L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-6 (1982-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

—Donostia Hiria 81 ipuin sariko 1. oskarra—

 

Tiro bat besterik ez

 

Josu Landa

 

Tiroen hotsak eta balek eginiko ziztuak gutxiagotuz gero eta begirada mementu batez lurretik altxatu bezain laster, kale batetako espaloitik bestaldekora pasatzen dira soldaduak. Zentzu guztiak joku horretan jarri nahiez edo, ia inork ez du galoidunaren agindurik entzuten. Aurretik jakindakoa egitea da egiteko bakarra, edozein medioz eta inola ere atzerantz jo egiteke.

        Airean azken jirabira eman, eta bestaldera iritsi haiz azkenik. Lehena izan haiz, eta beste guztiak oraindik abiapuntuan daude, beste espaloiean alegia. Ez duzue etsairik ikusten bainan halere burua babestu nahiean zabiltzate. Herriaren erdian hagoela kalkulatu duk, eta morteroen jaurtikigai eta eztandengatik ez balitz, denbora gutxi barru herri osoa zuen esku zenutekeen.

Mekaguendios!! hiru metrotara lehertutako azken eztandarekin, eta burua kasko azpitik altxa baino lehen beste bi eztanda handiago aditu dituk, bata kalearen bestaldean, eta bestea hire atzean dagoen eliz hondatuan. Hi tartean, lurrean etzanik eta eskuak garondoan, ia ia kasko azpian. Metrailgailuaren zenbait koska sabelean iltzekatu zaizkik, eta oinazeari ihes egitearren ahal izan ahala gorputza lurretik bakandu duk. Esku batez kaskoa begi aurretik altxa eta hire lagunak zeuden tokira zuzendu duk begirada. Haseran ikusi duk ez direla oraindik lurretik jaiki, bainan baten batzu tripaz gora zetzatela antzeman duanean konprenitu duk ezetz, ez zirela gehiago inoiz altxatuko. Haien erdian, eztandak lurrean egindako zulo handia, geratu zen lekuko bakar gisa.

        Hik badakik ez duala negarrik egingo, horretarako hezitu hinduten eta, bainan dena den jaitsi egin duk burua, ama hotz eta hondartsu baten kontsolamendua arkitu nahiean edo.

        Haur ttipi baten negarra aski urrun bainan garbi entzuterakoan, berriro ere ernai gelditu haiz, atzekalderantz adi adi. Morteroen jopuntua badirudi apur bat eskuinalderago alderatua dela, eta etengabeko negar algara haiek azkar mogitzera eragin diate gogoa.

        Jaiki, ezkerreko sorbaldatik zintzilik ipini metrailgailua, eta mogimendu arin pare batetaz eliz atariraino gerturatu haiz, eta bertatik ateratzen den ke adarraren azpitik narraztuaz, sartu haiz azkenik eliz barnera. Ez duk ezer ikusten, bainan halere hor segitu duk lurretik irristatuaz, nolanahi ere gero eta gertuago entzuten dituan negar horietarantz.

        Eztula pare bat ere bota dituk, eta begiak lausotzen hasi zaizkian heiean gero eta gehiago kostatzen zaik metalezko trastu hori bizkarrean aurrera jarraitzea.

        Argi aski antzematen duk elizaren goialdea erabat suntsiturik dagoela, eta horri esker apika gero eta ke edo laino gutxiago geratzen da inguruan, hire inguruan. Gero eta garbiago ikusten duk dena, eta negarrak hor, haur negar amaigabe horiek hor obsesio gisa begitartean itsatsiak.

        Metro batzutara bulto gris pare bat igarri bezain laster, zutitu eta pausu motz batzu emanaz inguratu haiz, baita zer ziren ikusi ere. Haur jaioberri bat lurrean bizkarrez erorita negar bizian, eta ondoan bere ama izandakoa seguruena, burua harri kolpe batetaz erditik irekita, lurrean botata hilik, eta bularra soinekotik at irtenda zeukala. Bular puntan, esne zipriztin ttipi baten aztarna ere ikus zitekeen, ikus hezakeen. Hartu duk haurra, eta hire besoetan ezin kontsolaturik, ama hilaren titira hurbildu dituk paren ezpainak, xurgaketa ero bati ekinaz berehala.

