Luigi Anselmi:
figlio di un cane
Joseph al Pottonandia
Luigik zazpi urte zituen, papá Vincenzok jaioterritik Chicagora ekarri zuenean. Italiako hegoaldeko Abruzzo mendiak, mahasti lehorrak, eguzki sargoriak eta jaietako musika eta koloreak beti izanen zituen presente bere oroitzapenetan. Familia oso pobrea zen, eta Atlantiko itsasoa zeharkatzen zutelarik, heuren propietate guztiak hiru maleta, sei pakete, lau semealaba eta Chicagoko ahaide batzuren zuzenbidean zetzan. Hiri hontan ere denbora asko iragan zen Anselmi senitartekoengan italiar hegoaldeko hauts grisa larrutik garbitu zitzaien orduko.
Papá Vicenzo labekari gisa hasi zen lanean hogigintzan sei hilabeteren buruan. Alogera, bazterhauzoko pisu hestu batetan anderea, hiru urteko alaba eta haur jaioberri baten miseria iraunerazteko bestekoa zen. Ordurako hil egin zitzaien bost bat urte izanen lituzkeen mutikoa, itsasontzitik jautsi eta ameriketako lehen asfaltoak zapaldu hala. Seme gehiena, Luigi, ez zen etxean sarri geratzen. Kaleibiltari zatar bat bihurtu zen. Egunkariak saldu eta oinetakoak garbitzen zituztenetarikoa zen. Italiar azentua igarri ez zekion ez zen asko mintzatzen, eta hizketaren ordez keinu zehatz eta ukabilen lengoaian trebetu zen. Karteralapurretan ere ikasi zuen eta espaloietan barrena hazi zen beltzaran eta iharra, periodikoak, xikleak eta oinetakoen zintak aldarrikatzen, maiz etxe abandonatuetan loak harturik, kafetegietako dendaosteetan izkutaturik edota okindegietako eskaparateetan begi gosetiak eskegirik. Hamazazpi urte izanen zituenerako kalegarbitzailea zen hogibidetzat eta iadanik, Luigik bere bandarekin eta mehatxuen poderioz dominatu egiten zuen distrito elektorala.
Big Jim Colosimo zen garai haietan Chicagoko hondoko nagusia, eta Anselmi familiaren jatorri berekoa zelarik hurbildanik jarraitzen zituen Luigiren urratsak. Behin, Vincenzo diru larrialdi batetan zelarik lagundu ere egin zuen. Ilunabar batean beragana jiteko agindua bidali zion Luigiri. Big Jim Colosimo onberak harez gero haur besoetakotzat izanen zuen Luigi, eta honek hura berebiziko estimuan. Luigik, laster, burdel bat irekiko zuen Armour abenidan eta bi hilabete beranduago Michaela Scalisi bere aspaldiko andregaiarekin ezkondu zen, biak oso gazteak ziren arren. Edarien kontrabandoan ihardun zuen ondoko bi urteetan, beste bost burdel zabaldu zituen Big Jim Colosimoren babespean eta honek sarritan gonbidatzen zuen afari eta dantzaldietara. Gazte hura, Luigi, nor al zen galdetzen ziotenean, Colosimok etxeko bat zela erantzun ohi zuen. Izan ere, laster bihurtuko zuen bere eskoltakoa, azkarra, harmekin trebea eta leiala baitzen.
Hogeita hiru urte zituenerako, beraz, Luigi Anselmi aski aberatsa zen, edo solbentea bederen, beren gurasoak eta nebarrebak zaintzen zituen eta bere emazteak bikiak erditu zizkion. Ez zen orozalea eta konforme bizi zen bere suerteaz eta bere lanaz. Baina berak egoera baretzea nahiko lukeenean gizartea dardaraka hasi zen eta Chicagoko hormak oro odolez eta negarrez buztiko zituen istiluak sortu ziren. Luigi Anselmiren bizitzan, haurtzaroko miseriari zegokion zahartzaroko ontasuna heldu beharrean, ikara iraunerazten zuen gatazka gotor bat hedatu zen, bizimodua eta gizarte bridari kasurik egiten ez dion zaldi eroa bezalakoak baitira.
