A. Iturriotz
Mesopotamiako basamortuetan hondarmuinoek
haizearen ferekaz aldatzen dute itxuraz,
area bailitzan betiereko itzuleraren aztarna,
presarik gabeko eskultorearen esku trebeak
etengabe lantzen duen emakume biluziaren botakina
eta are uduri dabiltza orenak noraezean
ekhi gorrailpean galdu ziren
altxor bilatzaileentzat, gizonak aspaldi ahaztutako
hiri lainotsua, nonbait lur azpitan oraindik
dirauen parabisua, eridenen zutelakotan abiatu
zirenentzat, non urregorrizko katakume siamdarrak
bait dira karriketako jaun eta jabeak,
haizebako gau sargoritsuetan
laugarren estaietako barandiketan zintzilikatzen dira
higitzeke xaguzahar jagoleak,
eta besogabeko neskuts zurbilak, kuprezko
ibaietan bainatzen dira ur bero lurrintsuaz,
haruntzago
kotxe zahar herdoilduak,
gasolina pote hutsak
hondakindegiko kale koipetsuak,
eta iragarki argi nahasiak,
urtetan zehar beleekin batera zoldaturikoak.
|