L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren praka (1979-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Literatura eta jokoa
«Hitzakia» aitzakia dela eta

 

Jon Kortazar

 

        Ez dut inoiz uste izan literatura zelan egin behar den esatea irakurle baten zeregina denik. Ez dut inoiz uste izan kritiko baten eginbeharra nola idatzi behar den idaztea denik. Idazlea askea da. Idazlea, eta hau bai dela uka ezinezkoa, beraxe da idazle eta berak jakingo du zer egin. Baina berdin berdin eritzi sendoa dut idazlearen lanari buruz eritzi probatuak botatzeko gauza garela irakurle guztiok.

        Ideok J.I. Garmendiaren Hitzakia (aitzaki abila) (1) irakurriz batera sortu zaizkit, Garmendiaren liburua (azertu partzial batzu aparte) ez zaidalako gustatu.

        Baina eritziak bazterturik, goazen arrazoietara, goazen bada liburua begiratzera.

        1. Literatura «jolas xinple» bat da.

        Azken haro honetan literatura joko (edo jolas) bat delakoaren kontzeptua zabaltzen ari da gure idazleen artean. Zorionez. Zorionez honelako literatura berriak gaurko literaturara ekarri duen banguardia haizeekaitik.

        Experimentatzea beti da interesgarria. Eta hildo beretik saiatzen da GARMENDIA, (10. or.) «Hitzekin jolastuko naiz jolasa gogoko zaidalako, besterik gabe hain xinpleki eta hain errex».

        Nire ustez gertatzen dena hauxe da: Literatura jolasa izango dela, baina ez da inundik ere xinplea.

        Nik oharpen bat egingo nuke: Talde bi ditugu Euskal Herrian Literaturaz jokatzen; Pott taldea eta Ustela saila. Joko honetan biak sartzen dira. Baina kontuz. Joko hori helburu batekin erabilita dago: normalean humorea sortzeko, bere errebistetan batez ere, baina jokoa seriotasuna denean, joko hori helburu bategaz lotzen da. GARMENDIARI gertatu zaiona, nire ustez, hauxe liteke: kontradizio baten jausi dela. Ikusi dugu: joko baten sartzen dela dinoskula, baina aurretziak beste zerbait esan du: «erabaki sendo bat hartu dut / spa hotelean gaueko hamaika / terdietan / gaurtik aurrera / hutsik egin gabe / egunero idatziko dut zerbait orri bat besterik ezean / latinez txinoz ala zuluez / ezin bestean / eta gorde eginen ditut / azken egunean / kontuak har diezazkidaten» (7 or. guk azpimarkaturik). Zita luze samarra da baina osorik ematea merezi duela uste izan dugu.

        Berton ematen zaigu lanaren ardatza zein izango den. Eta nire ustez ba dira komentatzeko naiko puntu.

        1) Lehenengo ta bein, helburu falta: «Kontuak har diezazkidaten» ez da helburu bat. Absurdoaren munduan sartzen ari garela dirudi.

        Eta hau GARMENDIAren lanaren karakteristika bat da, baina ez dut esan nahi horregatik bakarrik gauza negatibo bat denik.

        2) Baina, garrantzi gehiago du bere lanean jolasaren kontzeptu hori: «luma hartu dut promesa betetzearren jolas luze batetan murgildu» (9 or.) «eginen dut olgetan / (egiarik diodan ez dakit benetan)» (65 or.) «hizkuntza ala hizkutza? / kutxatik at hizkiak ateratzen / pilatzen / nahasten» (142 or.). Literatura jokoa dela ugari agertzen da liburuaren zehar, eta liburua bera joko bat da: hitzez egindako jokoa. Baina konzepzio honetan, kontradizio baten jausi zaigu GARMENDIA: olgetako den jokoa, derrigorrezko, beharrezko, eguneroko zeregin betebeharra bihurtu du («luma hartu dut promesa betetzearren») (9 or.) eta honela jokoak espontaneitatea galdu du, duban zena eguneroko tributu bihurtu. Eta azkenean Literatura ez da jolasa (Potten edo Ustela aldizkarian bezala, freskoa), Literatura entrenamentu bat bihurtu da, hurrengo baten liburu on bat idazteko balioko duen entrenamentu bat, behar bada; baina azken baten saio mailan geratzen den entrenamentua.

