Lan literario laburrak
Jostagailua
Ladix Arrosagarai
Hori baita ene izena, edo, bederen, ematen didazun funtzioa.
Zure eskuen artean hartzen nauzularik, instaño batez jostatzeko, iduritzen zait norbait naizela, zure atenzionea, zure ispiritua nere baitan atxikitzen duzulakotz. Sekulan ez duzu asmatuko zoin goxo den hori: zure esku finen artean izaitea, zure eskuen ferekatzea, zure larruaren kontra egoitea.
Sekulan.
Sekulan, jostagailu bat ez zarelakotz sekulan izan.
Egun guzia, aste guzia zure soari beha. Ta zure soa enegan kokatzen delarik, biziari hasten natzaio. Ene plaztikozko haragia, ene burdinezko hezurrak berotzen dira oso. Nehork somatzen ez duen bihotza ari da punpaka, herabetzen nauzu baina ez zara hortaz ohartzen. Gauetik egunera pasatzen naiz, horien arteko zubi bakarra zatzaizkit, hain beharrezko zaitut. Hunkitzen nauzularik, mundua ikusten dut, ene begiak zara, mundua ikus arazten didaten begiak.
Ez dakit konprenituko nauzunez.
Zure jostagailua naiz baina zerbait gehiago izan nahi nuke. Badakit bitxia dela, bainan hola da: jostagailuek, kasu hontan nik, bizi bat ba dugu, ezin kanporaturiko bizi bat. Sentimentuak ere baditut, zuk dituzun bezain sakonak bezain barnekoiak, eta behar bada gehiago. Nik ez zaitut sekulan jostagailu bat bezala trabatu. Zurekin egoitea gozo zait, eta horregatik nahi duzularik, prest naiz. Alderantzia ez da gertatzen.
Denbora pasarazteko baliatzen nauzu bakarrik. Eta nik gehiago desiratzen nuke, nere bizi guzia zurekilan iragan nahi nuke. Zuretako norbait izaitea, maite eta behar duzun norbait.
Baina, nirekin jostatuz gero, xoko ilun batera, nere gau luzera itzultzen nauzularik, ohartzen naiz betiko jostagailua naizela eta besterik ez, guttiago ere pertsona bat, sentirnendurik edukitzen ahal duen pertsona bat.
Gaur, estiloa hartu ba dut hori baizik ez dakit egiten nirekin gero eta guttiago jostatzen duzulakotz da. Erran nahi baita nitaz desinteresatzen zarela. Azken oihu metaliko bat eman nizun, zauritua, barkatu, ez nuke gizaki bat bezala mintzatu behar, hautsia nintzela eta naizela zuri jakinarazteko.
Zure arrapostu bakarra ene uztea, ene baztertzea izan da. Jostagailu hautsiek ez dutela deusetarako balio ahantzi nuen. Hala ere, ez litzateke zaila zaurien sendatzea... baina hor, ezin azaldurikoan sartzen gara, ez dago hori azaltzen duen zientzirik.
Zahartua naizela aitortu behar dizut, ez naiz lehengo jostagailu eder ta berria, jostagailu zahar eta abandonaturik bat naiz. Elektrizitatearen sar arazteko bi zuloetatik negarrak jausten dira, ikusiko ba zenitu, olioa dela sinetsiko zenuke.
Kondenaturik nagozu bakarrik bizitzera. Ene xokoan hago, triste, etsitua, objektu-bizia ez zait laket. Sekulakotz begiak hetsirik, beharriak leherturik, azken unearen bela naiz, ene fabrikatzaileak aski iraundu dudala erabakiko duen unearen beha.
Eta egun batean, zure biziaren biharamunean, jostagailu maitagarri bat bazenuela, gazte denboran, orroituko zara. Oroitzapen hori hain goxo, hain laket izanen zaizu non hasiko zara honen bila, honen xeka. Zorionezko oren eder hauk berriz bizitzea nahiko duzu, eta behar bada, bi begik zure gorputza maitasunezko musuz estaltzen zutela, so triste batek zure bularra, zure aurpegia, zure biloa xarnurki ferekatzen zituela konturako zara.
Baina, berantegi izanen zaizu, aspalditik objektu-ahantzien hil-herrian lurperatua izanen delakotz jostagailu-gizakia.
|