Lau zaldun
Joxemari Iturralde (Jimu)
Zazpi urtetako epea bete zenean, Buruzagiak ordezkariak batu zituen palazioan. Aukeratuak pozik zeuden, azken aholkuak ongi ikasiak eta jendea zai irtetzeko mementua ailega zedin lehenbailehen. Oskarbi eta aratz zegoen arrastiri batetan joan ziren lau ordezkariak lau puntu kardinaletaruntz, herriarentzat zoriontasun bila bidali zituzten, atzerrian nola bizi ziren eta zer egiten zuten zoriountsu izateko ikas zezaten eta horretarako behar den tresnaz jabe zitezen. Aintzinako ohitura zen itzultzean ekarritako gauza guztiak erakustea eta ikusitakoak kontatzea, miresgarri balira. Baiezkoa eta azken eritzia buruzagiak eta zaharrenek zuten, enparantza nagusian biltzen ziren, egun handia izaten zen eta festa ugari.
Edozein zaldirik baino arinago alde egiten du denborak, eta hala joan ziren egunak eta urteak. Baina ez dago ezer gehiago irauten duenik esperantzadun jendearen oroipenak baino. Herri hartako jende hura ikusita, edozeinek esango luke haien itxadopen eta desioa zoriontasunaren irudi berbera zela. Negua hotza izaten da, eta luzea oso, jende hura zahartzen joan zen, makaltzen. Neguan apoharmatua lurpean ostentzen den moduan, desagertzen dira ilusio eta gogoak.
Lehen ordezkariak ez zuen ia ezer ekarri itzuli zenean, ez zelako laztu erabat ikusi zuenaz. Alperrikako bidaia izan zela, etxean bezain ongi inon ez zegoela egoterik eta ez zuela merezi hortik ibiltzeak bueltaka, noraezean. Kristalezko antoisin berdea erregalatu zioten hauts bereziak urtzeko, baina ez zen guztiz segur zertarako ote ziren.
"Naiko jende arraro badabil mundu hortatik", esan eta etxera erretiratu zen betiko.
Bigarrena erdieroturik etorri zen hainbeste gauza lazgarri eta okaztagarriak ikusi zituenean. Baina mutu itzuli zen, ez zuen ezer kontatu nahi, hitz egin ordurako urrikigabe hilgo zela pentsatzen baitzuen. Zahartuta eta gaztetasuna galduta, haren aurpegiak ez zuen inolako adierazpenik adierazten. Ez irriparrerik, ez negarrik, ez deusik. Herioren adiskidetzat har zitekeen. Jendeak ez zekien zer pentsa horretaz. Batzuek, guztiz harriturik, zioten:
"Agian, halako dontzeila paregabeek zoratu dute".
Iparralderuntz joan zena pozik itzuli zen, antza denez, normalago etorri da, zioten, bidaiak ez dio kalte handirik egin. Baina ez zen egia osoa. Lehenbizi han urrutiko ohiturak azaldu zizkien, gero haien legeak erabiltzeko modurik egokiena eta ia zergatik ez zuten ikasi behar usario haik, hainbeste jendek bezala. Pixkana pixkana hasiko balira agudo moldatuko liratekeela-ta. Jendeak, derrigorrezko gauzetan gertatu ohi den bezala, berehalaxe susmo txarra hartu zion. Eta kanpoko legeak erabileraztean izaki bihur, gaizto eta anker bihurtu zen besteengan. Berak zioenez kanpoko usarioak egokitu besterik ez zuen egiten, atzerrian ohi egin dena, herria eraberritu soilik. Hala eta guztiz, besteen eritzian deabru bera zen. Tranpa eta zikinen bitartez, jendea bildurtuz, gezur eta maltzurkeria erabiliz, jabe bihurtu zen. Buruzagi. Lehiakide susmatzen zuen guztia eta aurkako izan zitezkeen denak zapaldu zituen gogorki. Ordurainoko Buruzagia hil zuenean hitzaldi izugarria bota zien Herriaren handiztapena orduantxetik, orduan bertan hasten zela eta. Biharamunean, bere erresumako mugetatik irtetzea galerazi zien lege baten bitartez, eta nahiz eta antzinako ohitura bat hautsi beharra izan, lau ordezkari lau puntu kardinaletaruntz bidaltzea berriro debekatu zuen betiko.
Hegoalderuntz joandako ordezkaria ez zen inoiz itzuli.
|