Burdinezko kutxa
Xabier Etxaniz
Atariko eskilarak igotzen hasi haiz, ondo dakik, sei dituk, bi, bi eta azken biak. Aldamenetan bi lore, hik heuk zainduak zapata azpian alfonbra berdea, zahartua, zikindurik. Bide erdia egina daukak eta ez haiz konturatu ere, automatikoki egin duk, eskubiko espiluari eta ezkerreko margoari begiratzeke. Atea duk aurrean, eskua eta besoa mugituz irekiko duk. Hor zegok ezker aldean, hileran, ezkerretik hasita hirugarrena; denak antzekoak dituk baina izen desberdinak dizkiate, hor zegok diferentzia eta hain zuzen horietako batek hire izena zeukak, hor papertxo batetan hizki handiez zera jartzen dik XABIER ETXANIZ 2. ezk. Hori duk hire helburua, beraraino iritsi eta barruan dagoena hartu. Bihotzak jauzi egin dik, ez zegok aldizkaririk, ez duk deus ikusten, egoterazkotan eskutitzen bat izanen duk. Urrats bat eman, gorputza piska bat okerturik jarri duk, ezkerreruntz, buzoiaruntz; urratsa ematen duan une berean aidean daukan esku hori eskubiko poltsikoan sartu duk, eta hor duan giltza mordoa behatzen artean estutu seguritate nahiean edo. Bigarren urratsa ematen ari haiz, orain ezkerreko hankaz eta oinak lurra zapaltzen ari den momentuan bihotzan kilikili bat nabaritzen duk. Hirugarrena eskubiko hankaz egiten ari haizenean eskua ateraz giltza guztiak zintzilika utziko dituk bat izan ezkin, zera, buzoia irekiko duena. Atearen hotsa entzuten duk atzean. Urrats bat falta zaik, azkena, hori eman eta jakinen duk zeredozer dagoen edo ez, gaurko egunean jasoko duan edo ez: beti duk zerbait altzatzeko itxaropena, berri onak ala txarrak ekarriko dizkik? Azken urratsa eman duk, bi oinak inguratu, hurbildu eta oreka erdietsi ondoren eskubiko besoa altzatzen hasi haiz. Une honetan beti pentsatzen duk suge bat aterako zaiala buzoia irekitzerakoan; piska bat bildurturik hagoela konturatu haiz. Begi parean zegok buzoia eta giltza haraino altza behar duk. Konturatzeke egin duk eta orain sartzen saiatzen haiz, bat batean giltza barruan duala eskumuturra eskubiruntz okertuz giltza mugitu duk. Orain hiregana tira egitea falta zaik soilik. Poliki, astiro egiten duk eta begiak irekiak ukan arren ez duk ezer ikusten, urduriegi, kezkatuegi hago. Buzoi barruari so egin eta paper bat dakusak; giltza utzi eta eskua barruan sartuz ikutu duk. Hortzen artean papera sentitzen duk, mehe eta hotza. Atera eta ikusi behar zer den, azkenean eskua ateratzen hasten haiz, emeki, piskanaka, paperari min egiteari bildurrez edo... azkenean begi aurrean daukak eta irakurtzeari ekin diok, "Atariko eskilarak igotzen hasi haiz..."
|