L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Stultifera Navis aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Stultifera Navis-2 (1983) —Hurrengo artikulua




 

 

¡¡Que inocente es el pueblo!!

 

Joseba Lakarra

 

Azkueren Cancionero Popular Vascon 953. zenbakian, eta Juana Urrutiari Arraioz (Baztanen) bildua, honako kanta hau ikus genezake:

 

 

 

Jesus Gurea

 

Jesus gurea yaio da

eta besta zelebra dezagun

gabe ta egun gabe ta egun

gloria kanta dezagun

 

Ai ori kontentua

Joserena orduan

aurtxoari begira

ganbelan ondoan

 

ezpaizuten pentsatzen

gaun dela neguan

ez eta ere oztuko zela

alako neguan

 

Meltxor ta Gaspar ta Baltasar

Belengo portaleetan:

ay ok bestak

eguberritan

 

Eguberriak dire

ok egun triste

mezaren entzuteko

lizentziarik gabe

 

Artzainak zutenean

yakin berri ori

bereala digute

utzi ardi ori

 

 

 

Eta, gaztelerazko itzulpena eman ondoren, zera eransten du Azkuek: "¡Qué inocente es el pueblo!"

        Izan ere, bostgarren ahapaldia, zeinaren itzulpenari bi galdera marka (??) jarri bait zizkion Azkuek, aski arraroa egin dakiguke beste bostekin gonbara bageneza; batez ere "besta zelebra dezagun" (1.an), "Ai ori kontentua" (2.an) eta "ay ok bestak / eguberrietan" (4.ean) kontutan harturik.

        Bertso hauen ardatz nagusia Eguberrietako bozkariozko kanta ohizko bat zen etorkiz, dudarik gabe, eta bere mezua, baldin eta osorik ematen badigu Azkuek, bederen, Jesusen jaiotzaren inguruko gertaerak. Uste honi jarraitzekotan, bostgarren ahapaldia bi modutara deskriba genezake: a) Beranduago erantsitako "luzapen" bat; b) Beste etorki ezberdinetako, baina zatiren batetan gai bera ikutzen zuen kantaren batekin izandako hartuemanaren ondorio.

Gorago aipatu arrazoiengatik bigarren hipotesia hobetsi behar delakotan nago.

Baina bada iritzi honen lekuko idatzirik. Hain zuzen ere, Azkuek beste lanetan hain ugari erabili zuen Peru Abarka-ren Seigarren Elkarrizketan et Maisu Juanen galderei ihardetsiaz hau jartzen du Joanes Baigorritarraren ahotan:

        " 1) Guerlara ethorri guinean/ Gure vicien perillean,/ Gure aguintariak frances,/ Alons, chasseurs, avancez;/ Guc euscara eranzutea,/ Diabriac eraman bacincez.//

        2) Viva Nafarroaco / Volontarioac, / Asamblean dezuiez / Contrarioac /Eguin zaizuea guerla /Biotzez ta gogotic / Gu ere elduen guera / Zuen ondorendic.//

        3) Asto bicarmendi / Mendi famosó / Españarra an dago / Beti sendo sendo / Francesa joaiten bada / Gueldi eta mansó / Coco ezur andiac / Etorriko francó. //

        4) Otsondoco mendian / Nor vici, nor vici / Ustez asamblearen; / Joan ciren ihesi, / Mutuia izan eta / Itz bat ez bihurtu / Urdachuri aldeco / Etorriko francó. //

        5) Eguberri eguna / eguna bai tristé; / Ez guenden guc behintzat / Alacoric usté; / Mezaren enzuteco / Libertade gabe / Fusilac arturican / Centinelan daudé. //

 

 

Gonbaratzen baldin baditugu orain Azkuek Baztanen bildutako kantaren bostgarren ahapaldia eta Joanisenaren azkena, argi dago zenbait aldaketa ttipi gora behera, biek dutela etorki behar —kanta kontrairaultzaile bat, alegia— eta gero Baztan aldean Eguberrietako batekin batu dela ("contaminatio"). Honek, eta ez herriaren inozentziak (?!) egin du posible urtearo hortako abesti baten barnean agertzea, abesti horren egitura eta zentzua aldatuaz, eta era "atípico" bilakatuaz.

        ¡Qué inocente era Azkue!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.