        —Kapitain jauna, gure komandoko hamarretatik bizirik gelditutako bakarra nauzu. Sarjentua ere bertan behera gelditua duzu seko —kuadratuta esan zion soldaduak, besoetan zeraman bultoa zela eta, ezin firme jarri.

        —Gau erdirako herri osoa gure ekutan izango dela kalkulatzen dugunez, bihar goizaldera arte deskantsu har dezakek —bota zion bueltan kapitainak begiak mahainetik altxa gabe. Begiak soldaduarengana zuzendu ahala hizketan jarraitu zitzaion—. Zenbakarren komandoa zinetela esan duk?

        —Lehen konpainiako zazpigarrena...

        —Soldadu horrek! —moztu zion derrepentean kapitainak— zer demontre daramak beso artean? Hori al duk firme egoteko forma?

        —Bai —saiatu zen erantzuten arpegiaren keinua aldatu gabe—, horretaz ere hitzegitera etorri natzaizu. Ama ondoan hilda zuela, kalean arkitutako umea duzu honakoa —esku batetaz tapakia piska bat alderatuz haurraren arpegia utzi zuen begibistan—, eta nirekin ekarria duzu laguntza ematerik posible izango dudalakoan.

        —Ezta pentsatu ere!! Gure zaurituentzat laguntza emateko urri gebiltzek, eta umeengan pentsatzen hasiko al gaituk orain...?

        Soldaduak kolkoaren kontra estutu zuen haurra, kapitaina isildu eta leiho ondora hurbiltzen zen bitartean. Kristaletik kanpo aldea begiratzen pasa zituen zenbait segundu, eta ondoren jirabiratu eta tono samur eta konprentsibo batetaz hasi zitzaion mintzatzen.

        —Begira ezak, nik ere seme-alabak zeuzkat, eta bazekiat zer den haurrenganako sentimendu horiek izatea; beraz ez pentsa bihozkogor bat naizenik, bainan gure probisioak dauden egoeran egonik, ezin diagu horrelako kasuekin deus ere egin...

        —Zein litzateke beraz zure kontseilua; barka, zure agindua...? —Tono kontrariatu batetaz jaurtiki zituen hitzak.

        —Ez zekiat, hori hire eskutan uzten diat. Herria hutsik zegok, eta orduan ez diat uste inongo familian utzi ahal izango duanik. Nahi duana egin ezak, bainan haur horretaz libra hadi! Bihar goizeko bederatzietan martxan jartzeko agindua zeukagu eta ez diat ordurako ume itzalik ere ikusi nahi!

        —Besterik, nire kapitain hori? —begietan distira txiki batzu agertzen hasi berriak zitzaizkion.

        —Bai... —tonoa izugarri leunduz—, ahalik eta sufrimendu gutxieneko metodoa erabil ezak... besterik ez, erretira haiteke.

        Hire bizitzan lehenbiziko aldiz sentitu duk malkoek masailetik isurtzerakoan ematen duten freskotasuna, eta mementu batetaz sentitu duk hire zentzu guztiak itxiko balitzaizkik bezala, txistu zorrotz bat buruan joka etengabe. Azkenik kalean arkitu haiz berriro, haurra beso artean, eta eguna iluntzen dagoeneko.

        Erlojua begiratu duk, eta kalkulua atereaz badakik gutxi gora behera ordu eta erdi daukaala umea berriz esna dadin arte, etxean noizpait entzun bait huen hiru ordutakoak zirela tarteak, eta elizan bularretik hartu zuenetik hiru orduak osatu arte geratzen zena, ba hori, ordu eta piko.

        Eritegiko enfermera bat ezagutu huen nonbait handik pasatako azken aldian, eta harengana joatea erabaki duk ea zer edo zer egiterik duen. Gero eta izkutuanago daramak haurra, estalki modura erabilitako berokiaz gain ia besapean sartuta daramaala. Subertsioaren arpegia daramak begietatik zintzilik.

        Pasiloan sasiohe batetan etzanda dagoen zauritu bati tentsioa hartzen ari zaio hire enfermera lagun hori, eta mementu horretan sartu hiaz hi, bizkarra bultoaren inguruan makurturik. Konplizitateko jestu bat egin diok oso disimulo txarraz, eta berak esku batetaz adierazitako gela batetan sartu haiz hi aurretik, bera atzetik; komun funtzioa egiten zuen nonbait gela hark, halako itxura zeukan behintzat.

