Ipui bat bost minututan izkribatzeko
Maria Pott eta Kastero
Ipui bat bost minututan izkribatzeko beharrezkoa zaizu, hain zuzeneko luma tradizionala eta paper zuria ezezik, hareazko erloju nimiño bat ere, zeinak iragan denboraren berri ematen dizunarekin batera, bizitzaren eta ondorioz zeure aktibitate horren berberaren alfertasuna ere irakatsiko dizun, eta uneoro salatuko. Ez jezarri gero oraingo orma monotono eta monokolore horietako bati begira, zure begirada gal dadila leihotik haruntz hedatzen den ikusmira zabal horretan, non kaio eta marloiak, eta zenbait txori ezdeusago ere, bere bozkarioaren geometria dibujatuz doazen. Komeni zaizu, derrigorrezkoa ez izan arren, edozein musika entzuten egotea. Gauzak hola, jira ezazu zure barne teleskopa zeure gorputzaren baitara, eta galde egiozu ea gogo onez dagoen, egarri ala goserik duenentz, egarri-gose ala bestelako larritasun motarik; erantzuna baiezkoa bada, hazkura orokor bat sentitzen baduzu edo, ez zaitezela horregatik etsipenean eror, harritzekoa bait litzateke lehen saioan, ahalegin lehenean, lana bideratu ahal izatea. Kontuan izan nola oraindik minutu erdia ere bete ez den, altxa eta joan zaitez sukalderaino, lasai ibili, ez da aparteko ezer gertatzen ari. Sukaldean ontzi bete ur edan ondoren eta lepagaina ur berberaz ihurtziz gero, are eta hobeago bisita ezazu komuna mahaian bereseri aurretik.
Hor daude marloiak, hor daude eliztxoriak, eta hor baitaere ezkerretara daukazun apalean hiztegi lodi bat. Har ezazu kontu handiz, elektrizidadea balu bezala. Izkriba ezazu orrialdean hurrengo esaldi hau: ipui bat bost minututan izkribatzeko beharrezkoa zaizu. Jadanik egina daukazu hasiera, bi minutu doi bete dira eta lehen esaldi hori ezezik, ezkerretako eskuan duzun hiztegi horren mamitan dago falta zaizun guztia, zinez esaten dizut milaka hitz horien ahalmena infinitoa dela.
Jarrai egiozu orain zure senari eta imajina ezazu zu zeu Golem berbera zarela, letraz eginiko gizona ala emakume bat. Zu zeu osatzen zaituzten letra horik arki dezatela sinpatiaz lehertzen diren dimanita kartutxuak bezala bere letrakidea hiztegikoen artean. Dagoenerako beste hainbat segundu pasa dira, baina oraindik ez duzu xahutu zenuen denboraren erdia ere.
Eta ustegabean, izar erratua bailitz, lehen letrakidea bere lozorrotik atera eta zuregana etorri egiten da, zure baitan etzaten da zai bezala, humil. Lehen hitz hori transkribitu egin behar duzu zuk, bidaia horretan hazi ere hazi egin den hitz labur hori: SAREA.
Hitz berri honek beste guztiak erne jartzea lortzen du, eta etxe zoroko ate bat zabaltzen denean bezala, mugimendu urduri bat jabetzen da hiztegiaz. Luze gabe, bigarren hitza inguratu egiten zaizu: ESKUAK.
Sobresorpresa zabalduko zenukeen legez, tira egiozu hariaren punta horri, eta estraineko aldiz ikusten den ikusmirari bezala egiozu agur parentesia artean enpaketaturik datorren esaldiari:
(bai, sare hau bota nuen burutik eskuak erre zitzaizkidan egunean)
Eta oraintxe bete dira hiru minutuak. Lehen esaldia ipini duzunerako beste asko datozkizu hala nola gau tximeletak argirantz, egin ezazu hautapen bat, eta ondo pentsatu ondoren zabal ezazu bigarren parentesia:
(jendeak nitaz gupida hartzen zuen, aurpegia ere errea nuela uste zutelako bereziki; eta niri, nuen sekretuagatik, bere gupida faltsuen gainetik nengoela iruditzen zitzaidan)
Oraindik bi minutu edo ba dituzu. Ez duzu jadanik hiztegirik behar, utz ezazu.
(ba dakizu emakume arras ederra nintzela, eta loreak bidaltzen zizkidatela hamar bat gizonek)
Laugarrena datorkizu hirugarrenaren horpotik, katiatuta ia.
(horietako gizon batek aurpegia erre egin zuen honela bere burua nirearen egoera berberan jarriko zuelakoan, gutun bat bidali zidan orain berdinak gara zu eta biok, har ezazu ene jokabidea maitasun frogatzat letra ttikitan esanez)
Azken minutua xahutzen hasten da azken aurreko esaldiarekin batera:
(nigar egin nuen gau askoz ene orguiloa eta nire maitalearen zoramen humila gonparatzen nituen bitartean; aurpegia benetan erretzeko asmoz jaiki nintzen)
Hogeitabost segundutan osatu behar duzu azken esaldi hau:
(sofrimendu fisikoak ez ninduan atzeratu, hain hasiera ederraren, eta latzaren jarraipena nahitaez arruntagoa izan beharko lukeela pentsatzeak baizik. Baina bestalde, ezin nuen permititu ene maitalea egiaz jabe zedin, ez bainaiz hain krudela. Horregatik joan nintzen bere etxera. Berak ere errezela bat zeraman. Ene bularrak eskaini nizkion, eta errezelen sekretupean maitatu ginen. Eta gero labaina sartu nion bihotzean nigarrez. Tranpa guztiak mortalak gertatzen direlako nigarrez).
Eta parentesia ixten duzu ipuiaren amaiera emanez erlojuaren azken hondar alea jausten den pundu berean.
|