L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Biharamunean, gaur, jakin izan dut

 

Sam Tavermier

 

Egundo ez dut jakin gaur arte, ia zergatik ttikitan eta ez horren ttikitan ere (gaur bizi izatera justu galtza luzetan ikus nintzakezue) eskatzen nuen guztia ekartzen zidaten. Eta hori gutiziatsua izanik oso. Inoiz biharamuna iritsiko zen ene guraria bete bage, baina bigarren egunik behin ere ez.

        Eguberritan bi erregalu hartzen nituen; bata ene urtebetetze egunarena, bestea erregen bezpera gauez amak kontuz ohe oinetan uzten zuena. Lehenengoakin gogait egiten hasten nintzeneko, bigarrena, tenorez, agertzen zen han eskola egunen atarian.

        Beti eduki nituen jostailurik karuenak, bitxienak, edozeini ere inbidia sortu ahal ziotenak. Ja!! eta azkenean zer, hain hotz, hain urrun erizten banien!! Jostadu haiek miresteko baino ez ziren. Denak ondo burututa, ondo pinttatuta. Eta zer edo zer apurtzen zitzaienean ez ziren deusetarako gauza. Orduan berriro dendara. Bestenak ostera, edo bai heurak eginda zeuden, edo bai urteko erregalu bakarrak ziren. Honegatik hain maitekiro zaintzen zituzten, honegatik zuten iraupena hain luzea.

        Gaizotzen banintzen (berau maiz suertatzen zena izan ere) gela epel batetara bialtzen ninduten litroka kafesne berokin, non egunen puruz sendatzen behintzat eskolara joan etorria tente egiteko heinean. Egun haietan etxe osoa itzultzen nere nahikeritara. Liburu eta jostailuz gainezka jartzen zen ortura ematen zuen gela kaxkar hura. Halere denbora izaten nuen guztiei birpasa emateko; are, ezerezean geratzen nintzen eta orduan zeruan zeuden arrailekin milaka mapa, milaka uharte eta kontinente burutzen azkenean loak garaitzen ninduen artio.

        Eskolan harridura sortzen nien horrenbeste jostailu, arropa berri (izeba zen nere jantziduraz arduratzen zena) pitxi eta lelokeri erakusten nienean. Egia esan behar banu, hau zen modu bakarra mutikoen adiskidetasuna eta esker ona zelanbait neureganatzeko. Baina hau, ene zorigaitzean, noizean behingoa baino ez zen, heuren komenientziarako zenean alegia. Inoiz bateon bati zer edo zer erregalatu ere egin nion arestiko asmo berberakin.

        Nik esanen nuke nere ibilduran izar onik ez dela egon. Eta diot. Batez ere orain dena galduta dudanean eta fedege izatearren madarikazio bat botako didaten beldurrak ez nagonean. "Izar eder bat dago hor goiko lepoan..." bai, nere mesedetan egin dutenagatik denak saku batetan sartu eta petriletik behera botako nituzke.

        Eskolan neskamutikoen sanotasuna ez nuen hiru urte baino luzeagotan goza ahal izan. Kolejio ilun bat jaso zen ene aurrean, harek irentsi ninduen, eta atzean burnizko ate ugertu bat berriro hertsi zen oraingoan idekitzean baino ugerrago. Etxeko eztitasunetik prusietara eman nuen pausoak sentimenetan ezezik osasunean ere kalte nabaria egin zidan.

        Hilean behin edo etxera bueltatzen nintzen. Hontarako egun izendatua zegoen. Asteburu hoietan kolejioa ia hutsik geratzen zen, orduan praileek batak bestea zaintzen zuten. Mundu guztia etxeratzen indar hartzeko eta lasaitasun pixka batetan murgiltzeko. Hau ez zen hain zuzen nere kasua.

        Egun hoietan aita zetorren bila. Lehendabiziz erretorarekin berba egiten zuen, uste dut nitaz arituko zirela ezen hortik landa bi gizon haiek (horren berdintsuak azerikerian) ez ziren gauza elkarrekiko ezagutza bat aurrera eramateko. Etxerantz bidean, belazti eta soloetan baregai bat aurkitu nahi nuela, kristolako berbatza zen gure aita. Izebak hau ekarri zuela, Listak umeak egin zituela, ez dakit norek zer zeukala neretzat, ez izateko horren ahula ezen kolejio urteak pasako zitzaizkidala mundu guztiari bezala, poz nendila hara joan ahal izateaz, ia zer esanen zuten etxekoek horrela ikusten baninduten, hauzoak ere arduratan jarriko zirela. Etxea buelta ostean agertzen zeneko, iadanik burua handi handi eginda neukan.

        Gurean ez zegoen zerbitzari beltzik, baina egon baten bera ere aterako beste guztien atzekaldean harrerarik beroena (zarata eta zalaprasta berotasunakin konfunditzen zituzten) eskeintzera heldu berriari. Ia andaka salaratzen ninduten non ezer ez zen falta, txokolatea, esnea, pikupasa, madalena, mermelada, ardo goxoa, lehengusinen begi urdinduak. Den dena neuretzako bakarrik. Jaten hasten nintzeneko euli mordo batek legez inguratzen ninduten galdera geldoetatik plazer lizun bat ateratzen zutela. Harridurazko zeinuak ere egiten zituzten; zenbat galdu zaren!! ez duzula jaten dirudi!! eta berotasunaren goienean inor ausartzen zen praileen kontrako zer edo zer esatera.

