Bernardo Atxagaren bi ipui (bat gaztelaniaz)
Margarete: schewester stürmischer schvermet
(Margarete: atsekabe trumoitsuzko arreba)
Literatura ez da hipotesi mingarri
mingarri baten bilakaera baino
(Jean Santeuil)
Bernardo Atxaga
Eman dezagun, matematikaren edozein maitalek onartuko lukeen hipotesi baten gisa, orain urreneko udaren azken egunetako batetan hil zitzaidala, tren estazio baten erdian, ene arreba bakarra, Margarethe; eta hil zitzaidala ene oinazea zuri dezakeen esakera erretoriko batez esateko hain ustekabean eta hain urrun nigandik, eta hainbeste presaz baitaere, non berri hori ezagutzerakoan aurrez nituen zubiak, eta portuko grua erraldoiak, desolazioaren paisaia esaktoa bailiren geldituko baitzaizkit betirako.
Hibaia eta itsasoaren urak nahastatzen diren paraje argitsu horretan, untzi izugarri batzuk, bandera orotakoak, ikusi ahal izaten dira urtearen egun guztietan, azken zubitik haruntz, ifarralderantz: hoik ere izan ditezela pentsatu nuen ene une honetako desolamenduaren lekuko eta ornidura, ez daitezela bizi ene oroimenean, Sbarbarok urrezko lumatako xoriari eskatzen zion bezala, ene arrebaren heriotzeko ordua finkatzeko baizik.
Antzinako liburuetan ere izkribatua dago edonongo gizonak, holako ezbehar baten aurrean, sentitzen duena: hil zara dio Aquitaniako printzeak bere damaren hilobian eta planetak orain zure nostaljiaz soilik jiratuko dute, eta zure nostaljiaren indarrez argituko, halaber, hilargiak eta izarrak. Zugatik, eta nirekin batera, aingeru batek malkoak ixuriko ditu, zilarrezkoak, eternidade osoan. Eta bederatzigarren zeruaren gainean jotzen ari diren errege musikoen kanta malenkoniatsuak, malenkoniatsuak bakarrik, entzun ahal izango dira espazio infinitoan.
Eta egin dezagun kontu, honela hipotesia zehaztuz, gutun baten bitartez adierazi zidatela gertatutakoa, lakonismoz bete lerro batzuk medio, eta etxetik at nengoela hura irakurtzeko aukera hartu nuenean, autobusaren zai hain zuzen ere; egun osoa zeramatela letra ilun haik, nik portuko bulego batetan guztiz ahazturik lan egiten nuen bitartean, ene gabardinaren sakelean.
Arratsak zauri sakonak eragiten ditu gizonarengan: lainoetako urrea eta zilarra, eta harri preziatuak hauster bihurtzen denarekin batera, bihotza itzaliz, eta amatatzen, doakigu. Ilunabarretako usoak ez digu bakerik erakartzen. Bandera bentzutu baten gisa zarpiltzen da gure izpiritua. Nik ere, ene ahazturagatik, egun osoa itxadon nuen oinazez betetzeko. Ba dirudi zion adierazle ezezagunak mementu hartan bertan estazioara sartzen ari zen tren baten gurpiletara erori zela inork esplikatzen ez dakien huts batetan. Zure arreba bide denari heriotzea kolpetik etorri zitzaion inolako sofrimendurik gabe. Ez diogu kausitu, zure bizitokia eta zure izena salbu, beste inoren aztarranik. Ez dugu aienatzen erailketa baten posibletasuna, eta zerbait gehio zihurrago jakitean zuk hala nahi izanez gero behintzat oraingo bizitoki bedinera bidaliko dizkizugu informeak.
Hautsi egin nintzen zeharo ene arreba ez nuela gehio-sekulan ikusiko erabat sinesten hasi nintzenean. Eta lerro haik segurtasunez beterik zeuden, ez zuten zirrikiturik uzten dudarako. Altxa nituen begiak: gaua furfuriarik gabe zetorren, mantso eta geldiro, eta portuaren ingurumariako mendiak beltzituz zihoazen bere gailurretatik malko ilunak lerratu izan balitzaizkie bezala. Haur hilberriaren ubeldura zeudan zeruak. Hibaiari so, Margarethek apika desiatuko zukeen azken paseoa, azken ibilera, imajinatu nuen. Zein ederra egon zitekeen ur haietan etzanda, setazko soineko beilegi luze batekin jantzirik, lore gorri eta urdinez inguratua. Emaro aurreratuz, itsasoaren zabaltasunak bere altzoan har zezan arte.
