Aleman literatura: bigarren gerrostea
Guretzat berandu eta tantoka badatorkigu ere (gu gehienontzat kastellanoa ezagupide bakarra, gainera, honelako itzulpenak duen arriskuaz) aleman literatura, hegoamerikarrakin batera, da oparo eta sendoen arkitzen dena. RDA, RFA, Austria eta Suizako kantoi alemaniarrean sortzen da.
Bigarren gerrate ondorenean, 45an, III Reich-ak bere atzean ondamendia baino ez du lagatzen. Hortaz aparte, Alemania garaile izan diren potentzien artean banatzen dute. IIIgaren Reich-ak iraun zuen boladan (1933-1945) exiliora ihes zutenen izenak pilatzen dira. Fazismoarekin zerikusi ez zuen edozelango agerpen artistikoek ez dute lekurik ta ondorio lez hutsune mortua luzatzen da hamabi urtetan. Exilioan eginen da literatura bainan bizi den ingurumariatik urrun eta honek nahita nahiez desfase batetara darama, zeren hizkuntza aldatuz doa, berba berriak eta halaber moduak asmatzen dira.
Exilioko literatura hau batez ere Mosku, Mexiko eta California aldean mamitzen da. Batzuen kasuan gerra bukatu eta gero exilioko literatura honek segitu eginen du: Lion Feunchtwanger izanen da agian lehen figura nagusia. Beronen lagun eta dizipulu izan zen Brecht.
45an edozein aleman idazle marka hauen mendean dago: bizimodu berri bat eraikitzen abiatzeko gurari eta premia, bainan, ostera, ezin du gerrako akordua ahantzi barren barrenean seinalatuta bait du, honegatik izkribatzerakoan heriotzaren zurrumurrua beti dago present; hizkuntzara bertara doanean ahula eta maneiatua arkituko du, hain zuzen ere fazismopean ez delako eman praktika normala. Orduan, besterik ezean, hurbilen dagoen tradiziora begik jasatzen eta espresionismoa, neorrealismoa, Joyce, Kafka, Mann, Proust azaltzen zaizkio. Izkribatzaile marxistei gainbehera arkitzen den literatura burjesak ez die deus esanen eta, beraz, hutsaren lepoan jaso beharrean arkitzen dira.
Jokera nabarmena bezala, bolada hontakoak ideolojiaren kontrako jarrera hestua hartzen dute. Jarrera hau defentsa lez sortua da, ezen, hauen artean gerra orduko zeozer argitara emandakoak arkitzen dira; heuren bizitzan hamabi urte alferrik galduta izan dutenak. Heuren azkenerarte tinko segituko dute. Nossack, Böll, Eich, Koeppen, Huchel eta beste pilatzen dira partisanotasun honen pean.
Gorago esandako bizigura horrek tira eginda literaturtasuna alde batera laga nahi da eta pratika bera bizimodu bihurtu edo behintzat herri lautasunera hurreratu. Asmoa ez da okerra, bainan gaineko gesala kentzeaz batera konturatzen da bigarren eskuko espresionisnoa baino ez dela, nolabait, gainetik espontaneitate batez estaldua.
Mantarretako literaturgintza honetan Der Skorpion aldizkaria sortzen da, satira eta humorezkoa izaki berau. Duen inportantzia zera da, bere inguruan batzen dituela idazle mordoa, hautariko asko ta asko berriak direnak. 47 Taldea deritza. Aintzindari eta abangoardiakoa ideiak bertan gorpuzten dira orduan arte bizitutako kolonizazioaren kontra.
Orain argitaratzen hasten direnak, depresio handia inguruan jaiotakoak, aurretikoen ideolojien kontrako jarrera bera ere azken batez beste ideolojia baino ez dela dakusate, eta ez daude prest tentzio hartan segitzeko. Ezerezaren seme bailira, fazismoaren beldurra besterik ez dute ezagutu, humorea eta arlotekerira buelta egiten dute. Zeresanik ez ezeptizismorik gorrienean ari direla. Berriro ere arte lanetara eta esperimendura gogoa pizten da heurengan. Asmazioa maite da eta, jakina, lehengoengandik materialea aldatu egiten da.
