L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren praka (1979-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Neskatoa

 

Pottio Pilatos

 

(itsas gainean untzi bat dago, eta untzian gela bat, eta gelan kaiola, kaiolan txoria, txorian bihotza, bihotzean gutuna, gutunean idatzia dago: JEANIE maite dut. Jeanie maite dut, dio gutunak; gutuna bihotzean dago, eta bihotza txorian, txoria kaiolan, Kaiola gelan, gela untzian, eta untzia urrun, oso urrun da itsaso handian.)

Marcel Schwob

 

Neskatoak nigar egiten du mahain ttipiaren alboan kuxkurtutik; estali berria tertziopelo beltzez, zutabe bat dirudi mahainak sarrera-atearen anguloko zokoan; zokoraino iristen dira, hain zuzen, malkoak, zoluko argizariaren gainetik linburtuz, eta putzu bat osatzen dute bertan. Neskatoaren eztarri delikatua antsi ozenago batez urratzen da harnasik gabe geratzen den alditan, eta bere gorputza zirrara batez astintzen, zirrara batez astintzen trapu zahar emozionatu bat bailitz; oraindik hauskorra da neskatoa bere hamairu urte zurbiletan. Eta bapatean, makurtuta egoteaz asper-edo, bapatean bota eta etzan egiten da lurrean, bapatean marioneta desharitu bat bezala erori eta munduari bizkarra emanez egotea nahiago balu bezala, sekretuago kexatzea bere desioa bailitz. Mahainaren gainean, terziopeloaren erdian, zilarrezko erratilu bat ipini dute, eta erratiluan barreiatuak txartel batzuk daude. Txartelen ertzak ere beltzak dira, eta hurbiltzerakoan, gure begiak horretara jarriz gero, esaldi lakonikoak irakurri ahal dira beraietan, irakurri ahal dira beraietan. Eta ezkerretara, pauso batzuk aurrerago, beste ate bat dago, eta atearen zehar pasatzean, pasilu mehar bat agertzen zaigu, eta pasiluaren amaieran oraindik beste ate bat ageri da, bi zatitakoa, kristal opakoduna. Eta zabaltzen dugunean mahain haundi bat nabaitzen da bi kandelabroen argien laguntza dardartiaz. Eta mahaiaren gainean kaxa bat dago, luzea, hiletetakoa, eta kaxaren barruan presentzia ixil bat datza, gorpu baten mezu inplakablea. Eta emakume gazte batek dio: Klara gaixoa, Klara gaixoa. Eta suspiriatuz, eseri egiten da gelaren hondoko aulkian. Aulkia anakronikoa da nolabait, zumitzezkoa, beste gela batetik —jazoera bat dela eta— baezpare ekarria. Jazoera, ezpairik gabe, Klara deitu emakume zaharraren heriotzea da. Aulkiaren jatorria, berriz, ez dago hain nabarmen, ba liteke hil berri berberari apartenitu izatea. Gela honetan, bestalde, aulkiak ia ez dira kabitzen, gainezka daude, jende askoren esperoan baleude bezala. Emakume gaztearen belarrietatik eskegita dauden zintzilikarriak diztira ilunez ornitzen dira argiaren sendoaldi bakoitzean, eta lehendik —bizitza osoa bertan daramala pentsa liteke kasik— eserita dagoen hirugarren emakume batek erne begiratzen die bitxiei, liluraturik, eta inbidiaz ere bai, apika. Eta orduntxe bertan sartzen da gelan gizon lodikote bat; atea zabaltzeko erabili dituen imintzio seguruak etxekoa dela adierazten dute. Emakume gaztearengana joaten da zuzenean. Emakumearen zapatak txarolatuak dira, eta takoi luze, oso luze, batzutan oinarritzen dira. Beltz trasparente batekoak dira bere galtzerdiak, haragi leun eta xuri bati atxikitzen diotenak.

        Lodikoteak gelaren beste iskinaraino eramaten du emakumea; ixiltasun haren erdian takoien takatekoak zintzirri afoniko batzuk bailiren entzuten dira. Zutik hitzegiten dute, bata bestearengandik hurbil. Ez dakizu zer gertatu zaidan atetik sartzean, dio emakumeak, ordurarteko mintzoa baino ozenago. Geroxeago sarrera seinalatzen du, eta ondoren, zapata bat erantzi eta erakutsi egiten dio gizonari. Behatza takoitik pasatzen du. Oraindik ere —ikustezu?— odoldua daukat takoia. Ezpain afrikano batzuk doi mogutiz, izan ere zakur zikin hoik beti dabiltza ankapean, apuntatzen du lodikoteak, zapatari bi eskuren artean eutsiz. Ba dirudi gustoz ferekatuko lukeela objetua, musu emango liokeela edo. Baina ez, horren ordez emakumeari bihurtzen dio, bere oinera itzul dezan. Eta hori egiten du emakumeak, berna neurriz gain —barrokoki— altxatuz. Gizonak beraren izterren hasiera perfektoa dastatzen ahal du horregatik. Emakumea geldiro, mantxo, ari da, utzi egiten dio dastatzen. Pentsa liteke hirugarren emakumeak —eta ez hildakoak, jakina— eragozten diela hortxe bertan etzan daitezen, hortxe bertan maita daitezen. Pentsa liteke basati ihardungo luketeela elkarri jotzen, eta imajina liteke baitaere esperma soinekoaren zimur arin hoietan korritzen, eta galtzerdi beltzeraino ixurtzen. Baina esfinge itxurako emakumeak, errezoei utzi gabe, zeharka egiten die kirika. Bere begiak, somete, orratz-buru beltxak dira, zelatariak, eta are zelatariago bere aurpegi flakoan. Sonbreilu amerikano bat dauka eskuetan. Mahaina, kaxa eta atea, eta atearen bestaldetik berriro pasilua, eta pasilutik aurrera jotzean neskatoaren nigar kontsolaezina. Eskubitara jiratuz, ilunbista hartan, ostera agerian jartzen zaigu neskatoa, gona plisatuaren ertzekin ari da musua eta begiondoak lehortzen, eta orduntxe bertan datorren bisitalari berri batek tristeziaz begiratzen dio. Eta eskubitatik izkutatzen da, ate arrunt bat ideki ondoren. Armario haundi eta zuri batek sukaldean gaudela adierazten digu. Bisitalaria, berroegi urte inguruko gizon argal bat, askaraino joaten da, eta eskuak garbitzen dituen bitartean leiho zabal eta burniz babestutako batetik begira geratzen da. Erreparatzen du gero bere eskuetan, odolaren kolore eskandalagarriaz mantxaturik daude. Eta aska ur arrosez ornitzen da. Zulotik joaten den arte ez du bistarik apartatzen. Hurrena leihora zuzentzen du bere arreta, ikusten du zeru odeitsua, ikusten du bide bat, eta petril bat. eta hibaia. Eta hibaira begira daude ume batzuk, petrilean eserita.

