L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-4 (1982-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Hilobi ipotxak

 

A. Iturriotz

 

        Pagadi artean zegoen izkutatuta muinoa bi legoa barrenerat. Gure liburuetako kondariek zioskuten bezala hainbat kanpotiar jendek nahi ukhan du profanatu hegia, menturazale arrotz ugari izan da aurkitua pagadiaren mugetan abalduta eta aurpegia berealdiko muzin beldurgarriaz jota. Ipurtatsa kaiolatuen eraginaz bizitzara berritzultzen ahalegintzearren ere, orok galdu du arnasa egundaino bostkarren ameskaiztozko egunean barrena, izugarrizko iharrosiez eta frangoki dariola izardi lastozko ohantzetan. Zaldunen kabaileriak hankazgora lehertuta agertzen dira gauza misteriotsu batek jarraituko bailituen korrikari etengabe ekiteaqatik, mokoak bitsa txuriaz beteta, aurkitzerakoan erroi eta beste okelajale piztiek esteak jatez oturuntza sibarita egiten zutelarik.

        Eta mendean behin ohi denez Bedatsa alderantzizkoa gertatzen denean, sakrifiziogai nornahiren harrizko aldarearen aurretikako zeremoniotsitate berberaz seinalatuz muinorako bidea, bestelakotz eriden ezinezkoa baita, hostroak lurreraino ziren jausten trumilka kimututa berehala, hamabost urtetako nerabe bilori uduiko ederren zeudenean. Zazpi egunez egonak ginen egurrezko kaikuetan axuri hilberrien odol epela edanez jaiko aizunen jauresteko lobelarren lurrinek hartuta zeharo. Ilun zegoen ilargiaren betetasuna sekuloro legez eta haizerik ez zuen jotzen. Unatu zitzaigun orena jadanik arnegatasunaren meneko ihizien urrutiko orroen antza, sasoia zen abiatzeko, sargoriak iraun zezan arte geneukan muinora heltzeko.

        Herriko haur orok, distira bilhakatuz hatsa artile gorrizko maukaz garbitu zuen ordu batez, luzaroz altxortutako beirerik ederrena, eta lore ipotxen sortaz mendira ginen kriseilu argitan. Azken agurtzat baserriko atearen herdoil hotsa eta gauketuen begi bakarretatik eskegitako malko pherdeak. Eskuz esku gindoazin kateiatuta otsozakurren erasoetatik defendatzeko, eta balizko hartzek arkume xoil gisala ez zezaten gutariko norbait ebats. Arkakako urmaela lagatuz ezkerretara, Auza Gazteluren magalean gaindi Aralarreko azken muturrera, arbasoek noizpait historian lauzaz lauza eraikitako bidezidorrean gora. Harri bakoitzaren itxura, lokatzaren kolorea genuen ezagutzen, sasi hilkorretatik ihes egiteko desbideak, urfrexkodun errekonta guztien egoitza, une zingiratsuen arriskuak, lainoarekin batera higitzen bait ziren gauean, eta fruitu naharo eskeini liezaguketen ondoen kokatzeak, bidean genbiltzan arabera eta batikbat oztoporen bat kausitzen genuenean zehatz mehatz gogoratzen genituen aholkuak.

        Laur legoak eginez geroztik Udaberria joana izango zitzaigula bagenekien jakin, gutako inor jende ikhustera ez zela irtengo hartzara, denok ibiliko ginela noraezean badarik elgar ikhusi gabe erraka lainotan hazkurri ezaz konortea galduta abaildu arteiño amaren elikatzeko, ezen sartzea zaila bazen, are gatxago irtetea norarik gabeko ingurubil artatik.

        Egunsenti aitzineko gorrailez ginen basora iritsi eta ixiltasun zamaren beldurraz, miretsaz, barreiatu norberaren lekurat besteek ikhusteke, gure iragaiteaz inguratuz idekitzen zen behelaino artean hilobien egitekotz, munduko herri zaharretarikoen ohiduraz bete genezan aukeratuak izan ginenok, loreen gotorlekutzat beirazko hilobi nimiñoak egin genitzan etxadiko agureek zuhaitz sakaratuaren inguruan izugarrizko eroapen eta xehetasunez irakatsi zeraukuten legez, hastapeneko errito soila baino gehiago zirudien irtetzear han hemenka trikuharriz jositako paraje hartan, berotzenago halaber nahiz gaua zen ahurretan bigarren azul gisan fermuki bilduta geneukan beiretan isladatuta, zein kataburuen estalkiak izango bait ziren.

        Eta hildako guztien orhoiztaz ekin genion geureari norberaren kabuz, mutuka, hint baten ateratzera ere ausartzen ez ginela aintzinako ekanduraren mirabe otzanok.

Marian

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.