L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Literatura—

 

Mugaldean

 

Adio Manez, haugi bihar muga onez

        Horrelaxe agurtzen zioten eguzkiari Luzaidarrek ilunabarrean, Adio Manez, argialbarekin batera itzuliko zen esperantzan, haugi bihar muga onez. Eta bitartean, arrastiritik goizaldera, gaua hedatzen da, gau misteriotsua, hontzaren tenorea, ilargiaren erresuma, ilunaren inperioa.

        Baina igarri ezinezko muga bat bada...

        Gizon-emakume zintzoak izaren eta maindireen epelera gordetzen dira eta sorginen orduan menturatzen direnei irain egiten diete:

 

                Ai, nolako zoroak

                gauez kalerik-kale

                ibil-oi-diranak!

                Arkiko aal-dituzte

                asun miñez beterik

                iñoiz beren oiak!...

                                 (Lizardi)

 

        Eta gizon-emakume zintzoak, ezagungabetasunari bizkar emanik, lo gozoak hartzen ditu, eta gauzale zoroak esnatzen dira eta konturatu gaberik gauaren mugaren bestaldera igaro dira.

        Muga ordu grisa da, ez beltza, ez zuria, ñabarra, definiezina, aldakortasunaren unea, debekuaren eta zilegiaren nahasmendua. Lipar batez munduarekiko erreferentzien hariak askatzen zaizkigu, eta haien bila abiatu bezain laster, harrapatu egiten ditugu; bestelakoak direla ez dugu antzematen ordea; nork bere bideari ekiten dio berriz ere, igarotako geldiunearen kontzientzia suntsiturik.

        Hori dugu lehen muga; ilunabarra; eta sarrera honen ondotik datozen ipuinetan beste mugarik bai, baina argia eta iluna bereizten duena agertu ez arren, hauxe aipatu nahi nuke lehenbizi; ilunabarrean ari bainaiz idazten lerro hauek; hitz egokiaren, atzetik begia paperetik jaso eta leihoaz kanpora begiratzen dudanean egungo eguzkiaren azken errainuak ageri dira hiriaren inguruko mendixketan eta argi elektrikoak pizten doaz auzoko etxebizitzetan.

 

 

Behin batean bazen...

        Literaturarena da bigarren muga.

        Liburuaren azalen barruan, edo "behin batean bazen..." hasten den istorioan errealitatea eta fantasia korapilatzen dira bata bestearekin, imajinazioa taxistaren solasarekin, amets aitorrezinak eguneroko iharduerekin, pathos-a eta ethos-a, erromantizismoa, razionalismoa...

        Literaturaren muga...

 

                Esaidak zoriontsuak al zarete

                mugaz bestaldeko biztanleak.

                Ba al dute aurresentipenik eguzkiaz

                ba al dakite argia eta iluna hitzak bereizten.

                                                                   (Atxaga)

 

        Hondorik gabeko putzuaren sarrera.

        Irtenbiderik gabeko laberintoa.

        "Bazen behin herri zoragarri bat, non igelak printze, printzeak errege, eta erregeak apo bihurtzen ziren...", hitz horiek dira Igel Ergela ipuinaren hasierakoak. 15 hitzez beste mundu baten atea irekitzen digu Iñaki Bernaolak. Beste mundu horretako muga dira hitz horiek; igela, printzea, apoa eta erregea; umearen ipuinen herri xarmangarrira barneratzen gaitu, lehengo kontu miragarrietara sar erazten.

 

 

Saltoak izutzen nau

        "... pareta saltatu behar dut, eta ez dakit zer dagoen beste aldean; beldur naiz". Hauxe ere esan zion: "Herioak berak ez nau beldurtzen: saltoak izutzen nau". Esan zion behin Simone de Beauvoirren ahizpari bere amak.

        Saltoa da hirugarren muga. Herioa.

        Eta muga honek lehen mugarekin bat egiten du: hiltzea eta ilunabarra, gorputzila eta kandelen argi horia.

 

                Egunak iges-eta ots-dagit barnetik:

                ¡Ez nagixu atara betiraun bidetik!

                                                     (Lauaxeta)

 

                Hiltzen hasteko

                jadanik muga da. Adio esateko

                ona da gaua.

                                                    (José Martí)

 

        Heriotzea eta itzaltzea. "Hustutzen ari zen alaba bat, jaiotzetik biriketako gaitzek zurrupatuta, eta seme hilaren oroitzapen lausoa. Maite zuen senarra, azken hamabost urte hartan bizitza iraungi zion arren.

        Argirik gabe ari zen geratzen". Felipe Juaristiren hitzak dira, Fata Morgana ipuinekoak.

        Gizon bat dago autobus-geltokian emaztearen esperoan; emaztea iritsi da; eta egoera normal hori, bat batean, amets gaiztoa irudi, kafkiano bihurtzen da. Euriaren malenkonia, absurdoaren logika, sentimenduen kontrajartzea gailentzen dira, eta gizonaren gogoa bustitzen dute, nahasten, bizten, eta irtenbide bakarrera eramaten.

