Consejos para padres
Les Luthiers
euskaratzailea: Patxi Apalategi
Beste gai bat ere aipatu behar dut, hain zuzen hamaika kontsulta eragiten duena ama askoren aldetik: zenbait ama... eeh gurasoren aldetik alegia: umeen galdera horiek, etxekoandre; batez ere halakoxe gai delikatuxamar horiei buruzko galderak, esate baterako, esan beharrik ere ez, haurrak nondik eta nola sortu eta jaiotzen ote diren.
Haurrei beti egia esan behar zaie. Hori bai, beraiek ulertzeko moduan. Beraz zeuk esplika diezaiekezu, adibidez honelaxe, haurrari esan diezaiokezu adibidez:
Begira txiki, aitak eta amak elkar aaaasko maite dutenez berak zeukan hazitxo txikiii bat erregalatu zion aitatxok amatxori. Hazitxo hau erne egin zen eta hazten joan zen, eta bederatzi hilabete iragan zirenerako azaburu ederra bihurtua zen eta Paristik ekarri zintuen zikoinak harentxen gainean utzi zintuen.
Umeei beti egia esan behar zaie. Haurtxoak ez ditugu inoiz izutu behar ipistikua, txerrena, txorrotxailea, mamuak, sorginak eta asmakeriazko pertsonaia-molde beldurgarri horiek aipatuz. Beharrean gertatuz gero aipa diezazkiezu gauza benetazkoagoak, otsoa, armiarma, sugegorria... Gezurra dirudi baina oraindik ere bada zenbait ama, gaur-egun ere bada oraindik zenbait ama, gaur, bete-betean hemeretz... HOGEIGARREN mende honetan; baren haurrei taiu honetako gauzak esaten dizkienik: Begira txiki, zopa guztia hartzen ez baduzu, Patxinpernuri esango diot etortzeko.
Baina, eeeetxekoaaandre, eta Patxinpernuk ere zopa hartu nahi ez balu?...
Haurrei beti egia esan behar zaie, gauzak esplikatu egin behar zaizkie, zergatik diren ulerterazi, arrazoitu... izan ere haurrak, baita txikienak ere, izaki pentsatzaileak bait dira, ia-ia esan liteke giza izakiak direla ere. Beraz, gauzak esplikatu egin behar dizkiezu, pazientziaz, patxadaz, maitekiro, laztankiro... esate baterako, sarritan gertatu ohi dena:
Begira txiki, dagoeneko gaueko hamabiak dira, ez al da egia, maitetxo? Beranduxamar da, gaur goizean goiz jeiki gara. Gogoan duzu ze garaitan jeiki garen? Eta bihar ere berriro goiz jeiki beharrean gara, zuk eskolara joan behar bait duzu, eta nik lanera. Ulertzen al duzu zer esaten ari naizen? Hauxe da esan nahi dizudana: zuk oraintxe bertan lo egiten ez baduzu, jo-ta-txikitu egingo zaitut.
Haurrei beti egia esan behar zaie.
Eta orain programa hau bukatzeko, berriro ere zuekin izango dituzue «Lastokiloak» eta abesti polit bat irakatsiko dizuete, «Oiloak eureka esan zuen» abestia.
Oiloa oilaloka zegoen
Arraultze bat errun zuen
eta eureka esan zuen.
Gure oilaloka kilikolokak eureka esan zuen
eta horrela harriturik...
Eta zergatik esan zuen oiloak eureka?
...bazkaria prestatzeaz... eeh? Zer?
Ea zelgatik esan zuen oiloak eurekaaaa, zuk oraintxe esan duzu oilalokak kakarazka eureka esan zuela; zergatik, zergatik, esan, esaaan, ea ba, esan ba..
Oilalokak, oso pozik zegoelako esan zuen eureka.
Baaaai?
Jakina ba!
Pozik zegoen?
OSO POZIK!
Oso pozik!
Bai.
Txoratuta zegoen. Bueno, orduaaan... Bale!
eta horrela harriturik
bazkaria prestatzeaz ahazturik
oilo oilaloka
gure oilaloka kilikoloka
geratu zen txunditurik
eta...
Eta zergatik zegoen oso pozik? eeh? zergatik, zergatik ZELGATIK?
Oiloa oso pozik zegoen, maitetxo, umetxo bat izan behar zuelako.
Huummmmmm.
Eta horrek oso pozik jartzen zuen.
Baaaai?
Bai horixe!
Huummmmmm.
Izan ere hain da ederra haur bat errutea!
Zeeer?
Arraultze bat edukitzea!
Eeeh!
Haur bat edukitzea!!
Aaah!
Eta han joan zen pertxenta
paseatzera bizikletan
oilaloka kilikoloka gurea
Eta zergatik da hain ederra haur bat edukitzea?
Haurrek bizitza alaitzen dutelako, maite.
Baaaai!
Beren irribarreekin.
Baaaai
Beren jolasekin.
Baaaai!
BEREN GALDEREKIN!! Haur bakoitza, loratzen ari den larrosa bat bezala da.
Looooratzen ariiii den larroooosa bat...
Bai.
Bai poliiiita!
Hummmm. Abestia gustatzen zaizu?
Bai.
BERAZ EGON ISILIK!
Han ibili zen irriz eta saltoka
gure oilaloka kilikoloka
Eta larrosak zergatik loratzen dira, eh?
Larrosazkoen familikoak direlako eta loreohean egoki sarturiko lore-eztenak eta lore-zilak DITUZTELAKO. Eta landaretxoak loratzen diren bezalaxe, gizonak garatu egin behar du errealizatu.
Bueno, bale!
Eta utzidazu bizitzen!
Plazan ibili zen jirabiraka
eta itzuli zen korri...
Eta pertsonek zergatik dute errealizatu beharra? Zeee...
Zeren eta errealizatzea, zera zertze soila gainditu eta eguneroko leloaz bestaldera iragaitea bait da, harik eta nolabaiteko oreka lortu arte, nolabaiteko oreka, esate baterako, zuhaitz batek bezalatsu.
Aah, zugaitz batek bezalatsu.
Zuhaitz.
Zugaitz.
Bai, zugaitz batek...
Zuhaitz batek...
Hegan doan abioitxo batek bezala.
Aaaah, abioitxo bat hegoooan...
Bai, hegoooan. Flotatzen duen txalupatxo batek bezala.
Flotatzen duen txalupatxoa. Ongi dago.
Eta bazkaria...
Eta txalupatxoak zergatik flotaaatzen duuu?
ZEREN ETA LIKIDO BATETAN MURGILDURIKO GORPUTZ OROK BEHETIK GORANTZ BULTZADA EXPERIMENTATZEN DUELAKO, BERAK KANPORATZEN DUEN LIKIDO BOLUMENAREN PISUAREN NEURRIKOA. ARKIMEDESEN PRINTZIPIOA DA.
Norena?
Arkimedesena. Hori aurkitu zuenean eureka esan zuen harena, alegia.
Jujujujujajajaja! Oilalokak bezala.
Bai, oilalokak bezala eureka esan zuen.
Eta oilalokak zergatik esan zuen eureka?
Ez, txiki, ez. Oiloek ez dute hitzegiten.
Buaaaaa...
|