Baina zubien gaikaldetik ogi papurren bila zebiltzan kaiu eta marloien errainua besterik ez nuen ikusten ahal. Haizeak urgain geldoa kiskurtu egiten zuen aldika. Eta orduntxe lehertu zitzaizkidan begiak eta hasi nintzen negarrez Autobusaren geltokia jendez betetzen joan zen, eta bi begiko argifoko baten azpian egon ginen denok, hitzik gurutzatu gabe, nork bere golkorako erreflesionatuz, autobusa ailegatu zen arte. Euri xehe bat egiten hasi zuen, haize boladekin lehian, udaren amaiera nolabait adieraziz. Ni izan nintzen azkena autobusara igotzen, automata bat bezala, urkamendira daramatzatenen oreka-eza eta txorabio berdinaz.
Bizi naizen hurian apenas inor izagutzen nuen orduan, edozein apatridaren modura alferrikakoa izaten zitzaidan jendearen artean aurpegi ezagun bati igerri nahi izatea. Nire kasoan balego ni ez bezalako bat pentsatu nuen beste edozein pertsona, gutuna irakurri bezain azkar jakingo luke zein atetara jo, norengana abiatu ezbeharraren kontatzeko. Joango litzateke, adibidez, bere betiko lagunaren edo maitalearen gelara, galdetuko lioke honek bere aurpegi txarraren zergatiaz, egingo luke bientzat kafea, mintzatuko lirateke elkarri kontsolatuz hurrengo egunaren goizerarte; eta ezer esateko ezina balu pertsona horrek, bere arrebaren heriotzeak mutugoa ekarri izan balio-edo, ez ardurarik, nahi guztia egin bait lezake holako pertsona batek bere adiskideak zinez konprenituko duelakoan.
Beste jende ugari, ordea, bakardade latzenean bizi ohi da. Hilargiaren alde ilunera begira esaten dute batzuk ene bakardadean liluraturik. Eta baita ere: bakarrik bizi gara geure desertu pertsonaletako errege. Baina ni ez nintzen gogoz bestera nintzen bakartia: jendez lepo betetako errestaurentatik barrena ibiltzen nintzen laguna bilatuz, kalean pasatzen nituen ordu gehienak gizon eta emakume anonimoei mintzo-eska. Eta sarritan izkribatzen nuen ene paperetan: ez nau ezerk kezkatzen elkarren artean daukagun tarte infinito horrek baino.
Eta sentimendu horixe neukan autobusaren aulkian eserita, eta ez nintzen, horregatik, ene une hartako desesperazio disimulatzen nekatu, ez zitzaidan batere ardura izan nirekin zihoazenen begiradetako enbarazua edo burla; gutuna eskutan zimurtuz, eta behin eta berriro irakurriz, egin nuen etxerainoko bidea, eta balantzaka, ordi bat bezala, jaitsi nintzen nire kalera ailegatu ginenean; piztuta zeuden jadanik sukalde guztietako argi urdinskak.
Lasaitasuna sentitu nuen ezkaratzean sartu orduko, orma ezagun haik, eta hain beste bider ibilitako eskilarak ere, desiaturiko babesa emateko gai izan balira bezala. Egia da oraino inork ez du burutu ahal izan pena handitan dagoen sasoi batetan beste pertsona guztien ezjakituria, munduaren inertzia hori: bizitzaren ohizko aurreratzea, geldiunerik gabe, eta ezertan pausatzeko betarik ez duen magma bat bailitz. Hori kontuan, niri ere gordetzea zegokidala konprenitu nuen, animalia zaurituaren modura hain zuzen, eta bilera edo jai hoberenaren aldean zuzenagoa zitzaidala ziegarik ilun eta hezeena. Ene etxeko atea zabaldu eta segiduan Margarethez mintzatzen zitzaizkidan objetuen bila hasi nintzen. Mahai gainean ifini nituen bere erretrato guztiak, eta berdin egin nuen azken urtetan beragandik jasotako erregalu guztiekin: aldare bat osatu. Objetuen artean kaxa bat zegoen, bihotz formaduna eta perfumatua, eta bere barneko terziopeloan bordaturik, lehen inolako zentzurik arkitzen ez nion leienda irakurri ahal izan nuen: Margarethe, schwester stürmischer schvermut. Orain bai dela xuxurlatu nuen trumoitsuzkoa hire atsekabea, ene arreba maitea. Bildu nituen, noski, bere gutun guztiak ere, eta objetu mordo hari begira pasa nuen gaua, bere ausentzia nolabait betetzearren.