        Heriotzea eta iluntasuna. "Oroitzapen gertu bat datorkio: geltokia, burdin hotzaren kontaktua, trenaren gerturatzea, minbizia; ondoren, beldurra, beroa, iluntasuna." irakurtzen dugu Arantxa Mendietaren Berdin, beti berdin ipuinean. Trenean doa Ramon Salgao, gelditzen ez den tren batean doa norabait; giroa, lekua, itogarriak zaizkio, baina ez da trenetik jaitsiko; tentsioa da nagusi, eta erantzunak areagotu besterik ez du egiten tentsio hori.

        Heriotzea eta gaua. "Haxe ikusi notsan lepondoan, gaua bezain baltza, zikin antzerako bat —ez, ez zan odolbildua—, iluntasun pusketa bat narruari josita, ez da samurra esplikaitten." Gerardo Markuletaren Istorio Beltza ipuina gauez gertatzen da; ohera doa gizona eta ispilu aurretik igarotzerakoan zeozer arraroa atzeman du, zen ote da?, bera da akaso?

        Hiltzeko muga da erabakiorrena. Itzulbidenik gabekoa. Zerbaiten eta hutsaren arteko amildegia.

 

                Gauzen esentziak

                —itzal luzeak bezala—

                ihes, ihesi doaz beti,

                                bakartiak,

                Herioren itzal more

                                luzeagoan

                izkutu arteraino.

                      (Imanol Irigoien)

 

 

Eulirik gabe, apaizik gabe, karabinerorik gabe

        Muga fisikoa da laugarrena. Irun eta Hendaia elkartzen dituen Santiagoko zubia, konparazio batera; edo Pausua. Pio Barojaren Bidasoaren errepublika: eulirik gabekoa: garbia; apaizik gabekoa; zentzu onekoa; karabinerorik gabekoa; indarriz ez.

        "... bi bide bazituen eta hautatu beharrik: etxekoa, anitz sufrimentu baita laborari etxe batean, eta haatik badakizu ez zarela gosez hilen aziendarekin eta, pentsa gabeko ondikorik gertatu ezik, eta zein zen ene aitak zuen bigarren bidea?: kontrabandoarena!" (Pablo Sastre, Mugarria).

        Atheka Gaitzeko Oihartzunak. Ramuntcho. Luis de Uranzu. Jesus Mari Mendizabalen Ilargia lekuko:

        "—Zer, Frantzisko, gaztetan gaueko lanik bai?"

        "Atea hutsegite guztiei giltzaren badiezu, egia ere kanpoan geratuko zaizu."

        Mugarriak mendi gorenetan.

        "Muga guztiek dute beraiengan adierazgaitza den zerbait. Plano batean egindako marra soila izatetik benetan gurutzatu beharreko leku bihurtzen denean, urduritasuna eta batzutan larritasuna nagusitzen dira bidaiariarengan." (Hasier Etxeberria, Mugetan).

        Urduritasuna, larritasuna mugara hurbiltzerakoan.

        Bidasoakoa deuseztuko da 92an. Ehun urte ez dute beteko bertoko aduanek.

        "Gure bereztasuna ez da europartasunaren hezur-mamiei usain eta kolore berexi antzekoa ematen dien larmintz mehea baizik" (Koldo Mitxelena).

        Hortaz, urak bere bidera. Mintz, azal fina izango da muga hau hemendik aurrera. Ala ez?

Karlos Zabalaren lau narraziotxoetatik hiruan heriotzea agertzen zaigu berriz ere: gizaki arraro batena (Berean bildurik), Abelena (Zazpi aldiz mendekatua), eta Salma Zafii poetanena (Eguneroko maitea). Baina herrialde arteko muga da laugarrenaren ardatza:

        "—Gazte, gazte! Mendi hartan dek zedarria, aske haiz,

        hemen lasai izan hinteke, ezerren ikararik gabe."

        Muga zeharkatzea askatasuna da kasu honetan, eta hala izango da, beharbada, beste kasu guztietan ere.

Imanol Usandizagaren Heriotz Beltzaren Azken Muga ipuinean ere ibaia da muga, eta muga igaroz gero ere askatasuna:

        "Basoaren ertzera ailegatzerakoan, arnasa estuturik, bi zuhaitzen atzean izkutatu dira. Aurrean ibaia dago, eta beste aldean segurtasuna."

        Baina leku horiek eta pertsonaia horiek ez ditugu ezagutzen. Urrutikoak zaizkigu, urruti-urrutikoak. Espazio eta denboran aldentutako aro batekoak.

 

 

        Ilunabarrean hasi naiz idazten, eta argialbarekin batera noa bukatzera. Egunaren mugaldean.

        Irunen bizi naiz, Bidasoa ibaiaren urbazterrean. Irriyoaren mugaldean.

        Ondotik datozen ipuinei sarrera egitea da lerro hauen xedea. Literaturaren mugaldean.

        Eta hiltzeko muga?

        Ez al gaude, bada, beti ere heriotzaren mugaldean?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.