L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Lan literario laburrak—

 

Gauzatzea edo Laugarren Dimentsioa

 

Ladix Arrosagarai

 

Sua abandonatu zuten; azken garrak egur errearen gainean igaiten ziren, hor etzanik, heien dantza eroetaz akiturik, ahaztearen mugen kontra tinkatu ondoan etsirik zitzaizkion egun hortan etxea betetzen zuen hotz pisuari: ehorzketak ziren. "Agur —gertatu behar zen— adina... hala ere zerbait egiten du —bakarrik geldituko zarete orain— kaxa ederra atxeman dute —deskantsu pixka bat izanen duzue— ongi bestitu dute, haur bat dirudi —ez du sofritu, ez, ez dakit ohartu denez ere ai zer polita den!— hobetu zela iruditu zitzaidan joanden aldian —(nigarren artean) ez nuen uste—".

        Etxeak egun haundietako jautzia zeukan soinean, gauza bakotxa bere lekuan. Sartzea jendez beterik zen, kanporaino. Auzoek, xinpleki jantzirik, karrikan igurikatzen zuten, talde ttipitan banatuak, hildakoarekin iraganaz orroitzen, ihiziaren azken berriak emaiten. Familiakoek eta lagun hurbilek azken bisita bat emaiten zioten gorputzari. Prozesio ahopeka bat egurrezko kaxaren ondoan, gelaren erdian; horri hurbiltzen zitzaion heinean elkarrizketen arrabotsa behera zihoan.

        "Kario izan behar da —bai, ez dute sosa begiratu— jaz o o, orain amatxi —etxea ongi entretenitua da, ikusi dituzu muebleak nola dirdiratzen diren— azkenean Naddi heldu da! —komunak ezkerrean— azkar Pettan, azkar, ez egin negarrik— samurturik omen zen beste guziekin— (hitzaren azken letra luzatuz) dirua, dirua! Ba dago dirurik partekatzeko! —Otsoak dira bilakatzen diruarendako—".

        Multzo trinko beltz hortarik arrabots ito bat zetorren, jendeak murmurika, otoitzez balende bezala: murmurio luze eta etengabe bat, hotza muruen kontra pausatzen zuena; boz, hats, kolore eta usainen nahasketa oldarkorra. Errespetoz eta dezentziaz eginiko kantua aho —uneak hala eskatzen baitzuen— herabeetan. Baratzean lili-multzoak idatziz orriturik ziren, "Agur" "Gure amatxi maiteari"..

        Ezkilek hedatu zuten heien musika, TINK-TINK-TINK-TONK-TONK-TONK, hiru labur, hiru luze, heriotzaren erreinua xelebratzen zuten. Plazako ostatuan zegoen neskak, hiru kolpe laburrak entzunez, emazte bat hil zela konprenitu zuen. Karrikan bizia gelditu zen, etxean heriotza sartu. Hiru eliz mutil igaiten ziren pattarrean, batek gurutzea zeramala, gibelean apeza zuten jiten.

 

Jantokira joan nintzen, ez dakit zenbatgarren zigarretaren botatzeko. Arratoin batek ihes egin zuen ximiniaren azpitik sukaldeari buruz. Bihotz ikara bitxi bat sentitu nuen kanpoari irekia zen gelaren uztea: substantzi haragidun beltz batean preso nintzen; jantokira pasatzean ene burua asketu nuen. Substantzia elastikoa zen, jarraiki zuen ene higigunea, luzatu zen. Ate azpian nengoela masa horri lotzen ninduen zilbor-hestea hautsi zen mahain gainean zeuden haizturrek ebaki balute bezala, gillotina batek burua gorputzatik berexten duen gisan.

        Ximiniaren ezkerrean banko bat zegoen, ez nintzen ausartu hor jartzera, kadera bat hartu nuen, suaren bixea bix ezarri. Hauspara hartu nuen eta sua berpiztu. Pittaka aldaketa batek inguratzen ninduen bainan ezin erran zer zen, ezin azaldu, uste gabekoa zen. Burdinezko hauspara hotza zen, atzoko hotza, biharkoa. Ximikiak mende bat iragan zuen hor, azalean beltzatu bazen ere, duela ehun urte eraiki zuten berbera zen, deus ez zen kanbiatu.

        Gela hortan ez ziren murmurioak sartzen ahal, gela horrek betiko arrabots ezagunak —ontsalaz garrantzirik emaiten ez diegunak— ba zituen. Hemen denbora gelditu zela iruditzen zitzaidan: ez zuen sekulan eraginik izan. Lurrean oinak landatzen zituen haritzezko mahai masibo horrek, armairu zaharrak, dirdira ari ziren kobrezko edergailu orok ez zuten sekulan denbora ezagutu, ez zekiten zer zen.

        Belaunaldi osoak ikusten zituzten iragaiten baina ez zuten heiek belaunaldirik sorterazten. Hor ZEUDEN sekulatik sekulara heien higikortasun ezean.

        Erlojuaren TIK-TAK mekaniko eta iraunkorrak beste soinu bat zuen, sakonagoa, barnekoiagoa: usaiezko oihartzunak ez zuen guttitzen. Ez zen batere kontraerrankorra denborarik gabeko dimentsio hortan erlojua izaitea, suaren pindarkatzeatik aparte, arrabots-iturri bakarra: tik-tak-tik-tak, denboraren neurtzea, Gizakien diote biziaren mugatzeko ahala emaiten, gauzea munduan ez du erran nahi gehiagorik: tik-tak-tik-tak, soinu hutsa, ongi ikasiriko ikasgaia ahalik eta hobekien emaiten. Tik-tak-tik-tak, erlojua beste gauza bat da, etengabeki tik-aren ondoan tak sortzen duena, eta tak-arenean tik, eta horrela, erregularki, amaigabeki.

 

Hobeki inguratzen nuen sentituriko, somaturiko aldaketa: bi mundu, bi dimentsio arrunt ezberdin ba ziren —eta behar bada gehiago, nork daki?— bata besteari gainezarririk, harremanik gabe heien artean, lokarririk gabe. Elgar egoiten ziren baina elgar ikusi gabe. Elgar ezezagutzen zuten, eta hobe horrela.

        Hortan nintzen ene gogoetatik, kaderan jarririk, burua eskuen artean, besoak zangoetan erroturik. Ildoz idatzitako esku bat sentitu nuen ene lepo gainean pausatzen, une berean boz ezagun zahar batek agurtzen ninduela:

        —Hola. ¿Qué tal? (Amatxik ez zekien euskara)

        Goititu nuen burua: amatxi ezkerreko bankoan zegoen jarririk, bere lekuan, eta ongi-etorria emaiten zidan.

        —Aspaldikoa...

        Fernandolo, ene osaba, duela hamabost hilabete (zuendako, gizakiendako) gauzatua, eskuineko kaderatik ari zitzaidan. Horrek etxaldean auzoekin ari izanez ikasi zuen euskara. Su pazter xokoari eskas zitzaion azken gauza heldu zen, han nintzen eta hiruek, gizakien azken berrietaz ele egin ondoan, soak suaren barnean galdu genituen.

 

Biharmuneko DIARIO DE NAVARRA-k berri hau zekarren, nitaz mintzatuz "...fallecido de un ataque al corazón en el día del entierro de su abuela..." "...bihotz erasoz hilik geratua bere amonaren ehorzketetan...". Hori jakin nuen amak, begiak gorriturik, egunkariaren orri bat ezarri zuelarik —guretzat hilik ez zegoen— suaren pizteko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.