L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Lan literario laburrak—

 

Karta Danesa

 

Joanes Urkijo

 

KAERE VENNER (DEAR FRIENDS):

        Txukaditik hona etortzen zaretenean, jakin ezazue orain dela urte batzuk arte izandako munduko zubirik luzeena zehartu behar duzuela, inoiz ikusi dudan hiririk garbienera sartzeko, karrika benetako baketsu batetara joan, eta oso nekatuta ez bazaudete oraindik, laugarren piso baten leihoak ni ikustea laga egingo dizue, mahai honetan eserita, zuei izkribatzen gutun herrimintsu hau, zuei esaten zer egin behar duzuen hona etortzeko desioa aldendezina zaizuen egunean.

        Nonbait irakurri dut euskaldunak atzerrira joaten denean Euskal Izpiritua galdu egiten duela, Izpiritu Atzerritarra asimilatzeko ordez; nire buruari galde egiten diodana zera da, if Izpiritu xelebre hori Sentimendu Gregarioari dagokio nolabait. Eta maitiak, bene benetan hona etorri nahi baduzue, galdera honetako erantzuna aurkitzea garrantzizkoa da. Goi honetik ikusirik, iruditzen zait euskaldunak ez dakiela gauzak egiten bakartasunean, beti murgildu behar dela koadrillaren anonimatoan, eta bakarrik inguru honetan gara gai (eta "gara" baldin badiot oraindik ere euskalduna konsideratzen naizelako da) lider edo burutzat goratuak izateko. Euskaldun batek bere hezurrak edatera eraman nahi izango balitu lagunekin geldituko luke Barrenkale (Bilbon baldin bada) edo herriko frontoian pilota partidu ondotik. Mendira joan izanez gero, koadrillatan joan behar, eta bide honetan sipula sipulorum, joan zaitezken edonora, hamabost urteetatik koadrilla berean sartuta, zintzotasun itzelezko bat edo auskalo zerekin, zein herri askotan nahi lukete berentzat. Eta azkenean, neska guztiak mutil guztiekin enrroilatu direlarik eta konbinaketa posibleak agortuta daude, ezkongaiak beren aldetik eta xoltero eizangaitzak berendik dihoaz, akaso beste koadrilla batetara, akaso txikobiejo bakartiak izateko forever... baina kasu honetan euskaldunaren funtzio soziala afari pantagrueliko batzuetara bere lagun ezkonduekin eta neskabieja bat aurkitzera mugatu egiten da ez besterik, edo bizebersa, emakumeen kasua, baina hauek askozaz hobe enrroilatzen dira beren destinoarekin, ze herri guztitan ez dago hiruzpalau nezkabiejaren falta, eta azalera ateratzen solidaritate miragarri bat, larunbat eta igande arratsaldeetan zein gehiagoka ari dira soinekoekin, bitxiekin eta hainbat metro kakamargokin aurpegian eramanik. Txikobiejo eta neskabieja, tanto monta tanto, badira niretzat euskal koadrillaren deskonponketaren sinboloak.

