L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-4 (1982-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Oker zabiltza, Mitxelena, oso oker

 

Josu Landa

 

        Azkeneko MUGA aldizkariaren zenbakia hartzen dugu erreferentzia gisa (19.a alegia) eta bertan ematen da argitara Koldo Mitxelenaren artikulu luze bat, bertan, eta aldizkarikoek egindako sarrerak dioenez, Euskal Herriko bizitzaren zenbait arrisku larritaz ohartarazteko asmoz. Egia esan, gure ustez UZEIren kontra urteetan zehar pilatutako letxe txar guztia azaleratzeko aitzakia besterik ez da artikulu guztia, horretarako eta sarrera gisa egungo literaturari buruzko zenbait eritzi eta azterketa botatzen dituela. Lehenari besteek erantzun beharko dietelakoan, gu azken hauetara mugatuko gara.

        Eta bai, oso oker dabil Mitxelena, zeren inola ere ez bait genuen espero bera bezalako pertsona batek hainbeste aldiz hanka sar zezakeenik artikulu bakar batetan. Are grabeago bilakatzen da asuntoa bere lumatik datorrela. Gauza jakina denez, mitoak garaien arabera eraiki eta hondatzen diren enteak dira. Agian, eta ikusitakoak ikusita, Mitxelenaran mitoa deusezteko garaia iritsia dugu.

        Paserako erregu bat —bakarra akaso— egingo genioke Mitxelena jaunari: literaturaz hitzegin baino lehen literatura irakur dezala faborez. Uste dut bera bezalako zientifiko bati hori eskatzea ez dela gehiegizko baldintza metodologikorik eskatzea. Bestela —oraindik konprenitu ezinean gabiltza—, nola hitzegin dezake inork egungo euskal literaturaz, euskarazko publikapenen bilakaera jarraitu eta ezagutu gabe (Mitxelenak halakoan dagoela aitortzen bait du artikuluan). Hori aitortzeko atrebentzia daukana kontsekuentea izan bedi, mesedez, eta isilik gera. Han eta hemen —baina beti zeharka— entzundako eritziez baliatzen da Mitxelena soil-soilik eta horretarako ez dago eskubiderik.

        Halere, eta bidezko gauzak esango balitu, ongi arrazonatutakoak alegia, ba tira, isiltzeko moduan ginateke. Ikus dezagun ordea. Gauza bat da esatea gaur egun ez dagoela inongo giro edo mogimendurik euskal literaturan —gauza diskutigarria bestalde—. Bainan horren froga konkretu bakartzat Arestiren ipuin bildumari egindako oihartzunik eza aipatzea, ez da zilegi. Literatur munduan sartuta dabilen edonor mintzeko modukoa. Bere Gasteizko katedra majistraletik jaisteko prest balego, gustora erakutsiko genioke non dagoen gaur egungo literatur saltsa (Arestiren garaikoa baino intentsoagoa apika). Belaunaldi gazteon literatur memoria historiko txikia salatzen du (?), baina nire ustez eguneko errealitatea ikusteko itsumen egoskorra (berea alegia) kaltegarriagoa zaigu gaur egun.

        Bestalde, eta aurrekoarekin nahasian, euskal literaturaren krisia aipatzen du. Uste hau erabat zabaldua dago eta luze eramango luke horren

desbideratzea frogatzea (gainera, bestetan luze eta aski egoki idatzi ohi da auzi horretaz eta ez du hemen merezi honetaz luzatzeak). Baina onetsi ezin dena zera da —eta berriro lehenagokora gatoz—: mahai-inguru batetan esandakoen erreferentzia bakarraz, gauza frogatutzat ematea eritzi hori, azken urteotako literatura benetan ezagutu gabe.

        Geroago, Koldok itxuraz asko maite duen gaia dator: kritikarena. Eta kritikaren alor horretan bi alderdi ikutzen ditu, kantitatearena bata eta independentziarena bestea. Eta horretaz botatakoek barregurea ezezik lotsa piskat ere eman digute.