Kentucky-ko mendiek ez zuten sekula halakorik ezagutu izan. Hanpako pistolek heriotza barreiatzen zuten emaro. Kaleitxi batean edonor gorpu kausitzea ez zen apartekoa. Whiskya eta zerbeza gainezka zeriten, jokua eta prostituzioa ere estalperik gabe ugaltzen ziren. Egunargiz atrakatzen ziren bankoak. Metraileten traketreoak bazuen oihartzunik kalearte haietan. San Valentin gauean Moran-en bandako zazpi gizon erori ziren zerraldo North Clark kaleko garajearen aurrean, baina hau anekdota bat besterik ez da. Gartzelak hestutzen ziren artean kriminalez beterik zen kalea. Hilobiak nahiz kamino saihetsak hilen berunak ornitzen zituen erruz.
Bill Liebeck pistolero ospetsu bat zen hanpan, sutsua eta trebea. Fortuna erraldoi bat zuen bildua. Biktimaren desanparoaren gupidarik gabe, ez zuen amore ematen otoitzaren aitzinean ere. Bizitzak, propioak ere, baliorik ez balu bezala portatzen zen. Baina ez zen traizioaren artista bat. Eta egingabeak baino malurosagoak dira okereginak. Edatia zen eta mozkorrik zegoela hauskorra zen. Luigiri lehen hilketa ordenatua izan zen, tabernaren atarian pistola eztanda bik piztu zuten une batez gaua eta itzali betirako Bill Liebecken gorputza. Heriotzera ohitua bazegoen ere dardara sarkor bat setitu zuen Luigik lagun hau hain hotzik akabatzerakoan. Gero oro berdin iraun zen.
Baina Luigi Big Colosimoren konpetidoreak ez zeuden loak hartuak, eta honen bizitzaren aurka atentatu zuten goiz batetan Luigi eritua suertatu zen. Hilabete egin zuen hospitalean. Irteeran mendekua zehazki preparatzen saiatu zen denbora luzez. Hilketa perfektoa izan zen, Evergreen Park barrenean, autoan zihoaztela, Joe O'Donnel, Walter Hoffman eta Max Laurentis hil zituzten, hilargia lagun.
Negozioak emaroak ziren. Lege lehorra diruiturri oparo bat baitzen alkoholaren merkatalgotik bizi zirenentzat. Eta bizimodua arriskatzea ere situazio abantailatsu horren ezaugarria zen. Luigi bizpairu bider izan zen espetxeratua, halaber kaleratua bere ugazabak zituen influenziengatik. Lana, dirua eta suertea ere bazituen, baina heriotza zen guzti hau moztu zezakeena. Big Jim Colosimo hil zuten gauean bakarrik zihoan eta ez zen hiltzailea deskubritu sekula. John Torrio izan zen bere dinastiaren jarraitzailea eta Chicagoko bigarren zarra. Honen babespean jarri zen Luigi ere.
John Torrio pertsonaia garai eta zurbil bat zen. Goizetan musu batez agurtzen zuen bere emaztea etxeko atarian, eta igandeetan Santo Tomas elizako mezara abiatzen zenean saindu irudien antza zuen. Milan aldean sortua eta haurtzaroan emigraturikoa zen, 1877an jaioa zelarik Luigiren adin berbera zuen. Hozpera eta isila, Chicagoko hanpako enperadorea zen eta berak kontrolatzen zuen hiria edonork baino areago.
Luigi Anselmi bere negozio propioetara itzuli zen. Ordurako bazituen zazpi burdel, hiru dantzatoki, bi hotel eta hauzo bat berak bermatua. 1923an neskatxa bat ezagutu zuen, Lilian Weiss. Miserian murgildurik heldu zitzaion amarekin batera, abeslari postu bat galdetzen. Haren edertasunaz eta flakeziaz hunkiturik kontratatu egin zuen, eta baita ere maitemindu eta luzaroan lagundu. Hiru urte beranduago Lilian Weiss abeslari ospetsua eta miretsia zen, baina kontrato abantailatuak firmatzeko aukerak izan zituen arren Luigirekin gelditu zen, haren begirada meridionalaz eta azkartasun seriosaz prendaturik. Elkarrekin biziki ziren harez gero aldentzen tragikora arte.
