L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott tropikala (1980-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

—Koldo Izagirreren zenbait poema...—

 

Koldo Izagirreren zenbait poema

 

Koldo Izagirre

 

                  I

Itsaso hutsa lur hutsa

suntsitutako gizon konkistaezina

hibaiek irratiak gainezkatuz

mendeak iadanik ispilu

trintxeretako haize odoledalea

kanposantuetako mozorro dantza

pentsamendu ozta gordea

hitz lehorrak ekonomikoki transparenteak

 

                  II

ahulte isilaren uharte

bela hegozaleek urratutako zainetan

hezetasun kronologikoa nekez oroitua

noizbaiteratik

lurraren denborak forma bat har zezakeen kontzientzietan

 

                  III

ez zuen merezi baina

bizitutakoaren mapa zabal zenezakeen

oroit zintezkeen bakarbadean erretako izenaz

zeure oin egonean ere tronpatuak etenik

gaua teilapeetara jaisten denean

itsas lainoen isiltasunean

aurpegi izkutua

bazoaz

biharamonera

 

                  IV

hondartzek ez zezaketen iadanik besteren errainik defenda

bai baitzegokeen

hildakoek begiradak beren baitan itsasora zitzaketen

isiltasun lur bazter bat

hondamen osoaren sargorian

ez Mississippi hibaiaz haruntzago derrihorrez

zakartegi hutsa baino ez zitekeena

 

                  V

beti dago kronologia beraurkituren bat

uralitazko lepoetan zintzilik

zerupeko mitologiaren justifikazio zihurra erakutsiz

babesik gabeko hegien munduan

zure oroimena itzaliz zihoakeen

hitz inkoherenteek ukitu nahi zintzaketen bitartean

 

                  VI

gatzaga bareek denbora eskuratu nahi zezaketen

benetako garai urdin galdua

ezin zeniezaiekeen ulertze berririk eska

futuroan amildu ondoren

itzilirik berjaiotzen ziren

begi hondarrak hatzamarkatzen jarrai zekizkizukeen

 

                  VII

oroimen monotonoak

hildako eskuentzat kale bila

lurraren hiriburu kupidagabeko inguratua

burua sutan ihes zindoazkeen

geltoki erratuak itzal zitezen arte

boza hautsiz

oraindik odol zintezkeen

aterik gabeko egoitza urrunean

negarrak hotsik ez paretan

 

                  VIII

errautsak belarriko tuberietan murgil

errauts itoak

planeta bakartiaren hizkuntza

abioi tripaz gora erahilak laztanduz

ametsaren ganbaran

biluzik

maitasunak zinkezko orduak goribitoka

leiho oinazetuak paranoiaren belardian

 

 

                  IX

odolaren sustraiak erorketan dardar

gaua zeure bihotzean ixuria

biderik gabeko egunean

insolitatearen terraza zabaletan

gela dilubianteen hiletan

sakabana zenitzakeen bizkar nekatuak

 

                  X

ez zenezakeen lagunik aurki

ingurua bihotzean lurperatzen saiatzeko

oroimen gorria zintezkeen

krimenaren iraupen garantizatua

denbora hondakinen artean gelditu zirenena zitekeen berriro

itxuraz oraindik irridunak

hala ere hilobiragai

 

                  XI

urteak negarrezta zenitzakeen

gizontzi bat itotzeraino

isiltasun odolka erosia

gezurraren egitura luzeak ahoan

zegoeneko lohi

ez zenezakeen espero

armarioetatik zetorkeen azken orduko irtenbiderik

hitano fatidikoa ari zintezkeen entzuten

 

                  XII

egunsentiaren traizioan hil

ameszaina bapatean hil

kainonazozko beldur oraindik garailea

argi musu negar

urruntasunaren babesean zain

eta hil

bihotzean otoitz beti bihotz

egarri su heriotz lanbroan zutik

esku iheskorren itsasoaz etsita

hil

 

 

 

orain etzanik nago traste zaharren gelan

(nirean pintoreak ari dira)

pijamarik gabe larru gorritan maindire urdinak

eskailera zaharra ate zuria zapatilak eta erantzitako arropa

axolarik gabe aulkian

leihoa zabalik dago eta Donibaneko buila entzuten da

Santana festak

atzeratutako ordularia eta plantxa zaharra mesanautxe zaharraren gainean

aitaren buzo urdina

sapaian bost bonbilatako argia

armarioaren gainean paperezko lorea kristalezko ontzian

eta ispilu bana ateetan

 

eta ate bana ispiluetan

lorearen gainean kristalezko armarioa paperezko ontzian

argian bost sapaitako bonbila

buzoaren aita urdina

atzeratutako plantxa eta mesanautxe zaharra ordulari zaharraren gainean

Festana santak

buila zabalik dago eta Donibanetik leihoa entzuten da

aulkirik gabe axolan

arropa zaharra ate zapatila zuriak eta erantzitako eskailera

urdinik gabe pijama gorritan larru maindireak

(pintorean nireak ari dira)

orain trasterik nago gela zaharraren etzanean

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.