Astebete gero, ene ahaleginen ezereza nabarmena zitzaidan, eta ene deskontsolamenduak ez zuen mugarik ezagutu nahi. Eta horregatik, bere gauzak ausentzia bete ordez areagotu egiten zuelako, Margarethe izatea erabaki nuen; bere presentziarik sendoena nigan zegoela pentsatu nuen, ene baitan neramala ene arreba, bere odol berbera, bere begi berberak, baita bere irrifarra eta imintzioak ere.
Begi aurrean banauka bezala oroitzen naiz erosi nuen emakumezko lehen soinekoaz, Margarethek erretrato batetan zeraman beste batekin berdina zelako aukeratutakoa. Lore gorrizta batzuk zituen, eta berarekin jantzirik, ilea luzatu zitzaidanean, ene arrebarengandik ezin bereizteko moduko andre bat nintzela konprobatu nuen pozarren. Lanetik bueltan, luzaro egoten nintzen espiluaren aurrean, ordu asko ematen nituen aurpegi eta gorputzeko xehetasunak Margarethenetara egokitzen.
Hasiera batean, ez nintzen kaleratzen inoiz ene nortasun berriaren ezagugarriekin, baina lehen proba lotsatien ondoren, eta izen hau erabiltzea zilegia bada jendearekin nuen arrakasta ikusi ondoren, ia gauero jotzen nuen plazatara, eta nire benetako eta jatorrizko nortasunarekin egundo ezagutu gabeko sensazioak eta esperientziak izan nituen. Denboraren poderioz alegrantzia zoro bat jabetu izan balitzait bezala, ordurarte behin ere ernetu gabeko gogoa etorri zitzaidan. Kantatzeko gogoa. Liburu zaharretan esaten denez, kantuak bihotza zabaltzen du, eta izpirituak ez du ezagutzen mezulari hoberik. Oso zoriontsu sentitzen hasi nintzen. Luze gabe, telegrama bat bidali nien, Margarethe bezala izenpetuz, ene bulegoko zuzendariei, hil egin nintzela adieraziz.
Eta Margarethe bezala, ene arrebak eman bide zituen pauso guztiak eman ditut azken hilabete hauetan. Maitasuna ezagutu dut, eta sarritan errenditurik jausi arte kantatu eta dantzatu dut festetan. Lehengo gizon sotilaren arrasto guztiak pentsatzen nuen ezabatu egin dira nigan.
Baina azken bolada honetan lehen inoiz ez sentitutako beste larritasun bat ere nitaz jabetuz joan da. Askok hitzegin dute simetriaz; orain, niri ere, ene bizitza berriaren bestalde erakusten hasi zait.
Festatan gogaitu eta aspertzen hasi naizela neure buruari aitortu beharrean arkitzen naiz. Eta ene lagunekin egoteko desioaren ordez beste batzuk ernetu zaizkit, askozaz ere tristeagoak. Eta batez ere, niretzat guztiz berria den paseo bat ematen hasi naiz: goizero, gogoz bestera, estaziora zuzentzen ditut ene pausoak, eta han pasatzen dut denbora, trenei begira, gautu egiten den arte. Eta gehiago dena: maiz, begiak bagoien gurpiletan jarriak dauzkadala konturatzen naiz, hoien diztira eta mugimenduak hipnosian sarerazi izan banindute bezala.
Margaretheren heriotzea gogoan, atzera egin nahi izan dut, eta suntsitu egin ditut soinekoak, eta hastapenetan hainbeste ilusioz eramandako koilare eta zintzilikarriak. Ene harremanak hautsiz, dantzaldietara joan gabe, berriro gizonezko bezala jantzita, lehen nintzenera itzuli izan nahi dut. Baina alferrik, nigan ez baita Margarethe baino bizi. Eta bere tristezia jabetu baita nitaz.
Atzo hartu nuen beste gutun bat, lehenengo adierazle ezezagun berberarena, non esaten zaidan Margarethe ene arreba bakarraren heriotzeak ez duela suizidioaren esplikazioa baizik ametitzen.
Ez neukan konfirmazio horren beharrik. Arratsaldero joaten naiz estaziora ene patua konplitzera, nahitaezkoari aurre egitera.
|