Joxe Azurmendi solasean
Noizpait izendatu ohi zaio belaunaldi gazteon aita ponteko. Guk ez dakigu aita pontekoa dugun, bainan kasetarekin joan ginenean siloi patxadatsuetan eserrarazi eta turroia eta mazapanak atera zizkigun, gabonetako hondarrak jakina. Hizketaldi errazeko gizona da Joxe, eta horrek, noski, arindu egin zigun lana. Bota zituen bota beharrekoak, eta etxerako bidea hartu genuen berriro besapean grabatutako zinta generamala, altxor baliotsu bat bezala gordeaz. "Altxor" preziatu horretako zati baten transkripzioa da ondokoa. On egin eta hurren arte.
1981. urtea dagoeneko bukatua dagoela, nola ikusi duzu urtea literaturari dagokionez?
Orain dela urte eta piko nik idatzi nuen krisisik ez zegoela, bainan bazetorrela, eta nire ustez 81. urte hau kasik krisis osoaren urtea izan da. Zeren eta orain beste reajuste bat ari da gertatzen, inondik ere datuekin aztertzea erraza ez dena. Alde batetatik aldizkarien politikak pasa du bere krisisa eta aurkitu du bere egoera trajikoa; orain badakigu euskal aldizkariak larri dabiltzala, desagertzeko zorian. Denok badakigu eta akabo. Liburuena, azterketa garbi bat egin gabe egon arren, ez dago batere hobeto. Liburua dabil, nire ustez gaur egun larriena. Kentzen baditugu, noski, beren merkatua aseguratua duten liburuak, hau da, ikastolei edo gaztetxoei zuzendutakoak. Bainan honetaz aparte, beste publiko batetara dedikatutako liburua galdu egin da.
Eta non leudeke zure ustez liburuaren krisis handi horren oinarriak edo arrazoinak?
Egia esan, ez nuke jakingo azterketa zehatz bat egiten jakingo. Arrazoinak asko daude, bainan garbi dago zenbait irakurleri zuzendutako liburua desagertu dela. Saioarena adibidez. Egin dugun saioa nik uste dut kaltegarria izan dela, egin dugun saio modu batek irakurlea ikaratu egin du. Bainan egia esan, honetaz nahiago dut ez hitzegin, zeren edo luze esplikatzen da euskal saioa zergatik jaio den hain monstruo, zergatik besterik egiterik ez zegoen. Saioaren jaioleku normala aldizkaria da. Euskaraz, berriz, batez ere liburutan azaldu dira. Gainera oso giro polemikoa zegoenean. Orduan, saioa gertatu da artikulu polemikoaren traktatua, inbestigazio traktatua eta artikulu zientifikoaren arteko nahasketa ikaragarria.
Bainan saioaren joera horretan irarurlak ere izango zuen bere eragina, ezta?
Noski, garai hartan irakurlea ez zegoen batere ohitua euskara kulto batetara edo. Beraz saioetan egiten den euskara zaila egiten zaio. Saioa hemen zitekeen kondiziorik txarrenetan jaio zen, desarroilatu zen
eta hil zen. Euskal saioa guk uste baino lehenago hil zen, oso denbora gutxi iraun zuen.
Eta liburuaren krisialdi horretan, argitaletxeek zer nolako papera jokatuko lukete zure ustez?
Kontutan izan behar da editoriale bat negozio bat dela lehenengo. Eta kapitale batekin operatzen du eta baita merkatu batekin ere. Gainera, lehen bazeuden diru iturri indirekto batzu liburuekin sortutako zorra kubritzeko, bainan hori ere galdu egin da. Gaur egun, berriz argitaletxe bat merkatutik bizi behar da soil-soilik. Lehenago editorialeek langile bakarra zuten, oraingoek 10 edo 20 dituzte. Orduan galera sortzen duten liburuak literatura, saioa, interes gutxi sortzen dutenak, ez dira ateratzen.
Zure ustez, ez da idazten publikatzen ez delako ala ez da publikatzen idazten ez delako?
Nire ustez, gaur egun idazten dena ez da publikatzen. Hori egia da. Eta idazten duenak ez daki non atera. Sarritan esaten da ez dela idazten. Bainan nik uste dut beldurgarriena ez dela hori; beldurgarriena da urteak direla ez direla ateratzen. Eta ateratzen ez dena idazteko borondate handi bat eta heroismo handi bat behar da. Azken bi urteetan, zenbait literatur liburu akumulatu den argitaletxeetan argitaratu gabe, jakin nahi nuke nik. Eta nobela, eta poesia, denetatik. Beraz, irtenbiderik ezak probokatzen du lehenik krisisa.
Eta interes komertzialek ipinitako mugak gainditzeko zein irtenbide ikusten duzu?
Ni neu ez naiz batere negozio gizona, eta beraz ez dakit negozio eta ekonomi aldetik eta merkatuaren estruktura liberal batetatik zer soluzio daukan guzti honek. Bainan nik lehenago amets egin izan dut gaur egun hori ere ez dut amets egiten estatismo batetara jo behar dugula herri minoritario honetan. Eman dezagun, beraz, estatuak sortzen duela editoriale nazional bat, justu oraindik beren kasa bizitzeko gauza ez diren sekzio horiek aurrera ateratzeko. Bainan nik ez dut holakorik projekturik entzun, eta horretan ere nik ez dut amets gehiago egiten.
