Bila ezazue
Joseba Sarrionandia
Polizia, detektibe pribatu,
interpoleko agenteok,
zeregin larri bat proposatu nahi dizuet:
ene neskalaguna bilatzea.
Nik maite dudan neska hori
galdu egin zait,
ametsaren ertzetik irristatuta
urtu zait.
Errekista itzazue artxiboak,
identifika ezazue,
bila ezazue kale eta hoteletan,
gauean eta goizean,
harrapatu, inguratu eta
ez ezazue aldegiten utzi.
Aldegitean ez zuen lorratzik utzi baina
datu batzu azalduko dizkizuet:
eguzkiaren aldean sortu zela eta argiak
mendetan pindaturiko kolorea duela.
Orein bat sortu behar zen, baina bi diti
eta bi izter sortu ziren,
halaere eta horregatik oreinaren begirada
geratu zitzaiola.
Larru kolorea eta begiak aski ez badira
beste ezagugarri inportante bat:
munduko ezpainik ederrenak dituela,
bila itzazue.
Haztarna digitalak ohostu zizkidan,
behin laztandu nuelarik.
Terrorista inofentsiboak taigabe oldartzen dituzuen
estatuen seguritate indarrok,
bila ezazue neska hori, munduaren ertzik goxoena da,
ez dakizue ze arriskua den humanitatearentzat!
|