        Garai hortan ernetzen hasi zitzaidan horrenbeste ugaritasunen etorria nondikoa zenen eztabaida. Zeren apur bat konturatuz gero, etxean aitak baizen ez zuen lanik egiten, eta beronena ez bait zen oso oso normala. Harategian osaba zen hango gehiena egiten zuena. Biak erdina zihoazen, ostera hari ez zitzaion hainbeste usai goxo ate zirrikitutatik eskapatzen. Bata egun osoa harategian zegoen, bestea, aldiz, ganadu erosten (asteoro hiltzen ziren bi buru nagusi) hor zehar. Etxe ingurura inondiko jendea urreratzen zen, tratularietatik hasi eta ijitoetaraino. Barrura egundo ere ez ziren sartzen, beti kanpoa zen heuren berriketa lekua (antza berba errezago ezabatzen zela). Aitak kasu hoietan bazekien hitz egiten, xuabe, astiro, saindu batek bezala. Zer gizon arteza ematen zuen orduan. Baina hobeto engainatzeko erabiltzen zen maina zaharra baino ez. Azkenean haren berbak ziren tratugaiari balioa ezartzen ziotenak.

        Ganadu anitz zetorren gure hesparrutara, ostera, batek ere ez zuen luzaro irauntzen. Eta honek pena ematen zidan ezin bait nuen haietariko batekin ere erlaziorik sendotu pizten zireneko eramaten bait zituzten. Are penatzen abere haien itxura lastimosua ikusita. Oraindik heuren azkena ezagutu barik errukia senti erazten zidaten.

        Nere eztabaidak gorputz handiagoa hartu zuten handik lasterrera. Betidaniko gaitzak agertu zitzaizkidan eta, jakina, ohera beharrean aurkitu nintzen. Bazirudien nahiko larria zetorrela oraingoa. Ez jostailurik, ez libururik ez zen azaltzen gelako mahain gainetara. Beste gauza batez ere ohartu nintzena zera zen, lehenagoko gaitzaldieta nere elikadura erabat zaindua bazen (sendagileak puntu eta koma guztiakin jartzen zituen egunoroko jana eta bitaminak) oraingoan ez zen horrelakorik jagotzen, guztiz bestela, goxoki eta janari oparo eta koipetsuak betetzen zuten zerbitzurako zedarrezko bandeja hura. Era berean, gelako hatsa zaramategi batetakoakin konfundi zitekeen. Ito, arnas hestutu, egiten nintzen itzelean. Ikusten nuen zelango abiadan birikak sinfonia desafinatu batekin hasten ziren. Egun batetik bestera (hamabosten bat egun naraman eta kapoi bat bezala nengoen) larriago jarri nintzen. Azken egunean, hor goizerdi ingurura, aitaren bisita eduki nuen. Ezpainak mugitzen zituen arren haren hitzen hotsik ez zuen jasotzen ene entzumenak. Baina bere arpegiko poz irria egundo ez zait ahantziko.

        Biharamunean, gaur, funtsean jakin ahal izan dut gure etxeko aberastasuna nondikoa zen.

        Sukalde handi batetan natza. Mahain luze bat dago erdi erdian marmorezkoa, eta haren gainean, beste gauza batzuen artean, gure etxeko asto zaharraren atzeko atalak (bost bat egun lehen, hil zela esan zidan amak; oraindik biok etxeari gagozkion), honantzago porro eta kipula buruak, eta hemen ertzean hotzetan (marmora inoiz ez da epelduko) nere zati batzu daude, dozenerdi bat saiets eta ezkerreko besoa hain zuzen. Ostantzean sukaldeak garbia den itxura dauka; dena baldosa xuriz hartuta, su ona, kanpo aldera ematen duen lehio zabal bat, eta oro ardura handiz eramaten duen sukaldaria. Honek heltzen nau (hemen nere saietsei buruz ari naiz) eta seguraski irakitzen dabilen heltze arraldoira sartuko. Begiak azpil batetan dauzkat, alasa antzeko zerbaiten gainean. Oso libre daude arpegiko hobitatik kanpo, txarrena jiratzeko ez direla gauza. Eskerrak euliño batek bere erpak pausatzen dituelako eta ikara doi doi bat ematen dut (eskubiko begiari buruz ari naiz). Hau bestelakorik da!! Lehioa ikus dezaket, handik landa ere. Murrail baxu bat dakust, haren erdian ate bat. Honen buruan burni beltzez egindako letra batzu. Natzan lekutik itzulitara jausten zaizkit, halere ahaleginduko naiz haien irakurtzean. Besterik ezean eskubitik ezkerretara. Sukaldaria ene begiengana dator baina urreratu orduko ene gogora bidaliko dut letren mezua. Hau dio: OSPITALE SIKIATRIKOA.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.