        Eta hik haurraren arpegia erakusten diok, eta hura arpegia ere bestearena haurrarena ikusterakoan, eta hik lasai egoteko esan, eta berak harridurazko lehen mementuak igaro ondoren ferekatzen hasi, eta hik detaile guztiak kontatzen dizkiok, eta berak ea zer egin zezakeen, eta hik ba beno handik piska batetara janariarena tokatuko zitzaiola, eta berak ez zeukala ezer egiterik, eta esne apur batekin aski izango litzatekeela, eta berak isilune labur baten ondotik ikusiko zuela ea zer egin zitekeen.

        Irten duk neska azkenik, eta bertan utzi hau bakarrik, pareten miseria ez begiratzeagatik haurraren arpegia begiratuaz. Minutuak jasangaitz eta gogaikarriak bilakatzen hasi zaizkik, eta zerbait egitekotan besoen jarrera hasi duk aldatzen batetatik bestera, urduri eta ezin egon. Azkenik atea berriro zabaltzen sentitu dik.

        —Beno, uste dut honekin aski izango duela —hik zerbait esan nahi izan duk bainan berak ahoa tapatu dik isilerazteko keinua eginaz—, ixo, ez esan ezer, badakizu, nik ez dut zurekin hitzegin eta ez dakit ezer honetaz. Begira —esku artean daraman esne botila txikia erakutsiaz—, hau mangatu dut, bainan ezingo dut inoiz gehiago honelakorik egin. Azkeneko biberoiak apurtu zitzaizkigun aspaldi, bainan ardo botila hau moldatu dizut... uste dut egoki izango zaiola.

        Denbora guztian isilik mantendu hau ezer esateko betarik eman gabe, eta konturatu orduko berriro ere bakarrik utzi hau gela horretan bakarrik, haurra beso batetan eta bestean botila. Erizain hura besarkatzeko grina sentitu duk muinean, bainan ezin izan duk besoak okupaturik.

        Herri erditik pasatzen den ibai ertzean dago eserita soldadu bat, eta badirudi zerbaiten zain dagoela ura nola pasatzen den ikusten eta noizean behin listukada bat boteaz. Ezkerraldean, lurrean, esnez erdi betetako botila ttipitxo bat dauka, eta beso artean ume bat izan daitekeen zerbait. Nerbioso beso artekoari botatzen dizkio begiradak, eta posturaz aldatzen da ia ia mementuoro.

        Bat batean magalean daukana negar batetan hasten zaio, eta bere barne osoa zaztatzen duen zirrara bat sentitzen du soldaduak. Prestu botila hartu, eta buruan daukan plastikozko estalki oihalean tartetik sartu egiten du, negarrak piskanaka isilerazten direla. Tanta batzu soilik gelditzen direnean, botila altza eta bazter batetara darama esku batetaz, besteaz balantzako mogimendu arin bat eraginaz. Seaska kanta baten antza hartzen duten nota batzu ere entzuten ari dira gero eta indartsuago, gero eta garbiago.

        Konturatu ere ez haiz egin, eta haurrarengana erorita burua gelditu haiz seko lotan. Kolpe batetaz esnatu haiz, eta ohiturari jarraituaz erlojua begiratu duk ea zer ordu zen, non ote hengoen eta zertan. Berehala jabetu haiz hanka gainean daukaan haurra ikusterakoan. Orduan kalkuluak atera dituk, eta erlojuaren arauera goizeko ordubiak; beraz, eta haurraren lohartzetik bi ordu eta erdi inguru lotan. Hotzak jota, berokia irmoago hertsi egin duk, geroago hatsaren bidez esku puntak berotu nahiean.

        Badakik jakin, gauez hiru ordu baino gehiago pasatzen dituztela haurrek berriro esnatu arte, bainan justu justu zenbat diren ez dakik egia esan, eta horren ziurtasun ezak nolabaiteko sentimendu arraro baten xixta zorrotzak sentitzen dituk sakonean.

