L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Saiakera—

 

Poesia den irudiaren neurriak

 

J. R. Madariaga

 

Hamaika irudi lerratzen da egunero, gau oro gure begien aitzinetik, gure egotearen infrentzutik, eta guzietarik batek edo bik, gure barne-prozedura tragiko-magikoari medioz poema edo inventio bat bihurtzeko balio dute. Halarik ere ez nuke esango irudi horren errealidade hutsa deskribatzen dugunik guk poetok, errealidade hori erabat irreala paperaratzen baitugu.

        Nolako irrealtasuna den azaltzeko hona hemen adibide bat. Ekaizpean, abarorik gabe gabiltzalarik, trugoiak eta tximistak entzuten ditugu eta agian ikusi ere, baina ostosketa bat, zeruari bakarrik dagokion azantza hori ez dugu nehoiz ikusten, bakarrik sendi dezakegu. Nola azaldu, bada, nola kondatu lagun minari? Errealidade hori zabaltzeko, hedatzeko premia dugu eta edozein hitz labur, lander, baliogabekoa begitanduko zaigu, beraz irreala, baina era berean irreala izango da sinesgaitza eta esperogaitza den heinean. Errealtasunatik, konturatu gabe, defendatzen gara. Geroz izkiriatu ondoan, asmatu dugun hori irakurtzerakoan, zeru, herri, mundu, gizaki imaginarioa, irudimenezko itinerarium bateko irudia edo ametsa, ia beti lainotuta, agertzen zaigu.

        Deskribatzen duguna, ene irudiko, kontenplazio baten kontenplazio bat da begien begietatik, zeinetan kanpoko barano desorekatua laborriz beterik daukaguna, gure baitan eraldatzen baitugu. Kanpotik baitara. Ez ote da hau gure nortasunaren afirmazio hutsa? Ez da ohizko bidearen, Barruko bidearen amaiera? Honen bidez gu garena, sinpleki, ez dugu kausitzen? Eta orain Paul Celan gogoratzen dut gero aipatuko dudan zita batetan.

        Goian aipaturiko irudien artean, poesia bihur daitezkeenak dira, esperogaitza arunt, sinplea baina era berean, sakonean, beldurgarria eta izugarria aurkezten digutenak.

        Esperogaitzaren irudia eta poesiaren esperogaitza. Zelako antza duen diñodan honek bizitzaren esperogaitzarekin: heriotzea. Inguruaren arabera bakoitzaren historia eragiten da, eraikitzen da. Irudian arabera bakoitzaren poesia. Kasu honetan gure begiak izango dira gure errege magikoak, hoien bidez iratzartu egiten ditugu gure eleak, parabolak, gure rapsodiek, tenore berezien bizitza ematen digutenak, edo gure buruekin egoteko parada soilik. Gure irudiez, gure begiez, gure biziaz ari naiz mintzatzen, hau da, gure munduaz, beraz ez dut errealidade orokor bat definitzen, nere izatearen neurriak baizik.

        Eta neurriei buruz, S. Rodriguezen kantu baten zatia beresango dut, gogarte batzu sortarazo nahian.

                "Entre el espanto y la ternura, trascurre todo

                lo inapresable con la moldura, la mano, el codo.

                Entre el espanto y la ternura, corre la suerte

                con el abajo y con la altura, con vida y muerte."

        Hona hemen izatearen neurriak, gizakiaren neurri ezabakaitzak. Argi dagoena zera da, bakoitzaren izatearen hasiera eta amaiera, bizitzari eta heriotzari medioz ezagutzen dugula eta horien artean dagoen iderentza harrigarria, bizi daitekeen gauza bakarra, oneriztea, amodioa dela, pertsonekiko amodioa eta batipat, ene kasuan bederen, gauzekiko amodioa, adibidez naturarekikoa, naturak benetako edertasunaren sinpletasuna baitauka.

        Ene aburuz bizitzatik, heriotzatik, amodiotik sortzen diren poemok, poemaren beraren estetika gainditzen dute, trajeria bihurtzeko. Alejandra Pizarnik esan zuen: "Poemak idaztea zauria sendatzea da, guziok zauriturik baikaude."

        Eta trajeria aipatuz gero beste elementu berriren batzu agertuko zaigulako segurtasuna senditzen dut: laborria, desesperantza, geroagoan agian, ixiltasuna, eta jakin dezagun azkenengo hau poema baten benetako soinua dela, ixiltasuna diot. Ixiltasuna tentazio bakarra eta promesarik altuena dio A. Pizarnik.

        Ixiltasun hau, poemen luzadurarekin zerikusi handia duen gauza da. Nik ixiltasuna poema txikietan kausitzen dut, ele laburretan, ideia sinpleetan, azken finean sinpletasuna da guk deskribatzera deliberatzen dugun gauza eta ez dago luzapen handien beharrik, bizitzen ari garen aroa ez da batere handiosoa, gauza sinpleek dute garrantzia edo hobeto esanda funtziorik gabeko gauzek dute garrantzia. Horien artean poesia egongo ote den ez dakit baina ez dut uste oso urrin dabilenik.

        Ezer gabe geratzen garenean, itsaso urdin, bare eta ausente baten aurrean gaudenean, Icaro bezala, soinurik gabeko aide libre batean gaudenean, ixiltasuna soinua dugu, poesiaren musika, poesiaren arnasa. Poesiaren birikien baitako arnasa orain aldiko oxigenoz baliatzeaz gainera, iragandako denboraren arnasa hesituaz ere baliatzen da. Hau da lantzean behin poeta orok egin dugun bidai poetikoetariko bat, joateko bidaia, ez ostera etortzekoa. Angel Crespo poetak poema batetan esaten zuen: "La poesía es un camino de ida, pero sin vuelta. Los que vuelven regresan de otra parte."

        Ez ditugu gure noizbaiko egunak ahanzten, arduran ahoratzen baititugu gure orimenak, iragandako munduaren irakurmen bakarra eta zonionez ahantzesina dena.

        Hau da gure munduaren barnean, benetan menperatzen dugun aldea. Kasu honetan poesia zihurra da, segurantzaren poesia egiten dugu, poesia zaharra edo zaharren poesia. Edota bidaiaren poesia, iraganerantzako abioaren poesia.

        Baina, aitzinto aipatu dudan elementu batekin batera etorriko zaigu oroimenaren poesia: etsipena.

        Egia da gomutapenei buruz hitzegiteko dugun joera, erabat pozgarria dena alde batetik, baina errez konturatzen gara geroz, desesperantzara bultzatzen gaituela, ekintza hau arimaren kontsolamendu eta berpizte zinbrikia bada ere.

        Beraz iragandakoari buruz iraganean egiten dugu berba, egungo edertasun tragikoari buruz orain aldian, balizko egoerei buruz, apika hipotetikoan, berdin da, datorkigun etorkizun heroiko eta romantiko honetan oraintsu arte bezala, dena atenporal eta aespazial bihurtuko dugu, hasieran esan dudan moduan denboraren neurriak ez baitira funtzezkoak, poesiak ez baitu denboranik, poesia guzia eta ezdeusa baita.

        Eta bukatzeko Paul Celanek bere denboran idatzi zuena.

        Zita erderaz dago eta nahiko luzea da bainan amaieran hauxe dio: "...he intentado escribir poemas para hablar, para orientarme y conocer en qué lugar me encontraba, a dónde debía ir y crearme así una realidad. La poesía, señoras y señores, una palabra de infinito, palabra de la muerte vana, y de la sola nada." P. Celan eta A. Pizarnik beren buruaz beste egin zuten poetak izan ziren.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.