L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Allen Ginsberg erotu zaigu

 

Mass Aberlatxe Quel Kopon

 

Allen Ginsberg erotu zaigu. Lastima. Azken urte hauetan bagenekien ez zebilela ongi giltzurrunetatik. Haur tiki bat zenean, berak esan zigun:

        —ni haunditzean, bizar eder eta beltz beltz bat edukiko dut.

        Eta egia izan zen. Baina, gizondu eta gero, esan zigun berriro:

        —orain, liburu sail bat idatzi beharko dut, jendeak jakin dezan zergatik nik nahi nuen bizardun izan txikitatik. Eta guk orduan:

        —zer esan duzu, liburu sail ala zail bat?

        Orduantxe bertan, gehiegi haserratu zitzaigun eta kristoren karraisi bat bota zigun: Howl! (howl bat, alegia), eta beste bider bat: Howl!

        Eta hortik aurrera, gauzak ez ziren ondo joan. Guk ez genion kasorik ere egiten, normala den bezala, ezta?. Nola egin bada, zoro horri. Hasi ginen konturatzen, baitaere, burutik zeharo jota zegoela. Orduan, bera, munduko USA guztietatik, eta Amerikatik baitaere, bueltaka hasi zen jendeari azalduz nola eta zergatik guri bota zigun howlaisi hura.

        Niri, Ginsberg tipo hori, ez zait sekula gustatu. Mania handi bat hartu nion, eta oraintxe esango dizuet zergaitik gainera. Ni behin batean, ez dakit oraindik ere nola, Ginsberg-en liburu bat irakurtzen ari nintzela hauxe topatu nuen han bertan:

        "Supermerkatu bat Kalifornian: ze muxikak eta ze erditzalak! Familia guztiak erosten gauean! Pasabideak senarrez beterik! Emazteak ananetan, umeak tomateetan! —eta zu, Garcia Lorca, zer ari zinen egiten hor meloietan?"

        Momentu hartan bertan, hori irakurri eta segituan, etorri zitzaidan hemen min bat, hemen giltzurrunetan, kristorena, nik ere orduan bota nituen bada nire garrasiak, gaur arte, gaur ere hala nabil hemen karrasika. Hau, gauza arraro bat izango behar, benetan, bestela ez duk posible. Zeren gogoratzen naiz orain nola beste behin batean antzeko gauza gertatu zitzaidan. Orduan, hau garbi daukat, Jaques Brel-en poemak ziren, eta bere poema batean hau irakurri nuen: "C'est l'heure oú les épiciers se prennent pour Garcia Lorca".

        Izugarrizko gaitz bat harrapatu nuen orduan ere; ez dizuet esango izenik oraingo honetan. Baina, goazen harira.

        "Mozkor gaua nire etxean mutil batekin, San Francisco —Etzanda nago erne-iluntasun—", hau Ginsberg-ek dio, ez nik, edota hobe esateko, zion, orain dela hogeitabost urte. Orain zahartu da. Ez dago mutil batekin, bere amorante eta poeta Orlovsky-rekin baizik, eta ez dago erne, lotan baizik, erdilotan eta zurrunkaka.

        Lehengoan berarekin egon nintzen, Ginsberg-ekin, eta nik ezer esan baino lehen, hasi zitzaidan:

        —Isilik, txo!, eta entzun gure Beneragarri Chogyam Trungpa, Rinpocheren mezua, oso goitik datorren mezua da eta. Ez duk ezertaz sinisten, eta horrelako bizimodu txarra eraman ezkero ez duk dharmadhaturik sekula aurkituko, eta hilgo haiz noski.

        Orduan Orlovsky-k han zegoen gong bati izugarrizko kolpea jo zion, eta Ginsberg-ek han zeukan itsasbarraskilo batez marruka hasi zen. Eta hura bukatuta gero, mozkor kantu triste bat hasi zen kantatzen.

        Egunero teatroa egin beharra, zaila eta gogorra da guretzat. Komiko txar batzuk besterik ez gara. Egunero pertsona dezente eta formalak izatea gauza gogorra da. Interpretazio zaila. Allen Ginsberg erotu zaigu zeharo. Eta gu triste eta serio gaude. Lastima. Gure agure Ginsberg, agur.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.