Antartica starts here
Roman Utretx
Hiru besaulki daude egongela txurian. Bi marroiak eta bat zurixka. Ron Bakardi botila hutsa mahai gainean eta haren ondoan, zabalik, idazle japones baten liburua.
Erradiadore elektrikoaren lamada beroak epeltzen dizkio oinak. Asperturik begiratzen du besaulkietara, han botata dauden kapela zabala eta sonbreilu zintaduna erreparatuz. Ez daki irakurtzen jarraitu ala kitarra jo. Ez batak, ez besteak ez du ezer merezi. Denak nazkatzen du.
Agian katera aterako balitz eta ronkarajillo batzuk edan... Baina ez da girorik kalean, kazkabarra ari du, karnabalak aurpegikera hotza dauka. Neguarena bezalakoa.
Minutuak pasatzen uzten ditu, ezertan pentsatu gabe, alboko kalefakzioaren berotasuna iztarretan gora sentituz. Logura sartzen zaio.
Begiak zabaldu nituenean, harriduraz beterik inguru hura miatzeari ekin nion. Erdi berde erdi urdin koloreko argiapal batek betetzen zuen arraultza antzeko zulo hura. Bazirudien kanpai isolatu baten barnean nengoela. Ez zen zerurik ikusten, ezta ere hotsik entzuten. Garraisi egin nuen eta nire boza goikalderantz aldendu zen zurrunbilotan bezala. Eta handik momentu batzutara mila oihartzun nahasik itzuli zidaten erantzuna. Ikarak astindu ninduen orduan, neure bozaren ordez inoiz entzun gabeko ahots misteriotsu haiek aditzean zutitu nintzen ozta ozta eta ibiltzen hasi. Baina zer zen oinpean eukana? Hura ez zen lurra nik ezagutzen nuena behintzat ez ezta ere asfaltoa, ez belartza. Hotz hotza zen, labana gainera. Arreta handiz hasi nintzen pausuak ematen zola lehun haren gainean. Zurtz eginda nindoan benetan. Neure pausuotsen kolpatze garbi eta sikuak geroz eta urduriago jartzen ninduen: klak, klak, klak, metalezko oinetakoz jantzita ibiliko banintz bezala. Laku jelatu baten erdian ote nengoen bada? Ez zen posible. Baina non bestela?
Halako burutaziotan murgildurik nindoala, estrapozu egin eta muturrez aurrera erori nintzen. Zenbait metro irristaka joan ondoren erorketaren bultzada ezin gelditurik, lotu nintzen azkenean nolabait. Muturrekoaz turditurik oraindik, begiratu nuen atzerantz eta hara non erdarazi zidan oztopoa: sonbreilu zintaduna, etxean neukan berbera. Esan beharrik ez dago asko poztu ninduela objeto ezagun batekin topo egiteak. Makurtu, hartu eta jantzi egin nuen.
Geroxeago, han urruti xamar hiru bulto berdintsu atzeman nituen. Bihotza azkar hasi zitzaidan kolpatzen, nire etxeko hiru besaulkiak ote zireneko susmoak biziturik. Hurbildu ahala, behatz puntetatik ileetaraino zeharkatzen ninduen ezin eutsizko zirrara batek. Bada ez bada begiak igortzi nituen zorrotzago ikustearren. Halaxe zen bai: bata, kolore argikoa, beste biak, ilunagoak. Zalantzarik gabe, neure besaulkiak ziren.
Baina nola zitekeen eremu bakarti hartaraino muebleak berez ailegatzea? Nork eraman ote zituen? Ikaragarri larritu nintzen pentsatzeaz bakarrik beste norbait zegokeela inguru desolatu haietan. Aldiberean, hori egia ote zen frogatzeko gogo bizia sentitu nuen. Hiru besaulkiak benetazkoak zirela zihurtatzearren, hiruretan eserialditxo bat egin nuen: hirugarrenean ordea, nire kitarra aurkitu nuen. Hura bai poza! Instintiboki, arpegio geldo batzuk jo nituen eta, liluratzekoa izan zen nota haien oihartzuna! Iruditu zitzaidan orduan ez zela munduan halako efekto irrealik sor zezakeen zintetizagailurik, hain zen apartekoa musika haren murmurioa.
Ondoren, zutitu eta esploratzen jarraitzea erabaki nuen. Ibili eta ibili egin nintzen, baina paisaia haren monotonian ez zen ezer berririk ageri. Ez nekien zer pentsa: bazirudien inoiz ez zela bukatuko lautada lisu hura: koskarik ttikiena ere ez zen ikusten, bizidunen arrasto minimorik ere ez. Denbora eta espazioaren sabelean puztutako burbuila antzu baten barnean harrapaturik nengoen. Bakarrik nengoen, bakarrir. Egia krudel huraxe zen neukan zihurtasun bakarra. Eta negar egin nuen luzaro, ari eta malko iturria agortu zitzaidan arte egin ere. Zorionez, honek lasaitu ninduen piskat, eta neure onera itzuli.
