Hitz lauz
Igel ergela
Iñaki Bernaola Lejarza
Bazen behin herri zoragarri bat, non igelak printze, printzeak errege, eta erregeak apo bihurtzen ziren, eta non sorginik itsusiena eta printze ederrenaren arteko desberdintasuna ez zen hainbesterainokoa. Herri hartan Bentoldo Ponce Polo I zen errege. Baziren urte asko tronoa bere aitarengandik eskuratu zuela, eta jauregian ohi zen bizimodu lasaia eta errepikakorra zela medio, apo-lodikeriak nabarmentzen hasiak zituen sabelan eta paparrean.
Bazuen Bentoldok seme bakar bat, Bentoldino izenekoa, herri hartan inoiz ezagutu zen printzerik lirainena eta liluragarriena. Gazte-gaztetik eman zitzaion heziketarik zainduena, eta zeregin hortarako erresumako hezitzailerik ospetsuenak izan ziren ekarriak, baita herbesteko beste asko ere. Bere bizitza ia osoan zehar gogor eman zien ikasketei, eta beroriek permititzen zizkioten astialdi laburretan, jauregiko lorategian ziharduen paseatzen, lore anitz zoragarriek eskainitako kolore eta lurrin soilez osaturiko bakardadean.
Halako batean, lorategiko bideetan izkutua bere intimitatea ohi baino era sakonagoan eta atseginagoan dastatzeko prestatzen ari zela, erresumako sorginik itsusiena eta zitalena agertu zitzaion. Makilatxo majikoaz ikutu buruan, eta haren borondatearen jabe egin zen, sorginek ohi dituzten prozedura aitortezinez baliatuz printzeak bere baitarako soilik erreserbatua zuen plazerra berarekin konpartituaraziz.
Une luze batez iraun zuen gure printzeak bere onera ezin itzuliz, eta denbora eta naturaren eraginez azkenez lortu zuenean, barrez algaraka, pozez saltoka eta maltzurkeriaz mehatxuka somatu zuen sorgin lizuna bere aurrean: "Igelak dira herri honetari errege-apoen seme-alabak, esan zion baina nahiko omen dute printze direneko edertasun apurra bertoko edo kanpoko printzesaren bat liluratzeko, berarekin igel-printze gehiago sortzeko gero. Aitzitik zeu errege bihurtzen zarenean, zeure semea ere igel izango da, baina igel ergela, hain ergel non printze bihurtzeko gaitasunik izango ez duen. Igel jaioko da, zu zeu bezalaxe, baina igel ergela bizitza osorako, eta ez da munduan bezitzailerik izango, haren aurpegi eta burutik ergelkenia desagertarazteko gei denik.
Konponbide bat izan daiteke, halere, horrela suerta ez dadin. Nirekin ezkonduko zara, neu naiz eta mundu osoan semetzat igel jakintsua eman ahal izango dizun emakume bakarra, igel jaio eta apo hiltzen denari oso tarte laburra uzten baitio naturak edertasuna sortzeko, eta tartetxo honen fruitua neuk daramat neure erraietan harrapatua. Ergelkeria galanta da, mutiko, gizon batek bere benetako neurria emateko duen une bakarrean ergel jokatzea."
Eta hau esan orduko irrika, saltoka eta intzirika desagertu zen lorategiko bide izkutuetatik, etorri bezalaxe.
Bentoldino txunditurik gelditu zen. Ez zen ausartu aitari ezer kontatzen, sekulako erretolika botako zion eta. Bapatean gogoratu zuen, gainera, hamabost egun barru udaberriko dantzaldi nagusia ospatzen zela jauregian, non erresumako eta atzerriko andereño ederrenen artean printzeak emaztea aukeratu ohi zuen.
Halaxe izan zen, eta udaberria hasi zen egunean, inoiz baino disdiratsuago esnatu zen jauregia. Basoko loreak eta dantzalekuko neskak lehia bizian ari ziren non baino non ederrago azaltzeko. Guztien aurrean igaro zuen printzeak areto nagusia, eta alde batera eta bestera botatako agurrak, batzuetan bero eta bestetzuetan mugerberak, neska hautagaien belaunikoez izaten ziren ihardetsiak, eta etengabeko jaiste-altxatze mugimendu horretan, neskek bularren hasieratik intimitatearen puntu gorenera daraman bidea iradokitzen zioten gure printzeari, bere intimitate propioa zoragarriki galdua sentiaraziz.
Baina azken kandidatuetako bat bereziki nabarmentzen zen bere itsusikeriagatik. Ez zitzaion zaila printzeari seta, apaingarri eta lurrin zorabiagarriez maltzurkeria eta orbaina estali nahi zituen izaki hartan sorgina errekonozitzea.
Bere larridurari ezin eutsiz, korrika abandonatu zuen zorigaiztoaren ikurra bihurtu zen areto hura, eta aitaren belara abiatu zen den-dena aitortzeko asmotan, bere bakardadearen zoramen hautsiarekin hasi eta emakume itsusi hark ezkontzari buruz jaurtiki mehatxuarekin amaitzeko.
Erregea, apo-itxurakoa izan arren batere leloa ez zela, berehala konbokatu zuen ministrari guztien batzar nagusia eta berezia, arazoari irtenbideren bat kausitu nahian. Ministrariek, kopeta ilunez eta aurpegi zuriz, beren jezarlekuak bete zituzten, Erregeak batzarrari hasiera eman, eta printzeari gertatutakoa errelatatzeko berehala. Ministrariek, ohi zenez, beren ele txandari ekin zioten, hori bai, gora erregea!!! hiru aldiz aldarrikatu ondoren.
Moral eta ohitura oneko ministrariak hartu zuen hitza lehendabizikoz, era honetantxe:
Printzearen umiltasuna goraipatuko dugu herriaren aurrean, munduko edertasun iragankorrari muzin egin ziolako.
Irudi-ministrariak, bere aldetik:
Hala ere, irudi-kanpaina on baten bidez, edozein gauza, ejem... itsusi, erlatiboki eder bihur daiteke.
Propaganda sakoneko ministraria mintzatu zen hirugarren:
Azken finean, edertasuna eta... edertasuna ez dena, errealitate kausalaren akzidente bihurgarri eta elkartrukagarriak baino ez dira.
Harridurazko eta ezer ez ulertzearen planta eginez begiratu zioten beste guztiek. Erregeak, bitartean, borreroen ministrariari eman zion hitza:
Printzesa itsusia dela dioen edozeini, lepoa moztuko diogu.
Zerga-ministrariak:
Guzti honek dirutza galanta kostatuko du. Hortaz neu arduratuko naiz.
Protokolo sekretuko ministrariarekin bukatu zen kontsulta-erronka:
Printzeak erabakia hartzeko egun batzuk behar dituela esango diogu herriari. Gero, sekretu handienean egin daiteke aukeraketa.
Erregeak kontseilua amaitutzat eman zuenerako, erabakia aho batez zegoen hartuta. Bentoldino sorginarekin ezkondu zen, eta herria gogoz alaitu, bere printzeak hain emazte eder, lirain eta liluragarri aukeratu zuelako. Handik hilabete gutxira, Igeltxo bat izan zuten seme, baina erresuma hartan sekula santan ezagutu zen igelik jakintsuena. Erregea ere biziki poztu zen, semea igel ergela izan bazen ere sorginak ilobaren azkartasuna behintzat ongi asko zihurtaturik utzi baitzion.
|