hango maldak, pasa nion eskua izter aldera eta Iñaxiok orru, erotu egin al zara, eta nik algara, ez, Iñaxio, ez naiz erotu, zoaz azkarrago, tabernara iritsi ginenean, inork ez gintezela ikus eta hiru bat aldiz bai berriro zeruan, gau osoan ia, tabernaren erdian, komunean, eskaileretan, ohean, errendituta geratu ginen arte, atea jo dutenean goizean, zer gertatzen da?, Iñaxio komunean izkutatu da, banekien ate zirrikitutik dena aditzen zigula, tabernatik irten eta goardia zibilekin Longazarrate aldera, parajetik pasa garenean automobila ikusi dut Errekaballa aldera, eguzkipean harro lau gurpilak zeru aldera, gero Longazarrateko kanposantuko depositoan, le conoce?, eta senarra nuela nik negarrez eta, gezurretan ez, e?, barreneko penakin baizik, ugelduak eta nonahi, begiak zabal-zabalik artean niri begira balego bezala, goardia zibilek lasai nendila eta berriro tabernara, Iñaxio zai neukan, gerritik heldu eta jiraka ibili gara dantzan bezala, ez al zaituzte gaueko astinduek nekatu, itxura gorde behar dugu, esan dit Iñaxiok, ez naiz hilebete pare batean hemendik agertuko, eta nik ea zergatik, erotu egin al zara, hilebete pare bat zu gabe?, horretarako garbitu al dugu Tomax?, Iñaxio, ordea, beti izan da burutsua, ez pentsa Tomax garbitu duelako asesino horietako bat denik, arrisku bizian gaude, nik erdi negarrez goardia zibilek jan dute-eta istripuarena baina Iñaxio berean, ez nauzu utziko, ezta? eta Iñaxiok, tuntuna, baina goxo-goxo, e?, bihotza dardarka uzteko tenorean, eta tabernatik irten denean, nik sekulako tristura sentitu dut, negarrez-eta egon naiz zuek azaldu zareten arte, non dago orain?, noiz ikusi nezake, kartzela berdinean baldin bagaude eta ezkontzen bagara, zer?, astean behin?, Aberasturiko atsoa izan da abisua eman dizuena, badakit, ez genuen han afaldu behar-eta, baina noiz emango Tomaxi laineziak eta atzo prezisamente, afalduko al dugu? eta erlojuari begiratu nion, Iñaxiorentzat goizegi oraindik pentsatu ere bai nik, eta ezin esan ba ezetz, eta legatza eskatu nuen eta Tomaxek nola eskatukoen hemen leatza, eta Aberasturin ez genuen legatzik eskatu behar, Aberasturin ez genuen sartu ere egin behar, por zierto, utziko dit, jauna, nire senarraren funeralera joaten, ezta?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.