Eta zein izango litzateke gaur egun hemen literatur aldizkari batek jokatu beharko lukeen papera?
Gauza bat hartu behar da kontutan. 1956.an literatura berri bat sortzen da, gerraurrekoarekin erabat puskatzen duena. Azken urte hauetan beste belaunaldi bat iritsi da literaturara, eta probak egiten ari da. Eta nik uste dut beti probak egiteko tokia aldizkaria izan dela. Orduan, bultzada berri hauek, haize berri hauek beti aldizkari batetan egiten dute proba eta gero liburutara. Eta zuen belaunaldi horri gertatzen ari zaiona da probak egiteko ere liburutara jo beharra, liburu txikira, erdi panfletora, ez daukalako organo bat aldizkari batetan probak egiteko nahikoa, eta beraz, esperimento aro baten ondoren liburura iristeko. Orduan urjenteena niretzat, larriena, idatzi nahi duen jende horrentzat mementu honetan aldizkari bat izatea litzateke.
Eta zein kondiziotan atera beharko luke aldizkari horrek?
Nik uste dut lehenengo kondizioa hauxe litzatekeela: aldizkaria gazte horien eskutan uztea, ez betiko konsakratuen eskutan. Eta gazteek egin ditzatela egin behar diren esperimendu guztiak, zer den hanka sartzea, zer aldizkari bat gaizki ateratzea, zer den rnejoratu behar izatea; eta esperientzia hori erabat pasa behar dutela, ez dutela egin behar beste batzuren aldizkarietan beren esperimenduak egin.
Bainan badira beste problema batzu, adibidez, ea zeinek hartuko duen horren kargu diru aldetik, kontinuitatearena, etabar...
Problemak asko dira; dudarik gabe, esperimentaleku izan nahi duen eta hala behar du nire ustez aldizkari batek problema asko ditu. Aldez aurretik pentsatu behar dugu hamar edo hamabost urtetako bizitza duela. Gero, esperimentaleku hori utzi, eta beste maila batetara pasatzen gara, eta beste jenerazio batek hartu hehar du. Bainan hark ez dezala gure aldizkaria hartu, berea sortu dezala. Orduan, aldizkari literario baten problema da eta hau ez bakarrik Euskal Herrikoena merkatu batetan ia estabilizatzera iristen den ordurako hil egiten dela, kasik per definicione. Orduan, diru aldetik oso problematikoa izango da beti.
Baina konkretuki, zein irtenbide legoke diru aldetik?
Ba ez dakit, bainan nik beti estatuaren irtenbidea ikusten dut hemen. Ez dena estatuari bizkarreratu behar zaiolako, baizik eta ez dudalako kusten bestela nola izan daitekeen posible. Hemen ez bait dago mezenasik. Lehengo mezenas guztiak joan egin dira.
Beste auzi batetara jo dezagun: kritika. Beharrezkoa al da? Ba al dago kritikarik? Nolakoa behar luke?
Beno, dudarik ez dago beharrezkoa dela, eta kritikaz idazteko gogoa badaukat ez dakit noiz. Behin eta berriro agertzen ari da kritikarik ez dago roilo hori. Eta hau aurretik esan beharra dago. Euskal Herrian kritikarik badago, eta proportzioan, ez lehenago baino gutxiago eta ezta tokatzen zaiguna baino askoz gutxiago, nahiz eta hau oso zaila izan neurtzeko. Eta gainera, kritika modu askotakoa dago. Beste gauza bat esan nahi nuke: kritikak ez du, beharbada, lehenago batetan izan duen pisu edo argitasun hori hartzen. Bainan lehen egiten zen kritika nolakoa zen? Konpromisozko edo situaziozko kritika pilo baten artean, kritika inportante batzu agertzen dira, baten batzu. Baina kritika horien inportantzia ez dago balio literarioan, linguistiko edo sozialean baizik. Kontutan izan orduan zegoela batasunaren auzia, garbi-mordoilo, kaleratu beharra, etabar. Kuriosoa da garai hartan linguista on bat Mitxelena alegia izatea kritikorik onena. Bainan kritika modu hura gaur egun aplikaziorik gabeko kritika izango litzateke ehuneko larogeitamarretan.
Eta gaurko literatur kritika?
Gaur egiten den kritika modua erabat ezberdina ez dago pentsatzerik hango moduarekin edo orduko estiloarekin bete litekeenik. Gaur egiten den kritika raso beste gauza bat da, eta estrikto izan nahi badugu, gaur egiten da literatur kritika eta ez orduan.
Baldin eta balego krisisik literaturan eta kritikan, zein erlazio legoke bion artean?
Hor, badirudi gaur egun honakoa sujiritu nahi dela. Lehen literatura ongi zebilen kritika on bat zegoelako, eta gaur literatura gaizki dabil kritikarik ez dagoelako, eta badirudi hor lotura kausal bat jarri nahi dela batetatik bestera. Eta hori bai iruditzen zaidala orga behiaren aurretik jartzea. Kritika ez da inoiz literaturaren gidari, eta ez da izango sekula santan. Kritika atzetik dator eta literatur kreazioa aurretik.
|