L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-4 (1982-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Errealismo literarioa dela eta ipuin fantastikoa

 

Iñaki Iñurrieta

 

        Badirudi oraingo honetan euskal narratibak duela bere aldi. Euskal nobelaren nondik norakoaz, errealismoaz eta fikzioaz, ereduez eta abar gauza askotxo entzun-irakurriak gara azkenaldi honetan. Guk, etsita baikaude hain gauza serioez mintzatzeko era egokiena ipuin bidez dela, eta asmatzeko lana hartuko dugu hemen.

        Hari xume bat aski dugu hasteko. Eman dezagun... euskal nobelagile batek, igande arratsalde euritsu batez, Virginia Wolf-en "The waves" ("Las olas" gaztelerazko itzulpenean) irakurtzen ihardun ondoren, Bertrand Tavernier-en "Death Watch" filma ("Muerte en directo", Pequeño Casinon) ikusten duela. Hauxe litzateke argumentoa. Ea bada, goazen aurrera.

        Nobelagile horrek, euskal kulturaren haribideaz interesatua izanki zalantzarik gabe, ezagutuko lituzke literaturaren krisiaz eta abarrez izan diren eztabaida saioak. Halaberean, bere buru nobelagilea ezertan preziatzekotan, baluke Baroja hil zenetik 25 urte bete direla eta eratu diren hitzaldien berri: Baroja bera proposatua izan dela etorkizuneko euskal nobelaren eredu gisa; orain arteko esperimentalismoan irautea antzugarritzat jo dela, eta baztergarritzat; eta abar. Eta beharbada, gure nobelagile zintzoa bera ere prest legoke euskal nobela errealista berriaren eraikintzan eskuhartzeko. Bapo.

        Baina, hasieran esan bezala, igande arratsaldea euritsua izan, etxeko epeletik euria nola ari duen begira egotera gonbidatzen duten horietakoa, eta beharbada nobelaren bat irakurtzea deliberatuko luke, besaulkian patxadaz eta goxo-goxo eserita, pattar kopa eskumean betiere. Agian leihoaz bestaldean zekusan itsasoaren eragin inkonszientez, edo auskaldo zergatik, Virginia Woolf-en "Las olas" aukeratuko luke. Izan ere, zer errealistago aurrean zuen ikuskaria baino?

        Irakurketan aurrera egin-hala, ordea, hara non konturatzen den han ez dagoela berak dakien moduko errealitaterik, beste era bateko errealitateak proposatzen zaizkiola, eta adierazten. Esate baterako, lipar iheskor bakoitza gauza desberdinen nahasmendua dela, pentsamendu, oroitzapen, sensazio... dena itsasoaren hotsean bilduta. Eta liburutik begiak jasoz, bere uste sendoak dantzan nabarituko lituzke. Gogoetatsu, dibagaziotan galduko litzateke, itsasoari begira...

        Baina noizbait horrela egoteaz ere aspertzen da, astean behin bakarrik izaten baita igande, eta kanporatzeko gogoak ematen dio. Nora joan ordea eguraldi narraz honekin? Ea zer dioen karteldeginak... "Pequeño Casino": "Muerte en directo". Horra hor titulo sujestiboa: heriotza zuzenean. Hau nobela baino gehiago gustatuko zaio, seguru.

        Kolan luzaroan egon ondoren (ohar zehetasun errealistei), hartu du halako batean aulkia. Hasten da pelikula eta... a zer desilusioa! zientzia-fikziozko bat sartu diote oraingoan. Emakume protagonista (Romy Schenider) "nobela programatzailea" da (etorkizunean gaude, jadanik nobelak ez dira idazten, "programatzen" baizik"). Konputagailu bati ematen dizkio datu guztiak eta honek erabakitzen du dena: haria, bukaera, etc. Are irakurlegoa eta salmentak ere kalkulatzen ditu. Honez gainera, beste protagonistarena dago (Harvey Kaitel): begietan operazio bat egin diote eta gizon-kamara bihurtu dute; ikusten duen guztia filmatua geratzen da (detaile hau bai, gustatzen zaio gure nobelagileari: errealitatea den bezala atzeman ahal izatea). Baina hara non, tamalez, gauzak okertzen diren azkenaldera, eta pelikula gaizki bukatzen: Romy hilda eta Harvey itsu.

        Zinetik ateratzean, gure nobelagileak, burua bero eta oinak hotz, Alderdi-Eder aldera zuzentzen ditu bere urratsak, ea haize freskuak eta itsasoaren ikuskizunak urduritasun hau ematzen dioten. Izan ere, hau nahasmendua!: Baroja eta Virginia, Romy eta konputagailua, gizon-kamara eta errealitatea... agian filmaren azkena aldatu egingo zukeen... Romyren begi paregabeak... bizirik utziko zukeen, bai... baina hau errealismoaren kontra lihoake...

        Aterako ote du ezer garbian? Geuri ere "happy end"-ak ez zaikigu beti atsegin eta, hor uzten dugu gure nobelagile gaixoa buruhausteok konpondu nahian.

        Geure aldetik, zer gehituko dugu? Bizpahiru ohar, laburki:

        — Euskal nobela, nolakoa izan behar duen eta horrelakoez ihardutea interesgarri liteke, beharrezkoa agian. Baina nobelak, zorionez, oraindik gizabanakoek idatziak dira eskuarki; ez da halako konputagailurik asmatu, nobelak txurroak bezala aterako dituenik. Nork bere erara egosten du errealitatea bere baitan, eta ez luke zentzurik inor hori erabaki nahiean ibiltzeak. Bakoitzak bere ematen du, ahal duen eran, eta kitto.

        — Ereduak beti izan dira interesgarriak; areago, beharrezkoak. Baina kontuz proposizio solemne horiekin. Barojaren garaia eta gurea ez dira berdinak. Errealitateak, giza-sensibilitateak, aldatu egin dira. Gauza piloa gertatu eta asmatu da ordutik hona. Eredu bakar nagusien kontra gaude.

        — Gaur egiten den euskal literatura, txarra bada, ez da subjetiboegia delako; subjetibitatea gaizki erabiltzen dela, gaizki tratatzen?, agian bai, baina hori besterik da. Era eta bide guztiei deritzegu zilegi, nork bere ezpalari fidelitatez eusten dion bitartean.

        Baina tira, honek ipuin fantastikoa izan nahi zuen, eta geu ere solemne jarri gara. Nahikoa dugu gaurkoz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.