Xomor-bazka
Xetienbre Nero
Ba zuela bi ordu konturatu ginela, ausarta sortu zela eguzkia egun hartan. Goizeko bederatzi t'erdiak besterik ez ziren, baina zelaietan ixurtzen zen argia, koloreak indartsuki nabarmentzen zituen, eta era berean, mundu txuri-beltzaren kontrasteak, itzalak eta argi-itzal muga sendoak.
Bidea ez genuen ezagutzen, eta horrela denean beti gertatzen den bezala bukaezina egiten zitzaigun. Bidai guztien gaiak erabiltzen ziren batzuen ahotan, eta komitiba, iturri baten ura zela hondoko zomorro hori, edo ikusi dezute hor zegoen sugea buru lehertuta lasaitzen zuen pixka bat pasua, hori pasa eta berehala berriz luzatzen joateko lehenengo martxa azkar arritmikoa hartzeko.
Ba genekien gure aurretik jende gehiago joan zela, eta batzuk ziotenez aste bete edo nik uste nuen bezala, laupabost egun lehenago.
Gu eguna bezala, ausartak, nahasiak eta paisajeatik guztiz kanpo (Diapositiba batetan erantsitako komik pertsonaiak bezela) edozein kanta tontoa, eskursionala kantatzen.
Ondoko hilegorri, potolitoaren aurpegian urduritasuna nabaria zen, ba zirudien kobazuloko artzaren eizera joaten zen gizon Magdaleniensea, ni berriz ondo gosalduta nindoanez zihur naiz ez nituela batere arrasto kezkagarririk bisajean, eta inork ez nindula deus arrarorik susmatzen. Besteak nola zihoazten esatea zaila egiten zait, aurrekoei ipurdiaren mugimenduaren bidez ez bait nintzen gauza aurpegiaren espresioa asmatzeko (horixe pena!) eta atzekoei..., ba gauza ebidenteak hobe ez idaztea.
Iritxi ginenean eguzkia bere kutxatxoan oheratzen ari zen, eta juxtu ikusi genuen nola itotzen zuen zerua ardoz, hodeietaraino iritxi zen ere piper kolorea, eta etxea tono gorri, laranja, hori guztietatik pasa zen, azkenean ontza kolorearekin gelditzeko, harria, arbolak eta zelaiak gautu ziren.
Ba genekien ez zela inor egongo gure zai, baina harritu egin ginen, aboz fuerteak eman eta gero, hogei ta bost minutuak pasa zirenean nehondikan nehoiz azaldu gabe, azkenean sukaldeko argia piztu egin zen eta barnera pasatzeko seinalea egin ziguten.
Ez zitzaizkidan batere gustatu sukaldean ikusi nituen aurpegiak, ez nekien ondo zein liratekeen kausa, baina krispazioa edo behar bada aspergarritasuna zen bisajeetan irakur nezakeena. Ba zirudien nerekin iritxi zirenak ez zirela ezertaz konturatu, edo behar bada hain ziren haundiak beren goseak eta egarriak, ez zirela mahaian kea ateratzen zuten lapikoetan eta beterik zeuden botiletan beste, ezertaz ohartu.
Afalondoan ausartu nintzen aldamenekoari galdetzera, horrelako aurpegi ilunen zergaitia, baina ez zuela batere gogorik hitz egiteko konturatu, eta urrengo egunerako utzi nuen nere galderaren erantzuna.
Jeiki ginenean (Asteartea zen) eguzkia lanean ari zen aspaldian gariak urreatzen, eta suertatu zitzaidan gelaren lehio hikitatikan, erlauntza batzuk ikusi nituen erle turbillonaren artean, soinua oso haundia zen eta erreztasun haundiz murgiltzen zen nere burua musika hartan.
Jetxi nintzanean, guztiak bezperako espresio gabean aurkitu nituen, nerekin etorritakoak izan ez ezik, batzuk irakurtzen besteak mahai joku arrotzetan, bat edo beste dibujatzen edo makilak zuritzen.
Hamabietan ordu komunitario bat gertatzen zen, eta hantxe, lerrokadan jarriak, zaharrena hasten zela harbelaren aurrean tantra, arimen bidai zirkularrak, eta erle eta alimale sozialeen bizitzak azaltzen, orazioneen ondoren, bakoitza bere bide animikoa jarraitzen zuen.
Horrela, aldaketa nabarmenik gabe pasa ziren bost egun, zegoenekoz galdetzen hasia nintzen zertarako okurritu zitzaidan etortzea horrelako leku batetara, eta zer egiten nuen meditazio borobil mugikoitza eta ezdeusa haren artean, baina ez zuten luzaro iraun nere kezkak. Egun hartan gizaki tristeenetako batengatik gidaturik erlauntzak zeuden makal batzuen ondora eraman gintuzten, eta hantxe erantzi arazi egin ziguten, adierazi zitzaigun bezala erleak ezagutu zezaten gure gorputzak eta guk haien zimikoak gozatzen ikas genezan, esperientzi erdi erotiko erdi mingarria izan zen, gero, hitzik sortu gabe etxera itzuli ginen.
Hori herenegun goizean izan zen, eta ni ez nintzen oso zihur noruntz bidera gintezkeen horrelako egintzarik, baina orain mila aldiz madarikatu dut orain dela zazpi eguneko bidaia, atzo ikusi nituen batzuen aztarnak, etxeko kaban batzuk eta atzeko baratzan txorimaloak bezala besteak. Hemen erlauntzaren bizitza da garrantzitsuena eztia lantzen da, eta badakizue odol eztia dela xamurrena, usaintsuena.
Ikas dezagun erle ozkadak maitatzen
haiek ezagutu diezaguten sakonki
begiratzen dut oraindik
nola gordetzen den eguzkia bere kutxatxoan
Busti duzu gauea
zure azkeneko hitzez
untza azkarra
gau beltzaren
mandatarioa
lotu didazu bihotza
penaz.
12-6-78
|