L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Stultifera Navis aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Stultifera Navis-2 (1983) —Hurrengo artikulua




 

 

Askatasunaren malkoa

 

Xabier Etxaniz

 

Goizeko lau t'erdiak ezin lo hartu, bueltaka berriro erlojura begiak, non egongo da? Sukaldera aspirina bat hartzera baina hala ta guztiz ezingo da trankil egon. Aspirinak ez dio efektorik egiten, alferrik, askotan hartzen bada ez baitu ezer egiten. Hasieran hark sartu zion burukomin bukagabea kentzeagatik, gero edozein gauza izan zela eta, nerbioak erabat mindurik zeuzkan, azkenean alabatxoa astiro jaikitzen ari zela edo senarraren ezaxolatasuna zela eta, aspirina hartzera. Seme aurrean beste aurpegia erakutsi behar baina lur jota zegoen hainbeste haserraldi, axolagabetasun, ulerrezin, ea. zuelako. Sufritzen ari denari nola erakutsi bere mina? Behartua dagoenari nola erakutsi urduritasuna? Zapaldua dagoenari nola kondatu bere penak? Ez, ez eta mila bider ezetz; asko sufritu arren ez zion semeari minik egin nahi, berak bai baino semeak ahal zuen gutxiago sufritu dezala.

        Bostak eta ez da entzun oraindik atea irekitzerakoan giltzak ateratzen duen soinua, askotan erdi lotan dagoenean esnatzen duen soinu hori, semeak isiltzen ez dakiena oraindik, huraxe bai soinu ederra: gaur bai, gaur entzuteko gogoa dauka, entzuteko beharra, soinu hori entzun arte ez da geldituko burua, buruko pentsamendu horiek, ez dira geldituko. Geldierazi nahi lituzke baina ondo daki ezin duela, bera baino indartsuago da. Beste gauzetan pentsatu logalea etor dadin... baina puff, ezin, nahi eta ezin, Sagubatkatuaberezaindagoeneanedotaeuliaarmiarmasareanzaindagoenbezala dago.

        Bost t'erdiak; gau dena esnaturik pasatu duenarentzat bost urte t'erdi luzeegiak, eta oraindik bukatu gabe, laburtu ezinak. Berriro jaiki, orain semearen gelara, baina hutsik dago, ondo daki ez dela etorri, baina esperantza... komunera, eta argia pizterakoan begiak itxi ta piskanaka irekitzen ditu. Aurpegi nekatua ikusten du ispiluan, atsedenik gabeko aurpegi ta gorputza. Denbora pasa behar balkoira, ezer ez. Kalean gora farolaren argi horiak argitzen du dena, farolak berriak dira baina seguru bera ez dela konturatuko: kotxe asko aparkatuta, arbolak berde berdeak, kotxe bat soseguz pasatzen, zakar zatiak arbolen aldamenetan eta atrien argiak. Dendak itxiak eta aurreko garajeko argitasuna kristaletatik kaleratzen da.

        Seirak laurden gutxi, zazpietan esnatu behar du senarra; oraindik ordu bat eta laurden. Urte bat eta laurden. Hasieran ez zen egoten zain, askozaz gutxiago arduratzen zen. Gero berriz, beti seme guztiak etxeratu arte tente, erne, zerbait gertatuko balitz prest egoteko. Nerbioak jota zituen, lorik egiteko gauak oso luzeak dira, hamaika gauza pasa ziren gau hartan bere burutik. Bere seme maitea ez zegoen etxean, etxetik kanpo, auskalo non, nola. Gau luze eta bakartia senarraren arnasa entzuten. Noizean behin edo kotxe baten zarata datorkio belarrietaraino, eta eguraldi ona egiten duenez leiho irekitik oinetakoen hotsak ere sartzen dira etxeko bazter guztietara. Maindirea zimurtua ta burusia, bere lekutik at dago. Bueltaka barrutik, bueltaka gorputza; ideiak barruan, gorputza ohean. Ez du pakerik ezagutzen gau luze honetan.

        Seirak, gutxiago falta da baina... semeanonnoizergatiksemanala. Ohean bueltaka, oheko soinua entzuten da noiz behinka, urduriago jartzen da. Oineko behatz lodiatik beso azpiraino izerdiagatik blai blai dago, udako gau bera, lasai honetan ezin du urduritasuna kontrolatu; ideiak, pentsamenduak, oroipenak, nerbioak, TIK-TAK, TIK-TAK, erlojuaren tik-taka gero eta astiroago dihoala iruditzen zaio, emekiago, polikiago, T I K  - T  A   K. Segundu batetik bestera mila gauza bururatzen zaizkio, haurtzaroan, txikitan, eskolara joan zenean, mendizaletasuna, bere urtebetetzeak, zauriturik ekarri zuten eguna, erregeak eta olentzero, gabonak, gabonetan denok egoten ziren, DENOK, orain ordea bat falta da, semea falta zaio, baina esperantza...