        Oskarbia dago, eta alde batetan erotzeko zorian edo, dagoen ilargiak goardiako gauak gogoratu dizkik, fusilarekin hizketan pasatako gau horiek. Oraingoan, berriz, fusilarik gabe bainan hats lurrundua darion gorpuzño hori daukak hizketaldian lagun.

        Halere, badakik ongi aski, eta ezin dituk pentsamenduak hortik urrundu, begi horiek berriro irekiko direla, eta hil ala biziko negar horien bidez janari eske hasiko zaiala esku artean. Eta hi, bestalde, esku hutsik bere ahoratzeko ezer izan gaberik. Inguruko harri bat hartu duk eta bere kontakto hotzarekin batera estutu egin duk, biguindu nahiez edo, ogi bilakatu hadi, madarikatu zikin hori!, eta ibaiaren erdira jaurtiki duk korrontearen erdian osin txiki bat sortuaz.

        Azkenean berriro loak hartu hau, eta denbora dexente igaro da berriro esnatu arte. Haurraren negarraldi berriak esnatu hau hain zuzen, eta oraingoan bonbaldien sirenak baino gehiago izutu hau soinu ozen eta agudo horrek. Zer egin jakin gabe geratu haiz, eta mogimendu instintibo batetaz botila ipini diok berriro ahoeran, bainan aldez aurretik bahekien segundu batzutarako engainua besterik ez zela izango. Eta berriro negarrak, eta inpotentziak eta nerbiosismoak batera ez ditek eskuak geldirik edukitzen utzi, eskuak norabait mogitu behar, eta norabiderik gabe hara eta hona zuzenduaz.

        Piskanaka eta lasaitzeko unerik gabe barneraino sartzen sentitu duk negar horien gezia, eta buruan nahaspilatu zaizkik gauzak oro, umearen aho krispatua, begi malkotsuak, esku dardaratiok, eta burua zerurantz igo duk ostean, inon ez dagoen zerbait bilatu beharrez. Haurraren lantuak zitzaizkian kemen, eta nolabait ez entzutearren zapi guztiak ipini dizkiok aho gainean, arpegi gainean, eta negarmenak dena den, eta gero eta indartsuago kitatu jazkiok haurraren kontra, haurra indar handiagoz saiatu, bainan eskuek indar guztiez mementu batzu zanpatu eta gero, haurraren seinaleak oro desagertu zaizkik, desagertu dituk. Eta burua jaitsi gabe, eskua sartu duk estalkien artetik filmeetan legez betazalak batzearren, eta ustekabean bere gorpuaren hotza sentitu duk behatzen puntan.

        Goizaldiko lehen argi printzekin soldadu guztiak hor abiatu dira bakoitzaren fusila eta munizioak jasotzeko asmoz, bederatzitarako martxan hasi behar omen dute eta. Denek komentatzen dute bezperako erasoa zein gogorra izan zen, uste baino gogorragoa, eta zein suerte txarra zortzigarren komandoarena, bizirik ateratako bakarraren animoak ikusi besterik ez zegoen, erabat lur jota zirudien mutikoak, fusila arrastaka zeraman kasik, eta norbaitek esan ere esan egin zion ea nahi zuen laguntzaren bat, bainan berak ezetz, berdin zuela, eta haiei bost axola noski. Han zebilen bera, bakarti, begirada galduta, eta martxaren haseraren zain.

        Azkenik martxan jarri da batailoi guztia, eta ibai gaineko zubitik pasatzerakoan denetatik bat urari begira geratu da uneren batetaz, geroago aurrerantz segituaz mekanikoki. Herritik irten baino lehengo, oraindik zutik zirauen etxe bakarrenetako baten atzerantz desbideratu da soldadu bat formazioa atzean utziaz, zortzigarren komandoko superbibientea hain zuzen, eta inor ez da konturatu bere faltaz, tiro baten hotsa entzun den arte. Soldadu batzu abiatu dira harengana, eta bere buru odolduaren ondoan fusila arkitu diote.

        —Gaitzerdi tiro batekin aski izan duela —esan du batek fusilaren kargadorea begiratuaz—, munizioaz urri gabiltza...

        Fusila bizkarrean ipini eta kargadorea poltsikoan sartu ondoren, hor abiatu dira berriro soldaduak, soldaduaren hilotza bertan utziaz.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.