        Hazila guztietan bezala hibaia arre eta nahasi dator, herrestan daramatza ostro mordoak, errotik atera dituen arbol gazteak. Eta bere hondoan kartoizko kaxa bat dago, eta kaxan harri bat, eta harriaren azpian bi belarri iletsu mugitu egiten dira —harat hunat, banderatxoak bailiren— korrontearen eraginez. Eta belarriei dagokien buru muturluze bat ere ikus liteke hobeki so eginez. Txakurkume bat dago hilik harriaren pisupean, eta bere lepoan daukan zauriak —zulo sakon bat— zehatz erakusten du nola akabatu den.

        Hibaia, petrila, umeak (bi jertse gorriz, guztiak galtza motzetan), bidea eta sukaldeko leihoa. Eta sukaldetik barrena kanporat abiatzen garenean neskatoaren purrustiak, neskatoa nigarrez nekerik gabe.

        Negarrez nekerik ez balu bezala hiru hilabete lehenago lez. Aurremantal txuribeltz bat zeraman, kale haietako neskame pintto guztien moduan. Bere estraineko eguna zen, baina esan diote lan erraza duela, ez dutela behar ez kuzinarako ez lixibarako. Andre-señora gaixo dago, ez, ia ez du ezer, zaharkitua dagoela oso, hori besterik ez, eta gainera ia beti lokartua egoten da, eta hola dagoen bitartean berak ez du zereginik, begira egoteaz aski du, erne egon noski, gerta liteke edozein mementutan medikuaren beharra izatea, bere semea lanean izaten da egun osoan eta ezin daiteke andre-señoraren aldamenean zain egon.

        Estraineko egunak dira eta ohitura ezagatik edo neskatoa izutu egiten da andre-señora harnaska hasten den bakoitzean, korrika joaten da medikuaren etxera, abisua ematera. Izutu egiten da, halaber, norbaitek kolpetik atea zabaltzen duenean. Neskame fin guztiak bezala sila batean eserita pasatzen ditu orduak eta egunak. Ez da ausartzen, sikira, patiora jotzen duen leihotik begiratzera.

        Baina Urriarekin hotza dator, eta neskatoak, bero bila, txingotara jostatzen du beste lagun imajinario batekin. Ohol zabal haietako batean hitz ikaragarri bat idazten du: infernua. Eta kutxaren alboan jartzen du zerua. Eta anka bakarrez meza-liburu bati bultza eginez joaten dira, bera eta bere lagun imajinarioa, infernutik zerura behin eta berriro, infernua, bat-bi-hiru-lau-bost, zerua. Eta aspertzen direnean liburua mesanotxean uzten du, eta kontu-kontari hasten dira aulkian jezarrita. Jadanik ia ez da inor azaltzen handik, eta gaixoa ez da sekula santan esnatzen. Eta Urria bukatzen ari denean medikua inguratu egiten zaio irrifarrez. Zuretzat sorpresa bat daukat, lagun bat ekarri dizut, hainbeste ordu bakarrik egon ez zaitezen. Eta zulodun zapata-kaxa batetik txakurkume gorri bat ateratzen du, eta bere madalean ipintzen dio. Neskatoa lotsatuta dago, eta matte-matte egiten dio animalitxoari. Azkenean, eskerrik asko bat ateratzen zaio. Ez horregatik, dio medikuak, ilea banatzen dion bitartean, ondo zaindu, gero.

        Neskatoak errita egiten dio txakurkumeari emakume zaharraren ohe azpian uxuria egin duelako. Tas-tas emango dizut, esaten dio. Besteak isatsa behera dauka oso. Neskatoak, damutazio leial haren aurrean, barkatu egiten dio, fereku egiteko eskua pasatzen dio bizkarretik. Eta Morito oso gaiztoa dela aitortzen dio bere lagun imajinarioari.

        Hazila da eta neskatoak nigar egiten du mahain ttipiliren alboan kuxkurturik; estali berria terziopelo beltzez, zutabe bat dirudi mahainak sarrera-atearen anguloko zokoan; zokoraino iristen dira hain zuzen malkoak, zoluko argizariaren gainetik linburtuz, eta putzu bat osatzen dute bertan. Neskatoaren eztarri delikatua... (jarrai hasieratik irakurtzen).

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.