Berriro ere ibiltzeari ekin nion, pentsatuz nonbaiten izan behar zuela amaiera burbuila erraldoi hark. Halere, gehien harritzen ninduena zen argi motel itogarri hura, ez baitzuen uzten inolako erreferentziarik antzematen, uzten ezta ere hortzemuga ezabatuena bereizten. Honetan, argi galgarri hark itsuturik, baina munduren azkeneraino joan beharra bazegoen haraino joateko erabaki irmoa hartuta nindoala, bekokian jo ninduen zerbaitek eta luze luze jausi nintzen konorterik gabe. Altxatu nintzenean, berehala kontutan jausi nintzen kolpatu ninduena (edo jo nuena) nire gartzelako murraila gardena bezain konpaktoa besterik ez zela izan. Eta murrraila haren bestekaldera begira geratu nintzen, txunditurik, minutu batzutan, esku ahurrak kristal hotzari itsatsita. Kanpoko argi naturala emaro irezten zen barneko aldera, hesi haren alkimiatik atmosfera urdin-berdeska sortuz. Ingurune guztia asfixiatzen zuen argi geldi hark. Orain bai ongi konprenitzen nuela nire itsualdia eta zorabioa. Murrailaren arrimuan eman nituen pausu batzuk kanpoan zer zegoen jakin nahirik, baina kanpoko berri baino lehenago deskubritu nuen kristalezko hesiaren kurbadura, gartzelaren borobiltasuna edo burbuilaren muga infinitoa. Alferriko nekea ziteken bada, ertzez ertz itxutura ermetiko hari jira ematea, nire katibutza zihurtatu ahala, etsipenean gero eta sakonago hondoratzea baizik ez bainuen lortuko. Zeren, inongo dudarik gabe, preso nengoen, leihoko kristal ostean obsesiboki hara eta hona mugitzen den eulia bezain harrapatua. Kontsuelo bakarra kanpora begiratzea nuen, kontsuelo hutsa egia esan.
Baina ez! Zerbaiten higidura somatu nuen bapatean han kanpoan, argitasuna estaltzen zuten itzal zirriborratu batzuen antzekoa... Izugarrizko figurak ziren, kristalaren lodierak erabat deformatuak. Astiro astiro hurbildu egin ziren. Argi ikusi ahal izan nituenean ordea, ai ene horrorea! arnasarik gabe, paralizaturik, utzi ninduen ikuskizun hark: begiak ziren, begiak! kupula bizantinoen tamainako begi handi eta borobilak! Denak neuri begira, denak diztira estraino batez neuri so; begi geltzak, begi urdinak, begi berdeak..., dozenaka begi pare murraila ostetik neuri behaka! Eta sudurrak, sudur munstro bana haien azpian, kristalari pegatuak; eta hotz horiskak errezkadan isekazko keinu anker batean zabalduriko ahoetan. Erabat izuturik, esku artean gorde nuen aurpegia. Lotsa eta enpagua biak nahasturik neuzkan erraietan, eta korrika handik ihes egiteko gogo larria etorri zitzaidan... baina nora joan? Nora? Ez nuen erabakitzeko astirik ere izan, zeren orduantxe bertan, karraska lihor batek zartatu baininduen hezurretaraino: murraila mugitzen ari zen! Gorantz eta gorantz zihoan, nire bistatik aldendu zen arte. Eta ikusi nuen hatzapar luze bat zetorrela nire bila, gero eta hurbilago, gero eta handiago, handiago... AAAAAAAAAAH!!! txilio egin nuen basatiki.
Hiru besaulki daude egongela txurian. Ron Bakardi botila hutsa mahai gainean eta haren ondoan, zabalik, idazle japones baten liburua.
Erradiadore elektrikoaren lamada beroak epeltzen dizkit oinak. Aho zabalik begiratzen dut besaulkietara, han botata dauden kapela zabala eta sonbreilu zintaduna begietatik ezin kendurik. Ez naiz kitarra jotzera ausartzen. Izutuegi nago irakurketan konzentratzeko. Ez dakit zihur non nagoen. Eguneroko gauza ezagun arruntenak ere ez dira benetakoak. Dena bizi da paranoian murgilduta.
Kalerik ere ez da agian. Zer egun ote da? Zertarako galdetu, ez dit inork erantzungo. Denbora terroreak solidifikatu du. Ez dut batere logurarik, erne egon behar dut.
Maiatzaren 15.ean bukatua
|