        2. Esannahiak ez du ezer balio.

        «Zer esateak ez du idazterakoan ezer edo deus askorik balio idaztea ez delako edozer, nahi dena esatea, idaztea, arrastoak paperatzea delako» (34 or.) «Zentzu bila hitzen loturak pilaketak egitean datza zentzu bakarra» (34 or.)

        Atal hau zita bi honekin hasi nahi nuen, heurotan datzalako liburuaren bigarren karakteristika nagusia.

        Eta puntu honetan sartzean, gauza batez konturatzen hasten naiz: beharbada ikuspegi ezberdinetik ari gara idazlea idazten eta ni irakurtzen. Eta ikuspegi honek ez ba dira bateratzen azterketa hau literaturaren funtzioari buruz gogoketa bihurtzen ari dela, esan nahi izango du.

        Ohar hau eginik, ez nago batere ados GARMENDIAren afirmazioarekin. Baina, aitortu behar dut, GARMENDIAk idazle legez nahi duena egiteko eskubidea du.

        Eta berak liburu honetan Testoa esanguraz hustu egin du. Baina honek liburua arrisku baten jarri du: ezerezaren hertzetan, edo hobe aitzakiarenetan.

        Jokoa arriskitsua izan da: alde batetik, helburu barik utzi duelako lana; lana eginez justifikatzen da, ez du literaturak helbururik behar, literatura autonoma da (eta azken honetan biok batera gatoz). Baina, bigarren aldetik, urrunago joan da: testoa esanguraz hustuaz mami barik geratu da. Testoa fonetikan geratzen da, eta testoa aitzakian (pre-testoan) bihurtu.

        Nonbaiten idazteak berbera dio, eta zoro legez tratatuko dutenei aurrean defentsa bat eraiki du (8 or.)

        Testoa fonetika hutsa bihurtzeko aleginak ez dira gaurkoak, baina bazterretan geratu ziran literatura sozialaren eraginez. Gure artean ba dira, (esaterako, ARZE), ideia berdinetik doazenak. Baina diferentzi nabarmenak dira ARZEren poesia bisualaren eta GARMENDIAren jokoaren artean (2).

        Arriskua ez da bakarrik ezer ez esatea (nire ustez, bide egoki bat dago «ezer ez esatea» adierazteko: ixiltasuna) arriskua beste bat da gutxi irakurtzen duen herri baten: literatura minoritario bat egitea, literatura bizitzatik (bai hizkera aldetik, bai gai aldetik) urruntzea.

        3. Zentzurik ez, esan nahirik ez. Zer orduan?

        Nire uste ustelez, balientea izan da GARMENDIA hain urrun joanaz. Testoa pre-testoa (atzakia) bihurtu bait du. Eta idea gustatu zitzaidan lehengo momentuetan. Baina azkenean ez dut uste ondo eramanda izan denik, eta ontzia ez da portura heldu.

        Testoa hainbeste hustutzeko, hizkuntzaren dominio sendo bat izan behar da. Eta testoa hainbeste husturik interes faltaz geratu da. Liburua irakurri ostean geratzen dena hitz joko batzuen gogamena da: titulu beraretik hasita. Hitzakia: hitz aitzakia. Eta beste zenbait liburuaren zehar: «alde egitea eta berriz hastea erabaki nuen hastea erabaki nuenean alde egitea bururatu zitzaidan» (48 or.) edo «fuera la mili viva la pili» (52 or.) rima sentidu bako faltsoa.

        4. Azkenez.

        Azkenez, nire justifikazio bat jarri nahi dut. Azterketa honetan egin duguna murriztua izan da: literatura kontzeptu bati buruz, aitzakia kontzeptuari buruz erreflexio bat egin, azkenez.

        Markatu, azkenez, eta baloratu liburuaren ensaio (edo entrenamentu) joera.

        Eta justifikazioz berba egiten garela-eta, gogoratu idazleak ipinten dituenak: «astakeria dela / derizkio zuenoi eskerrik asko / erotzat hartzen nauzuenok / ez duzue lotsarik behar» (8 or.).

        Justifikazio honetan (idazlea horregaitik ez zoro ez asto konsideratu barik) liburua ona ez dela pentsatzen dugunok ahaztuak izan gara.

(3-4-79)

 

        (1) GARMENDIA, J.I. Hitzakia (aitzaki abila). Ustela saila 4. Donosti.

        (2) Diferentziak ez dira azken baten tipografikoak. Ezpabere, argi dira niretzat behintzat ARZEren poesian: narratiba, kritika soziala, humorea, eta Euskal Herriaren arazo, estruktura bat liburuaren zehar, e. a.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.