        Mendian ez zuen inoiz istripu handirik izan berak zekienez behintzat, bazekien semeak ez zizkiola bere larritasunak eta horrelakoak kondatzen, baina sekula ez zen menditik zaurituta etorri. Mendizale zuhurra, ondo ezagutzen zuen mendia eta bazekien nola ibili behar den menditik. Ekin eta ekin, gogor aritzen zen; igandero mendira, igandeko arropak garbitu behar, galtzen usaina soportatu, botei lokatza kendu eta urina eman. Eta hori dena gutxi baldin bazen, dutxatu ondoren ekartzen zizkion arropak ere bai. Baina orain gustora garbituko lituzke horiek guztiak eta hamar aldiz gehiago, orain igandeetan sukaldea egin ondoren lanik gabe aurkitzen denean bere semea etortzen zaio burura; betiko ohiturak ezin dira hala, kolpe batez, bat-batean apurtu. Hamaika haserraldi izan zuen semearekin arropagatik, menditik etorri eta dena desordenaturik eta zikin uzten zuen eta gero garbi eta txukun bere tokian nahi. Semeak ordea, ondo ezagutzen zuen ama eta musu pare bat eta bere irrifarrez dena konpontzen zuen; bai, etxe honetan orain hain beharrezkoa den irrifarrea; joan zenetik ama ez dago pozik, bere lehengo alaitasuna semearekin eraman zioten. Beste denok  ere berdin, ama bezain triste egon ez arren ez zuten barrerik egin gustora arratsalde hartatik, udako arratsalde hartatik.

        Seirak eta laurdena, erlojuak geldirik dagoela ematen du, ez duela lanik egin nahi, orduak luzatzen ari direla. Argia sartzen hasi da leiho irekiatik, txorien kanta entzuten da oraindik, eguzkia atera arte beti daude kantutan, hari bere agurra ematen edo. Leihoa itxi edo ez; azkenean ez jaikitzea erabaki du, nekatuta dago, lur jota, izugarrizko gogoa du gaua buka dadin gainera. Izan ere gaur izango da, edo hori espero du, azken gau luzea; ordu erdi falta da zazpietarako, 30 minutu, minutu bat bere semearen urte bakoitza gogoratzeko. Mundura ekarri zuen goizatik ikusi zuen azken aldiz arte; bere lehen jaunartzea zuri-zuri, aita semearekin joaten zenean igande goizetan mendira, erregeak gurasoak zirela jakin zuenean (nork esango ote zion?) eskola bere lehen eguna, ezenak harrapatu zuenean herriko jaietan, ospitalean hilzorian, farra ondorengoko bixamonak, momentu guztiak, onak, txarrak, txarrenak eta hobeak, denak gogoratzen zituen; ama batek ezin baititu semearen jazoak ahaztu. Behar bada ez zen gogoratuko berak txikitan egiten gauzetaz, baina bere semearen berri guztiak zekizkien. Eguzkiaren argiak alaitzen du piska bat gela, iluntasunatik ateratzen du. Egun berri bat hasi da, hazten ari da, guztiz diferentea, erabat aldatua, atzokoa baino hobea, alaiagoa, semea, semea, bai, gaur da, azkenean iritsi da eguna, ordu laurden bat falta da zazpietarako, azken hamabost minutu, bederatziehun segundu; gero eta gutxiago. Ezin da ohean egon, sukaldera doa gosaria prestatzera. Oheko soinua, zapatilak, bata, aurpegia ta eskuak garbitzen ezin du urduritasuna disimulatu, nerbioak kanpoan, ispiluari so irrifarrez, bai, gaur, gaur semea. Arin sukalderaino iritsi da, butanoan esnea berotzen jarri. Azukre asko gustatzen zitzaiola gogoratzen du, bete bete azukrez; oso txarra zela hainbat bider esan zion baina berak horrela goxuago zegoela eta tira, "esne goxua" edaten zuen. Nahi beste azukre hartuko duk hemendik aurrera, dio semeari bere baitan. Hotzgailuan dagoen meloia ateratzen du eta mermeladarekin gaileta batzu ere. Bost minutu falta dira. Ezin du itxoin, gelara joan eta senarra esnatzen du. Gizonkabroihauekezdutedeusegiten, berehalabeldurtzendira, ezdutezertarakobalio, tabernarabaijoangodirabainajoanbehardirentotiketarajoateaeztapentsatuere, denakpikutaraidalikoniutzke. Hi jaiki hadi, zazpirak dituk, bazetorrek eta itxoitera joan behar... Hitzak ebakitzen dira, aho barruan geratzen zaizkio, atetik giltzen soinua datorkie, aitaren begiak disdiratzen, amaren begitik malko bat irtetzen da eta masailaren zehar dario leunki... ia ia sei urtetan barruan zian duen malkoa orain aurpegian dario; alaitasun eta askatasunaren malkoa.  

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.