Luigiren anaiarik gazteena William zeritzan eta familia Chicagora ailegatu hala jaiotakoa zen. Luigik bere bizimodutik at mantenitu nahi izan zituen bere senitartekoak baina kasu hontan ez zuen ahal izan. Literaturazale bezain menturazale zen, Jonathan Swift, Robert Louis Stevenson, Jack London eta italiar leienda zaharrak gustatzen zitzaizkion. Irakurtzen eta esaera bakanak asmatzen iragaiten zuen bere denbora. Agian ez zuen nehoiz nobela bat osorik irakurtzeko edo esaerarik bakanena asmatzeko abagadunerik izan, hogeita bost urte zituenean utzi baitzuten zerraldo tiro batez zinegela batetan, eserlekuan bertan eta filmaren erdian, Buster Keaton makinista lekuko. Luigik asko maite zuen bere anaia eta betilunagoa agertu omen zen harez geroztlk.
Nor zitekeen susmatu zuen eta hileten ondoren Madigan aldera abiatu zen. Wabash abenidan gelditu eta autoan itxaron zuen ordu luzez Beaux Arts kafetegiaren aurrean. Noiz behinka algaraka irtetzen ziren bikoteak. Halako batez, gauerdiko ordu batetan, Joe Lombardo, Dean Lake eta Angelo Labriola irten ziren. Joe Lombardo ezaguna zen, langile grebatan pistolero bezala aritua baitzen. Ezkinara heldu orduko, Luigi hurbildu zitzaien ilunetan eta gabardinaren azpitik metraileta aterata hormaren kontra tirokatu zituen erruz. Gero autoa hartu eta Cicero aldeko taberna batetara abiatu zen mozkortzeko. Biharamunean, whiskyaren loak harturik zuenean Angelo Labriolaren agindu bat jaso zuen hospitalera aurkesteko. Zalantzarik gabe presentatu zen handik ordu betera 137 gelan sartu eta Angelo Labriola ikusi zuen ohean tubo artean etzanik, hilzorian. Hanpako legearen arauera, ez zuen hiltzailearen izena salatua. Baina bere azken desioa beronen presentzian zetzan. Ozta altxatzeko bildu zituen bere indarrak oro. Begien dizdirak Luigigan tinkaturik: «Figlio di un cane!» oihukatu zuen gotorki eta atzeruntz erori zen konorte ez taupadarik gabe. Luigik deus entzun ez balu bezaia estali zuen gorpua maindireaz eta irten egin zen. Hiru hiletetara bidali zituen loresortak.
Ordurako Al Capone heldua zen, John Torrioren ondoan. Al Capone «Moztua» zeritzan, aurpegian zituen orbain paralelo biengatik. Traje aunitz koloredunez janzten zen, gorbata gorria eta bitxi dizdiratsuak luzitzen zituen. Indartsua, gogorra, zerebrala eta zuhurra zen. Bere hilketen lista etengabea da, eta areago iskanbilotara metrailetari sarrera eman zionetik aurrera. Trebeki mintzatu ohi zen Chicagon traketreoaren konpasean, hiltzeko manera treberik bada. Luigi Anselmi bere hauzoko erresponsablea zen Al Capone Moztuaren begietan, eta mintzairen ordez tirohotsak nagusitu ziren etxalde hartan ere. Nahi lukeena egin zezakeen edonork alde hartan Luigi Anselmi errespetatuez gero. Halabaina, honen autoritatea arbuiatzea lanjerosa zatekeen. Behin baten Frank Schwartz-ek aldegiteko agindua jaso zuen, Luigi Anselmiren gusturako akats lebe bat kometitu baitzuen. Baina Frank Schwartz ausarta eta sutsua zen eta amore eman beharrean gauerdi batetan Oakley kaleko dantzatokira abiatu zen. Salaren erdira sartu, aulki baten gainean zutitu eta pistola eskuetan estuturik «Non da Luigi Anselmi?» oihukatu zuen. Jazz orkesta berehala isildu zen. Dantzariak ere binaka izoztu eta atzeratu ziren, begi beiratu guztiak Frank Schwartz baitan pausaturik: «Irten dadila zakur hori!» errepikatu zuen berriro ere. Salaren bazter batetik hiru tirohots soltek hautsi zuten tensioa. Murmurio bat hedatu zen, baina gorpu zurbil hura erretiratu bezain laster bikoteak berriz ere dantzara ihalgi ziren jazzaren melodia dolutuaren arauera pista zabalduz, odol zipriztinak zapaltzeaz axolatu gabe.