        Bai, hola ikusten dut gure Euskal Izpiritua. Maybe gure idazleak arrazoi handia eramaten zuen, hori auskalo, baina badaezpadare beste gauzarik ez dizuet agintzen honako bidajea prestatzeko: eskursio bat antola dezazuen, bai, eskursio bat, Atletiko banderina eta bufandakin, ardo zato ugari, txistu bana eta hiru mila dozena kuskurrina guztiei erregalatzeko, bikingo hauek jakin dezatela zer den euskal arraza, ze koño. Bai, lagunok, Euskaditik hona mudatzea esperientzia gogorra izan da, batez ere transiziorik gabe egin baitut eta; gure jendeak izan ohi duen alaitasun eta eskuzabaltasun guzti hori, hemen mazaltasuna bihurtzen da, zoazen edonora dena da irriparrak, "mesedez", esplikazio zeharo elokuenteak, hitz batetan, londinenseek deitzen duten "politeness" edo nola karajo dadin. Bai, onberak baina hotzak dira danes hauek... bakoitzak bere bizitza, eta bizitzarik ez baduzu bost ajola, nire kasuan bezala esan nezake: diferentziak ezagutzera etorritako turista progre bat, batzuetan inmigrante bakarti ausnartzen naiz miloi eta piku biztanleko hiri izoztu honetan, nahiz eta oso lagun onak ukan, nahiz eta oso delikatuak izan guztiak mutik txaparro, beltzaran eta exotiko honekin. Berauek díoten bezala, laguntasuna hazteko modu hoberena, lagunekin ez gehiegi egotea da eta esperientziaren ahotsa mintzatzen da postulado honetan: hemen bakoitzak bere aldetik gauzak egitea nahiago dute, batzuetan festak edo afariak antolatzea elkarrekin egoteko aitzakiz, eta ikusi arte Bonaparte, inor ez da haserre egingo if igandean ez dago telefono deitzerik kopatan joateko, ez baitute obligazinoa, ea ulertzen nauzuen, edo argiago esaten, hemen Dinamarkan ez da koadrillaren figura esistitzen.

        Eta sesualtasunari dagokionez, hiru kuarto berdin: batzuetan parejarik ezbailegokeen ematen dit, edo egoerarik naturalena xueltoak egotea bailitzan, egun elkartzen edo ezkontzen gara, bihar edo etzi diborzioa edo aldaketa, bai dela berdin ikusten duzun versus. Honela gauzak, ez da arraroa egunero hamar minutoz beldur eta kili-kolo sentitzen naizela, zeren, aitortu behar dizuet guztioi, amodioa da erakarri ninduena abentura honetara, bai, eta orain dikotomia hau planteatzen zait: euskal pareja ala nahaspilo sesual danesa? Oraindik goizetik da erantzunik emateko baina hola grosso modon posibilitate biek dituzte beren abantailak.

        Segur nago zuetako bat baino gehiago erori dela inoiz kontradizio honetan: etxean zagozela, hartan, Kosko Biejo erdian, mila biderrez madarikatuz istripu hori, hamazazpidunek porroak erretzen Barrenkale Barrenan, ama-seme-alabak erosketak dendarik denda, ai parkatu, ostras, kontuz guardasola horrekin, xirimiria, potxingoak, Unibertsitateko mahaiak kokakola eta kafesne sikuz zikinduak, etxera bihurtzerakoan dena fregatu gabe, eta goizean lan egitera, hau bai da hoberena, egun guztia numeroak eta numero gehiago potroetaraino nago, believe me. Eta orain, bi mila kilometro bitartez etxetik nagoela, ai ene, hemen aurkitu ditudan gauza onak horko memendu bereziekin batu nahi nituzke adibidez, zuekin egoteko kafetegiaren mahaian eserita mundua aldatuz saiatzen luma eta idazmakinarekin duzuen sarkasmo eta esnetxarrarekin, igual bizarra moztuko nuke if goizen batetan Santurtziko trena har baneza, izerdidun langile analfabeto eta borrokalari haiekin batera joan banintz orain arte joan izan naizen bezala bost urte eta erditan zehar.

        Uste egin behar didazue, lagunok, Kopenhage hiri benetako hotza da, heldu nintzenetik bost gradutik ez da goratu termometroa, eta beti baina beti blowing dagoen haize zorrotzau, sekula ez duzu aurkituko zeure faborez: kalea gora zoazela, aurpegian jotzen dizu haizto bat bezala; kalea behera zatozela, aurpegitik hezurretaraino sartzen zaizu nahita nahiez. Behin baino gehiagotan akordatzen naiz Bob Dylan.en abestiaz: "I pity the poor inmigrant who wishes I should have stayed home..."

Kopenhage, Azaroak-16-1979

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.