Tristeak kontsolatzeko liburua
Mikel Hernandez Abaitua
Joan den urte bukaeran (1981) publikatu zen Anjel Lertxundiren "Tristeak kontsolatzeko makina" (Erein), Antton Olariagaren irudiekin osatua. Teorian umeentzako ipuin liburu bat da, oso letra handiz eta guzti egina, haurrek testoa osatzen duten 11 ipuinak irakurtzean erreztasun gehiago izan dezaten. Halaz ere edozeinek irakurtzea merezi duela iruditzen zaigu, ez bakarrik topikoak dioen bezala irakurtzeko kontuetan helduen eta umeen arteko mugak oso garbi ez daudelako, baita oso ondo burututako liburua izateagatik ere. Hau ez diogu ez dezala inork pentsa beste batean esandakoa konpensatzearren.
Kontatzeko manera xinplea oso lortua dago eta xinpletasun hori ez da kasualitatezkoa. Modu honetan idatzitako prosa hau jostailuz beteta dator bai hizkuntza aldetik nola gaia aldetik ere.
Azken puntu honi dagokionez asko eta asko erabiltzen den elementoa errealitatea traspasatzea da. Askotan hortan bertan dago ipuin hauen motiboa, besterik gabe. Hola gertatzen da "double fantasy" eta "tristeak kontsolatzeko makina" ipuinetan, non dibertimendua, besterik gabe, autorearen imajinazioa den.
Beste batzutan aldiz, errealitate egiantzekoa traspasatzea funtzionalagoa da, nolabait elemento majikoa erabiltzen da beste gauza batzuk azaltzeko, Kafka eta Marquez-en kasu askotan esate baterako gertatzen den bezala. Hain zuzen ere, ikutu kafkianoa oso garbi dago "Donostian elefanteak ikusi zirenekoa" ipuinean (hau da, egoera absurdoak baina nolabait errealak): jende guztia egun batean elefante bihurtuta agertzen da edo halaxe ikusten du behintzat goiz batean Donostiako alkateak, zeinak besteen begian lastotxoa ikusten duen baina ez berean enborra. Eta Marquezena "Hartuko Nuke markesaren telebista" ipuinean ejemplo epel bat jartzearren, baina ez topiko bat bezala esan denagatik, hau da, Lertxundiren influentzia sudamerikanoa etc. Hau esan denean Marquezen influentzia esan nahi izan dela iruditzen zait (Cien años de soledad / Ajea du Urturik) eta influentzia hori ez datorkio Marquezi Amerikatik bertatik baizik Europatik, neurri handi batean behintzat, bai zuzenean nola beste edozein autore amerikanoren bidez (Borges esaterako). Hortaz, errebotez bada ere (berak jakingo du) Lertxundiren influentzia horiek ez dira sudamerikanoak baizik eta europeoak (Gogol, Schwob, Kafka, etc.) edo bestela norteamerikanoak (Faulkner). Ez dugu halaz ere uste arazo honek inportantzia haundirik duenik.
Beste elemento bat, ipuinetan moraleja ezkutua agertzea da: "Baloi internazionala", "Ipuin-ipuinka", "Rafaelen ajeak"... Umeak ez du horrela moraleja irakurriko baina bai behintzat somatuko.
Beraz modu bat dela edo bestea dela beti dago majiko, harrigarri edo nahi den bezala deitu daitekeen errealitatearen traspasatzea. Hau bai akzioen aldetik nola pertsonaien karakteristiketatik ateratzen da.
Lilurapen kutsua dario liburutik esan ditugun gaiaren aldetikako arrazoiengatik eta hori gainera baliapide formal batzuen bidez dator lagunduta:
1. Rima. Behin eta berriro sartzen da elemento rekursibo bat bezala. Batzutan errefrau gisa ("Bixente, inuxente, besien artean garatxa tente" (62)), bestetan arrazoi aparenterik gabe ("elefante tunante" (9)). Ipuin batean areago ("Oilategia" deritzana) kasi diskurtso osoa dago rimaren bidez lortua.
2. Izenak. Disfrazatu nahi dira askotan: Lopez Golarte, Kortazahar, Arkomutxo atezaina. Maiz ere kausa semantiko bat dago hortarako: Gaston Txanpon (Midas berri bat, erdara eta euskara nahasten dira diruzalearen izena lortzeko), Mikaela Kiniela (Gastonen emazte diruzalea), Hartuko Nuke markesa, Andolin Irakin, Maioritario alkatea...
3. Hizkera direktoa. Naturaltasun bat ematen dio errealitate bitxiari. Marquezek dioenez: bere amonak gauzarik majikoenak kontatzen zituen zeharo normalak izango balira bezala. Hizkera freskoak lagundu dezake hortan eta hala da kasu honetan ere: "Seko aspertu nauzu pelma horrek" (32) eta beste. Hortan inportantea da purismoren problemarik ez egotea. Begira liburuaren tituloa bera.
Hortaz aparte, kontatzeko modua gutxienez bi eratakoa izan daitekeela aurkitzen dugu:
1. Ahozko modua. Hasieratik bukaeraraino "Rafaelen ajeak"-en bezala, edo partzialki baliapide ahozkoak klitxe gisa erabiliz: "Nor agertuko ganbarako toki ilunenetik, eta otsoa" (17); "eta handik zer irtengo eta labadora irten zitzaion" (28)...
2. Akziozko modua. Lehenengoan bezala narradorearen moduak agertzen dira ezinbestean baina akzioari askozaz ere lotuagoak eta gehiago haren zerbitzuan. Narradorea ez da orduan horren nabarmen, gehiago ezkutatzen da.
Orain ikusten ez ditugun elementoak eta ikusten ditugun beste batzuk (iturri popularraren erabilpena etc.) beste batetarako utziko ditugu.
|