Orduan Alemania peto peto sartuta dago berrereikitzean eta berriztapenean. Aurreko hutsunea atzean daukatela badakite eta geroa prestu antolatzen dabiltza: aurrerapena da heltzen den ideia. Agian beronen inguruan ahantzi nahi dituzte atzeko erra eta gorrotoak. Presaka egiten den progresu honek aurrean darama beharrezkoa zaion guztia, kasu honetan kulturaren maneiamendua bera ere. Buru ez ankabako sozietatea sortzen eta haunditzen doa. Belaunaldi gazteak ez dio keñurik egiten bizimodu honi, alderantziz, muzin egiten. Ateratzen diren nobeletan guzti honen kontrako mesfidantza agertzen da. Errebolta bat suertatzen da okupatzaileen kontra, eta on baino kalte areago badakarkie ere, gutxienez aurrerantzean inor ez da engainatuko: 17-6-53tik 13-8-61ra RDAk Stalin ahalguztiduna izanen du argi eta ilun.
Dena den, oraindik pasadizuko bolada bat da hau, ezer ez da segurtatu eta badaezpadan dabiltza gehienak.
Bainan, hor non, hamarkada bere azkenetara doala, bapatean, bira zakar bat ematen. Behar bada zetorren badaezpadan segi ezinda, aktualitate gai eta gauzei amorratuta lez atxikitzen hasten da. Nolabait akordua osatu behar da zeinaren gainean segurtasunez bizi ahal. Reich garaiko kontaerak ugaltzen dira, gerrako gorabeherak zelanbait ito behar, eta bidebatez tradizioa sortzeko balio badu askoz ere hobe. Historiak barra barra kanporatzen dira. Oinharri sendoa imiñi nahi da, agian bere egiatasuna ala ezak inportantzia handia ez duela. Bestalde premia bat, luzaroan isildu nahi izan dutena, da.
Gozatasun eta udaberri horretan onduta Oskar Matzerat danborraria agertzen da. Berakin batera, geroztiko literaturaren berezitasun bat, zera, pertsonaia zentralaren agerraldia.
Gunter Grass-ek eskolarik ez bazuen sortu ere, bai bere atzean eman ziren idazleak zirikatu zituen. Grass-en mundu ordenugabea, arlotea, nahasia, galanta bere haunditasunean, historia eta une berean kritika zenaren aurrean posturak hartzen dira. Politizazioa, abangoardia, hizkuntz inbestigazioa. Oskarren danborrak lozorrotik esnaerazten du. Guztien artean zerbait komuna gelditzen da, sozietatearen abiada eroa nola pasagarri egin indibiduo bakoitzaren baitan. Esaten da, Nietzche zoratuta hil bazen 1900an, egun ez zela gaitz hortaz hilko.
1961ko abuztuaren 8an murraila zutuntzen da. Alemanian «normalizapen» batetan sartzen.
Biografia materiale bilakatzen da nobelatze orduan. Lehen pertsonan kontatzea zabaldu egiten da, bainan betiere, pertsonaia zentrala eta idazlearen artean distantzia dago, egundo ez dute bat egiten. Pundu honetan nabaitzen da Kafka-ren kutsadura. Ez da hau, urte hauetan agertzen den modua, 45tetik astiro astiro, suerte hobe edo txarragoaz, zorrozten joan dena baino. Ez du esan nahi honek, sozial kritika edo fazismoari buruz idazten ez denik. Ez. Bainan azkenean indibiduora ailegatzen da: estatua, polizia, opozizio, ezkerra, eskuina, programa, autobusa, kanposandua, IBM, seinaleak, lanordua, self-service, porrua, kanpai jotea, trena badoa eta azken bagoiko atzeko atearen kontra, gerorik ez, lehena geldoa edo komeria batetako hondoan pintatutako paraje groteskoa. Gogaikeria gainezka, deus berea ez duela, anonimotasunean errotuta, ausentzia miragarri batez edifiziotik behatzen da hiria. Ostera, beste parte batetik, zaina astun bat galdu balu bezala arinduta arkitzen da.
Segidan, lehen aipatutakoen gainera, egun oihartzun duten zenbaiten izenak jarriko ditugu. RDA: Stephan Hermlin, Stephan Heyn, Fritz Rudolf Fries (Bilbon jaioa), Jurek Becker, Herman Kant. Austria: Thomas Bernhard, Peter Handke, Arno Schmidt, Oswald Wiener. Suiza: Max Frisch. RFA: Peter Härtling, Peter Schneider, Peter Weiss, Karin Struck.
Poeten artean bi jokera nagusi dira nabarmen, bata Dada eta surrealismotik datorrena, bestea, poesia/gizartea, bien arteko harremanei dagokiona.
