Lan literario laburrak
Lurdesi gutun kuarteleroa
Felix Ibargutxi
Zer moduz Lurdes?
idazteko gogoarekin harrapatu nauzu oraingoan. Ia kapaz naizen orrialde bat baino gehiago betetzeko. Astia badut. Momentu honetan gela batean nago, inork ez nau molestatzen, eta esan didatenez, beretzat izango da zenbait egunetarako. Ni izango naiz hemengo bizilagun bakarra. Harritzekoa, baina hala da. Trankil egoteko gela bat eskatu banie, seguru ezetz esango zidatela, eta orain, batere aipatu gabe, erregalu bikain hau.
Bueno, ez moskeatu, kalabozoan nago. Nere zakurrak beste zakur bati hozka egin zion, eta oso ondo, hiltzeko zorian geratu baita. Eta hau gertatzerik ezin dagoenez gero teoriaz, kapaz izan behar dugu zakurrak eusteko edozein momentutan zortzi eguneko kalabozoa jaso dut. Jende guztia erabat harrituta geratu da sarjentoaren erabakiarekin. Nik pentsatzen dut soldadu berrien ikara eragiteko izan dela. Hau ikusita gero, besteak zakurrak ondo eutsiko dituztela uste du nonbait. Nik uste baino azkarragoa daukat zakurra. Aprobetxatu egin zuen aldapa beherean zihoala tira egiteko, eta momentu batean bestearen bizkarra eldu zuen.
Lau egun daramatzat barruan eta nahiko ondo. Lehen baino lo gehiago egin dezaket. Egun batean sarjentoak ez zidan koltxoia ekartzen utzi eta oholen gainean lo egin behar izan nuen, baina tira!... gosaltzera, bazkaltzera eta afaltzera noanean eskoltatuta eramaten naute kaleetatik, soldadu bat eskubitara eta bestea ezkerretera, oso polita, general banintz bezala.
Batzutan tristura etortzen zait, baina ez daukat batere irtetzeko gogorik. Tristura ematen didan gauza orain arteko eguneroko bizitza da, zeren ikusten duzu, hemen, jende askorekin ibili arren, tontotu egiten zarela, dinamika hontan guztiz sarturik arkitzen zarela. Hemengo orduok, behintzat, ondo aprobetxatuak ditut; asko irakurri, asko idatzi eta asko pentsatu egin dut. "Zergatik Panpox" gustora irakurri dut.
Goizeko hamaika edo hola izan behar dute. Apirilean gauden arren, eguzkia altu dago, eta ez nuke garbi esaten jakingo, baina badirudi toki hau Mediterraneo itsasoaren aldera egon behar duela; eguzkiak goizaldeko ihintze urtzen ari den bitartean, haizeak inguruko belar luzeak dantzaerazten ditu. Bai, hor aurrean egon behar duen itsaso hori Mediterraneoa izan behar du. Emeki emeki haruntz eta honuntz dabiltza olatuak; bazterretako zikinkeria ezin eraginduz. Burruka luze baten arrastoak bezala, hortxe daude, garaile, kristal puskak, oholak, zapata zaharrak. Beraien arrotasunean badakite nonbait irabazia dutela burruka.
Urrunean zenbait etxe ikus daitezke. Bata hemen, bestea han, zuriak, marroiak, urdinak, denek palmera bana ondoan dutela. Ni nagoen tokiaren ondoan ere hiru etxe daude. Bat, luzea eta hestua, mutur batean ez beste lehiorik gabe, seguru asko almazen bat. Lehioak dituen puntak, halere, bizi-leku izan behar du. Jendea ikusten da barruan behintzat, eta oker ez banago, soldaduak. Bai, bestela ez dago ulertzerik. Denak, momentuz hamabi pertsona edo, ikusi ditut, urdinez jantzirik dabiltza, buruan txapela arraro bat daramatela. Beste bi etxeak, berriz, txikiagoak dira, eta hauk bi seguru almazenak izan behar dutela. Beste aldeari begira ez ba daude, ez daukate lehiorik.
Ilusioren bat izango zelakoan, ez diot lehen kasorik egin, baina egia zen. Zaunka hoik neretzat ezkuturik dagoen etxearen aldetik datoz. Zakur ugari egon behar du. Bat edo bi txakurrak ezin du honenbeste istilurik sortu. Haruzkaldera abiatzera noa.
Lehen ez zegoen ikusterik; orain bai. Etxe ostean lau bost, hamar soldadu edo dabiltza. Soldadu bakoitzak bere zakurra darama, kate batez lotuta. Zirkuluan dabiltza bata bestearen atzetik. Ohizko gauza izan behar du nonbait, denak poliki poliki bait doaz, lurrari begira. Ez dute ia mugimendurik egiten; noizean behin, baten batek tira egiten dio kateari. Zakurrak orduan lasaitu egiten du bere pausua. Halako batean zakurren bat zaunka hasten da, indar haundirik gabe. Segundu pare bat pasa eta berak ere, lurrari begira jarraitzen dio prozesio borobilari.
Soldadu taldea hilara bihurtu da orain. Eguzkipean soldaduen botinek ez dira ia lurretik jasotzen. Arinki, arinki, ezta hautsa mugitzeko lain. Eguzkipean geroz eta gutxiago astintzen dira belar altu hoik. Eta olatuek beraien kantuari ekiten diote. Erretiratzen direnean, nekearen bits tristea zabaltzen dute. Momentu batean gertatu zen dena. Bi metro edo egongo ziren. Baina zakur horrek bazekien pixka bat tira eginez gero, erraz harrapatu zitekeela beste zakurra. Bi metro, besterik ez, eta aldapa behera ibili behar gainera. Segundu erdi bat? Ez, gutxiago ere. Tira egin, eta soldadua hara non doan, ezin eutsiz. Bazekien zakurrak bai nondik nora zihoan. Eta hozka egin. Bi zakurrak, bata besteari hozka. Bi kate, tente. Lau botina, lurrari josita. Mila zain eta gihar, eguzkipean, belarra astinduz. Zaunken artean, hautsa agertzen zihoan. Ez nago seguru baina alde egin lehen, sarjento bat azaldu zela esango nuke.
Ailegatu egunean kapitanarengana joan nintzen, trasladoa eskatuz, eta ezezkoa eman zidan. Ez zela posible poliziatik irtetzea oraingo reklutak "jura de bandera" egin arte. Hau da, hilabete t'erdi. Ordurako, espero dut, izango dut beste permisu bat. Halere ez dezagun gehiegi espero. Hemen Aresti-ren poema har zitekeen, pixka bat aldatuta:
"polizia naizenez gero
ez dut zerurik espero"
Karta hau idatzita neukala, arratsaldeko bederatziak jo dute, eta nola kalabozoko kaboa ez zen aire giseaz akordatzen, lehiora irten eta oihuka hasi behar izan dut, baten-bat konturatu zedin, eta afaltzera irtetzeko. Hau ere gertatu egin behar! Azkenik, soldadu talde batek aditu ditu nire oihuak, eta soluzionatu da kasua.
Ez noa jarraitzera, Buster Keaton edo Corin Tellado-ren antzera bait nabil. Honekin batera, "suplemento dominical" gisara txorrada literario bat bidaltzen dizut, ia osorik irakurtzeko kapaz zaren.
Halako batean (ez hartu presarik) kontatuko didazu zer moduz dihoakizun bizitza hori. Asko disfrutatu, eta laster arte.
agur,
|