        50-70 urteetan baino kritika gutxiago egiten omen da une hauetan (kantitateaz ari da, ez kalitateaz), eta bietako bat: Mitxelenak ez du argitatatzen den kritika irakurtzen edo denboraren poderioz ahantzi egin zaio batuketak nola egiten diren. Boligrafo baten laguntzaz iaz eta aurten argitaratutako kritikak kontatzeko nekea hartu dugu (komentarioak eta aipamenak kontatzeke) eta gainbegiratu baten ondotik hogei kritika urteko gutxienez atera zaizkigu, eta gure kalkuluen arauera ere 1955. eta 1970. artean, urte batetan bakarrik iritsi zen kopuru horretara, hamabost urte haietan urteko hamabost kritika baino gehiago argitaratzen ez zelarik normalean. Non dago, beraz, gaurko kritikaren urritasuna? Mitxelenaren komenizko begietan. Berriro ere, kritikaz mintzo kritikarik irakurri gabe. Bainan gauza beharbada apur bat argitu daiteke kontutan hartzen badugu gaur egun egiten den kritika guztia "desestabilizadoreen" eskutan omen dauden medioetan ageri dela, eta Mitxelenaren ustez sektore hori baztertu beharrezkoa dela (berak printzipioz ez ditu komunikabide horiek irakurriko beraz). Beste maila batetan kalitatea egongo litzateke, bainan nahiz eta Mitxelenak artikuluan kontutan hartu ez, ez dugu uste irabazle aterako liratekeenik berak aipatzen dituen garai haietako kritikak.

        Bainan beste aspektu bat dago kritikaren auzian, Mitxelena asko kezkatzen duena, dirudienez: independentzia falta. Eta noski, denok badakigu zein zaila den kontzeptu hori zertan datzan zehaztea. Dena den, aski da MUGA aldizkarian bertan azaldu diren Mitxelenaren eritziak irakurtzea (2., 5., 13. eta 19. aleak batik bat) zer nolako independentziaz ari zaigun ulertzeko. Bestela froga diezagula modu zientifiko batez bere kritikak besteenak baino independienteagoak direla. Espero luzean gelditzen gara.

        Itzulpenen auzian, ohizko informazio falta ageri da Mitxelenarenean. Eta kontutan izan ez garela balorazioen okerraz mintzatzen ari, oinarrizko informazio faltaz baizik. Itzultze-lana literaturatik kanpo ari dela esatea, azken urtcotan argitaratu diren berrogeitamar eta piko literatur liburu itzuliak ahaztea litzateke, eta hori gehiegi ahaztea da dudarik gabe (errepasa bitza Mitxelena jaunak, ahal balu, Hordagoko Tximista Saila eta Elkarko Itzul Saila besteen artean). Berriro ere, kritikoa izan nahi gaia ezagutu gabe.

        Eta beldur gara ezagutu gabe hitzegitearen gaitz hau ez ote den izurri bilakatzen ari orain arte sektore ofizial bezala kontsideratutakoaren artean batez ere. (eta Mitxelenak kritiko independientetzat joko lukeena ziurren). Uste dut ondokoa esijitzea ez dela etikatik kanpo gelditzen den gauza: ezertaz hitzegin baino lehen elemenduak diren direnean ezagutu bitez (minimoki bederen). Ea zer esango lukeen Koldok edozein astopito linguistika indoeuropearraz eztabaidatzen hasiko balitzaio...

        Koldok berak esaten duen legez, "los tópicos tienen larga vida, sobre todo cuando hay gente perezosa (no diré aviesa) empeñada en su continuidad". Zaila da bere artikulua baino topikoz josiagorik arkitzea, eta zailagoa oraindik ere bere horrek baino hobeto gure sentimenduak adierazten duen esaldia topatzea. Aplika diezaizkiola bere buruari berak esandakoak, eta kontsekuente izan bedi.

        Mitxelenak berak dioenez, lehenago, geroago edo gaur egun, noiz ibili garen oker jakin behar dugu. Azken urteotan oker emandako pausu bat, Mitxelena auzi guztietan jaun eta jabe eraikitzen uztea izan da dudarik gabe. Garai batetan orojakile funtzio hori baliagarri izan bazen ere, agian gure egunotako okerrik handienetako Mitxelenaren Mitoaren irautea litzateke. Beranduegi ez delakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.