L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren blaga (Non gertatu han ostatu) (1978-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Bat, bi eta hiru musikaz

 

Pott Man

 

        1) Duela zortzi bat urte Rollings Stones-en lehengo diskoen zinta gehienak edukitzeagatik ez genuen uda gau bat ere pasatzen Radio Luxemburgo entzun gabe. Beatles-ak azkenean ez zitzaion larregi gustatzen nire lagunari eta J.M. Paris "Maquina" taldea uzteko omen zebilen... Musika Pop-aren garaia Elvis-ekin joan dela eta diskaetxekoak inbento berri bat egin nahiean dabilkigu. Protesta kantarena, alegia. Herri kantarena.

        "Oh babi when I come to lie in you arms" esaten du Dylan-ek Beverly Hills-etik. Leonard Cohen-en lagunei (emakumei batez ere) lore beltzak sortu zaizkie belarrietan eta Joan Báez kaka mokordo batzuk sakabanatu ditu Phil Ochs "azkenaren" hilobian. Woodv Guthrie ere hil egin zen eta Pete Seeger gixajoari seguruenez: "alde hortik, testimonial hori" esango diote Ipar Amerikako bueltan. Diskaetxekoek, berriz, ez dute errezean bere buruak irabazten uzten. Ejerzitoek martxa militarrak bezain ongi jotzen du kontsumoak herri kanta: Ipar Amerikakoa erdi agortuta, Hego Amerikara jo zuten. Bi urtetatik hona izugarria izan da hango exiliatuen lanak aprobetzatuz gure belarriek pairatu behar izan duten eraso aldiak. Apur bat berantago demokrazia profeituz "rejionalidadeen" musika goraipatzen dihardute ozenki. Kantari ezezagunak plazaratu dizkigute. Guzti hau ez da, noski, edonola egin ahal. Musika pop-aren idoloek utzitako pedestalak betetzeko asmatu den inbentorik baliotsuena izan da. Egundaino eta hamabost urtez baztertuta ibili den kantaria goraturik ikusten du bere burua nongo indarrez poderioz ez dakiela. Ah. Famatua naiz! Protesta kanta fenomeno berri bat balitza aurkezten digute, hau dalako, hain zuzen, produktoaren lehen betebeharra.

        Gauzak daudenez protestatzea negozio ona ukan dezakezu.

        2) Herri kantaz hitzegitean, beste hainbestetan bezala, zailena definizioa da. Zer da herri kanta?.

        Lehengoan Pete Seeger-i elkarizketa bat egin zioten telebistan (Pottekoak ere telebista ikusten). Zergatik kantatzen zuen galdegin zioten. "Seguru asko bankujabe batek diruaren truke ari naizela esango luke".

        Bizimodu sortzaile batetatik elektronikaren erreinura eman diren pausoak ilundu egin dute herri kantaren esan nahia. Espektakuloaren zentzua ere aldatu egin da. Kolektibitate baten espilu izan da herri kanta. Indibidualitateak adimen zabalago baten oihartzunak baizik ez ziren. Entzule sortzailea izan da. Partaide zuzena. Espektakuloaren zentzu zuzena gordetzen zen. Edozein herritar bihur ziteken bertsolariaren erantzule... Adibidez, nahiz eta "pop" izena bera "popular"-etik etorri, ez dugu guk musika "pop" deritzana herri kantarekin lotzen. Guretzat herri kantaren kontzeptuak jeneralean bi zati biltzen ditu edo bitan bana daiteke (Maori jarraituz, noski).

        Batetik, "kantu zaharra", hau da, ttikitandik ikasitako hura edo tabernakoa edo kantari hari entzun niona. Besterik oraingo kantariek egiten duten kanta mota berria. Hasiera batetan protesta kanta deitzen zitzaion. Aurrerago protesta kanta hau herri kantaren atal bat baizik ez delakoan herri kantaz hasi da hitzegiten. Hauetatik aparte badira, jakina, hamaika joera eta Folk-Rock-arena izan daiteke hauen artean interesantena. Tendentzia eta guzti, nola explika daiteke mugimendu honen koherentzia? Ba du, nik uste, beste kanta motetatik diferentziatzen duen bereizgarri bat: mugimendu erreibindikatiboa da.

        3) Gainetik begiratuta ere herri kantaren mugimendu hauk gehien indartu diren lurraldetan bereizgarri berdintsu agertzen dira.

        Aldaketa kualitatibo bat itxaroten den herrietan edo bizimodu diferente bat lortu denetan kokatzen dira mugimendu indartsuenak. Forma zaharren erreibindikapenak ba du Paradisu Galduaren giroetara itzultzeko asmo estalia. Irlanda, Bretainia, Gales Herria, Galizia, Euskal Herria... Beste zenbaitetan kontsumismoak agindutako musikaren kontrako mugimendu bezala agertzen da. Cuban, esaterako. Nova Trova Cubana-k aukera estetiko oso bat eskeintzen du...

        Joera hauen ekzepzioa bezala Bretainia Handiko Folk Revival har genezake. Beste toki gehienetan herri kanta aukera politiko oso konkreto batzuekin lotzen bada, ez da hori kasu honetan gertatzen. Bretainia Handiko Revival-en bereizgarririk handiena bere anti-yankeesmoa da. Anti musika pop dira, zentzu komertzialean, behintzat. Hein handi batetan elektronikaren kontrakoak... baina beren erdiespen gorena sortu duten barne organizazioa da.

        Honetaz urrengoan egingo dugu berba. Nekatuta nago.

 

Discografia — Amancio Prada

 

        —"VIDA E MORTE"—

        Frantzian argitaraturik, Amancio Prada Parisen bizi zeneko lana dugu hau. Disko aski hetereogeneoa. Gazteleraz eta gailegoz kantatzen ditu hainbat idazlen poemak (C.E. Ferreiro, N. Guillen). Agertzen den amodiozko letra bat hark egina da. Diskoetan agertu den bere letra bakarra, hain zuzen.

        Lehen lan honetan gerora konstantea bihurtuko den A. Gattinoni violoncello jotzailearekin agertzen da.

 

        —"ROSALIA DE CASTRO"—

        (1.975 —Movieplay— Gong) Idazle honen textuekin osatutako L.P.a. Espainiako estatuan agertu den Amancio Pradaren lehena. Musika aldetik, aurrekoan bezala, gitarra eta violoncelloarekin agertzen da. Finezia izugarriaz eta hain definitorioa duen melankoliaz apaintzen ditu Rosaliaren textoak.

        Nahiz eta, gure gustuko, bere lan gorena izan ez, lehengoa baino askoz osoagoa.

 

        —"CARAVEL DE CARAVELES"—

        (1.976 —Movie Play— Gong) Oso disko interesgarria. Betiko gitarra eta violoncellistatik aparte, zanfoña, perkusioa, flauta, cromornoa sartzen ditu.

        Kantu eta doinu zaharrez osatutako disko hau interpretazio eredutzat har daiteke. Sinpletasun miresgarriaz konpondua, Amancio Pradaren boza instrumentalki oso ondo apaindutako kantuen gain nagusitzen da; inoiz baino seguruago eta garbiago agertuz.

 

        —"CANTICO ESPIRITUAL"—

        (1.977 —Hispavox) San Juan de la Cruz.en textoa. Amanciok berak esan zuenez, lau urte eman ditu disko hau preparatzen. Beharbada, bere lanak gordetzen duen bereizgarririk nabariena argitaratzen du disko honek: Misticismoa. Erabateko interpretazio mistikoa egiten du, gitarra violoncellistarekin eta bibolinarekin, momentu izugarri lirikoetara ailegatuz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.