Esan lehen multzoan, modu berean, hiru mutur bereiz ditzakegu. Lehena. Hauentzat surrealismoak metafisika antzera jokatzen du, era berriak sortuaz. Azalean guztiz zaila egiten da irakurketa, bainan gaina hausten denean apasionagarria izan daiteke. Paul Celan da entzunena. Bigarren jit bat cabaretkeria eta groteskoa ikuitzen duena. Hans Arp-ganik datorkie influentzi gehiena. Eta hirugarren jokera poesia konkretoarena izanen. Izenik inportanteena Eugen Gomringers.
Poesia/gizartea. Wolfdietrich Schnurre eta Enzensberger. Bigarren honen zerbait kastellanora itzulita dago. Poetaz gainera saiagin eta kritikoa ere bada.
Poeten aipamen honi azken emateko duela gutxi sariztatua izan den bat. Erich Fried eta bere «Ehun poema apatrida». Vienan jaioa 1928an eta hamar urte beranduago Inglaterran exiliatua.
Azkenerako utzi digu aleman literaturaren batasuna. Gaia berau aski aldrebesa. Hans Mayer-ek dio RDA-ko eta besteko literatura gerota aldenduagotzen doala. Kritiko honentzat hauzia sano atzetik dator, han joan den mendean burgesia atal bat mugitzen hasi zenean bizi molde berrietara. Diosku zelan Marx bera eta Engels hasi zirean, bata, filosofia arlotik eta bestea, literatur kritiko lez. Bion aldagureak iraultzaileak ziren arren, berauen idazmoldea burgesiaren eredukoa zen. Bainan dena den, pundu honetantxe hasi zen gaurko banaketa edo zisma. Badago beste sasoi bat, zeinetan ikusten, batzuen eta besteen tradizioak desberdinak izan ziren. Gerrostean da. Handiko idazleei Kafka, Joyce, Proust, Mann-ek ezer esaten ez zien bitartean, hemendikoek haiengana (hurren tradizioa bait zen) bueltatu ziren, bainan ez haren hariari heltzeko. Honi buruz Mann-ek argi zekien bera zela literatur burgesari azken emanen ziona. Beraz bada, RDA-n, Becher hasita Friedrich Wolf arte lehen urtetako espresionismoa gainditu beharrean arkitu ziren, eta nonori neorrealismoak nahiko zeregin eman zion. Alde honetan, bakar bakarrik, poesian jarraitu zen aurretiko Rilke, Whitman, Eluard eta Brecht.
Beste datu bat ere kontutan hartu behar dena zera da, gerra eta gero okupazio influentzia desberdina izan zela. Batean amerikarrak zeuden artean, bestean sobietarrak arkitzen ziren. Testuingurua desberdintzen joan zen, neologismoak, esangura bera ere kasu batzutan aldendu. Behar bada gauza guztien gainetik, bai batzuk, bai besteak tradizio faltak eta ezerezaren seme izateak batu eginen ditu heuren identitateko seinaleen bilakaduran.
Orain izendatzera goaz 45tik aurrerako literatur korrontetan parte hartu eta berakin sortu ziren idazleak. Badakigu Brech, Mann, Hesse muga hortaz geroztik hil zirela, bainan iadanik, ez dute zerikusirik hor asmatu ziren moduekik. Richter, Huchel, Eich, Nossack, Koerpen, Böll eta beste bakarren bat ostera, nahiz eta IIIgarren Reich aurretik liburuaren esperientzia izan, 45tik honantz esan daiteke bere desarrolloa eman zutela.
Andersch, Alfred
Andres, Stefan
Bachmann, Ingeborg
Benn, Gottfried
Bernhard, Thomas
Böll, Heinrich
Broch, Hermann
Dürrenmatt, Friedrich
Enzensberger, Hans Magnus
Frisch, Max
Grass, Günter
Handke, Peter
Herburger, Günter
Kästner, Erich
Kluge, Alexander
Kraus, Karl
Lettau, Reinhard
Lind, Jakov
Nossack, Hans Erich
Remarque, Erich Maria
Roth, Joseph
Schwaiger, Brigitte
Schmidt, Arno
Schnitzler, Arthur
Seghers, Anna
Weiss, Peter
Werfel, Franz
Christa, Wolf
Zuckmayer, Carl
Zweig, Arnold
Hofmannsthal, Hugo von
Fried, Erich
Schneider, Peter
Becker, Jurek
Canetti, Elias
|