1926an Luigi Anselmi eta Lilian Weiss ezkontzeko asmoa zuten. Luigi diborziatu egin zen bere lehen emazteaz eta abandonatu egin zuen bere familia, lau haurren hazkuntzarako pensio oparo bat utzirik. Hau ez zen ohizkoa inguru haietan, non bizitzaz trufatzen baziren ere ez baitzieten sekula familiarekiko eginbideei uko egiten. Enrico Morescok, esate baterako, Joseph Pavia bere koinatuak zioenez, hogei urtetan zehar mantenitu izan zuen bere emazte paralitikaren maitasuna. Edozelan ere Luigi Anselmik Lilian Weissekin aldegin zuen. Indianako Grown Point etxaldean ezkondu ziren eta Michigango lakuetan iragan zuten eztaiondoa bi aste betez.
Maiatzaren 17an itzuli ziren Chicagora. Arratsaldean etxe berria apaintzen ari zirelarik telefonoz hots egin zioten Luigiri, eta zita bat ipini zuen gauerako. Bueltarik gabeko bidaia bat izanen zen. Hamarretan irten zen etxetik, inoiz ez itzultzeko. Goizaldean kausitu zuten Ogden abenidan, bide saihetsean etzanda, posta tiro batek sabela hautsirik. Kalegarbitzaileak ikusi zuen auto batetatik botatzen zutela martxan. Luigik anbulanziari deitzeko erregutu zion. Kalegarbitzaileak nortzuk izan ziren galdetu zionean, berak zoritxarra izan zela erantzun omen zuen. Anbulanzian hil zen eta hospitalera eraman beharrean gorputzilen depositora eraman zuten.
Biharamunean Oak Rigde hilerrian izan ziren hiletak. Dolutalde ilun eta luze batek segitu zuen haraino. «Why, oh, why?» zioen Lilianek etengabe negar anpuluka. Zerraldoa bronzezkoa zen eta bazituen zilarrezko aingeru bi alde bakoitzean. Gainean urrezko plaka batean hau irakurtzen zen: LUIGI ANSELMI (1887-1926). Ehuneka ailegatu ziren lorekoroiak, milaka doluminak. Chicagoko ganster ezagunenak, hiriko autoritate ofizialak, italiar kolonia osoa. bere enplegatuak, matraila oridun neskatilak, egunkari saltzaileak, bota garbitzaile beltzak eta hainbat emegaldu kolore diskretoez jantziak, han ziren erromes talde goibel bat antzo. Hilobiaren gainean aunitz koloredun loretontor bat pilatu zen, hilarria ere estaltzen zuela, Chicagoko orkestak requiem baten melodia igortzen zuen artean.
Hiltzailea deskubritzea zaila zen. Michaela Scalasi eta honen senar berriak bazuten kohartada bat. Lilian Weiss-en amorantea izandako Arthur Koncil ere interrogatua izan zen, pasio arazoa izan zitekeelakoan, baina honek ere lekukoak zituen bere alde. Michaelaren nebengan pausatu ziren susmoak baina alferrik. Mendeku bat zitekeelakoan Mike O'Connor, John Labriola eta Albert Lombardo ere detenituak izan ziren, baina laster ere libratuak, mendekua izatekotan aunitz izan bait zitezken hiltzaile. Hiletan negar malko ugari isuri zituen arren norbaitek Frank Colosimoz ere sospetxatu zuen. Bestalde zurmurru bat zabaldu zen esanez Al Capone Moztuak hamar mila dolar eskainiak zizkieia Bill Olson eta Giambattista Calabressiri Luigi hiltzekotan. Hala ere, lehena gartzelan zegoen udaberri hartan eta bigarrena Siziliara ihes egina. Diamond Thompson delako opiomano bat ere detenitua izan zen eta zeldan hilko zuen bere burua. Caetano Esposito ere espetxean sartu zuten eta hura irten zedin espero zen zerbait bazekielakoan. Baina zerbait baldin bazekien zama hori gehiago eraman zuena tunbara, hil egin baitzuten sartu zen lehen tabernatik irtetzerakoan.
|