L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

Mudan

 

Jose Luis Otamendi

 

Neure kabuz idazteko moldea mudatzeko gauza ez nintzela-eta, editoreak jarri zidan esku eskura nortasunez aldatzeko bidea. Mahai gainean nuen nora-agiri berria; izenari izakera bat eranstea baino ez zegokidan orain munduan libre ibiltzeko.

        Ipuin belaskak eta foiletoi luzeak idazteari lotu nintzaion, nere aurreko poeta hantuste ihardunetik ezin urrunago beti ere. Kemenak maiz huts egin zidan. Editorearenean hartzen nuen adore orduan: euskal letretan inork jorratu gabean ari nintzela, eusteko goiari; poeta negartia lehen ere nahikoa zegoela bazterretan, eta asko ni baino hobeak; bide urratzen ari nintzela, gero eta malguago eta gihartsuago zela nere prosa; eta enparauak. Horrela, egun batean bai eta hurrengoan ere bai nere gorputza eta gogoa eman nizkion kolkoan hazten —ontzen esan beharko al nuke?— ari zitzaidan idazleari. Berehala ohartu nintzen hitzarmena bere osoan beteko bazen nere lehengo izatea galtzera eman beharko nuela berria erne zekidan, umeak edertu ahala gurasoak zimeldu ohi diren bezala. Banekien zenbat eta lehenago hustu bizkorrago helduko zitzaidala uzta batzeko aroa. Banekien baita ere, ordea, heriotza eta biziarekin ari nintzela jokoan, memoriarekin eta ahazmenarekin, horrela idatzitakorik ez dezakeela ezaba itsasoak hondarretik.

        Aurrena, behin baino gehiago, barruak agintzen zidanari amore ez ematearren gogor egin behar izan nion. Laster, ordea, erosoago bizitzen jarri ginen bihotzeko harra eta biok, elkarri nahien genuen bazka eskaintzen baikenion: lausengua eta damua neurrian. Larru berria ondratu ehundu ziguten.

        Urteak eman nituen horrela; nola ez, egina nuen hautu larriari arrakasta jarraitu zitzaion azkar asko; tratuak hala eskatzen zuen. Birrargitalpenen maiztasuna gora zetorren, nobela zein ipuin bilduma berriak harrapazka eramaten zituen euskal irakurlego eskerzabalak. Auzo literaturetan ezagun zena gurean berritu zen: eromena. Batzuk xalo xalo egunaren argitan, bestetzuk euren kultur moko finarentzat mauka kaxkarra eritzita erdiezkutuan, gutxi ziren zinez istorio merke haiei begia eman gabekoak mugaren alde bietan. Behiala izan nintzen poeta-fin-ustekoari ondo sakonean lur emana nion beraz, ez nion aitagure triste bat ere opa. Bestalde inor gutxik deitoratu zuen galera. Belaunaldi antzu bateko epigonoen zerrendetan txoko higatu bat neukan antologietan. Hori, besterik ez.

        Ez egun batetik bestera, denborarekin —hilabeteak, urteak akaso—, ni neu ere aldaketa oldeak joa ninduela jabetu nintzen. Bateko, oso neuretzat nuen zinu batenganako aitortugabeko atxikimendua haustea zela; besteko, jazteko maneran edo pasiatzeko ohitura mudatzea zela; kontua da berandu gabe zeharo aldatu nintzela, zeharo. Antzaldaketaren arian arian neure itzalari ziria sartzera iritsi nintzen. Inork ez ninduen ezagutzen, editoreak izan ezik, jakina. Nere libertate berria baina, isilaren kateari lotua zegoen. Jokoa ageriko izatera gatibutza larriagoan amildua nintzateke: arimak lekurik ez gorputzarentzako, airerik ezin eman arnasak; infernua edo. Sekretua nuen libertatearen berme. Inoiz harrotzen zitzaidan artean barruko harra, hozka ekiten zitzaidan bihotz-mintzean ia beti, inoiz barrurago ere bai; eta ematen nion gure paradero berriak ekarri zizkigun onuren berri, lausenguz gogoratzen nion nere bihotza baino ostatu hoberik nekez kausituko zuela, han baino ez zitekeela bizi; elkarrekin behar genuela nahigabe bat edo beste gorabehera. Baina zitaldu egin zitzaigun harremana,astun baitira katea guztiak. Eta eskumenetik kanpo neukan lotzen ninduenaren muturra. Editoreak gero eta gehiago eskatzen zidan. Egia zen, biontzat gertatu zen lankidetza probetxugarri, baina itokarrean nindukan. Aldian aldian orijinal gehiagoren demandan nuen, mehatxatu egiten ninduen eta kresalak ezaba ez ditzakeen hitzak begitantzen zitzaizkidan boladatan.

        Azkenerako ez nintzen bizi. Neure gogoz hitza emandako xantaia mikatz hari hustuak nizkion gorputz-arimak. Behin eta berriz harro eskaintzen zidan ezetza gupida eskatzen nionero. Beti botatzen zidan etekin handiagorik ekarriko ez bazion hobeto geundela geunden horretan. Kateatik askatuko banintzen larriago lotu beharra neukan. Beste maila bat eta katebegitik ikusiko nituen eskandaloa edo krimena, beste aukerarik ez.

        Onez hartu zuen editoreak bururatu zitzaidan konponbidea. Aspaldi omen zekien nondik lehertu behar zuen puxikak, baina nere lana zela bata zein bestearen alde deliberatzea. Izan ere, herriak ia mitoen gradura jasoa zuen istorio merkeen idazlea desagertarazteak irabazpidea baino ez lekarkiguke bioi; eskandaloak, berriz, hari bakarrik.

        Hala, heriotza orok mamitzeko gorputz baten beharra duela-eta, laster erabaki zuen editoreak nork jarriko zion gorputza nere heriotzari. Agenda atera eta han-hemen anonimatoa saboteatutako poeta bat aukeratu zuen. Bi hilabeteren buruan egina zegoen. Bihotzekoaz hil zen gizona. Bere ezkutuko iharduna ezagutzera eman zen. Frogak zeuden. Inor gutxik zekien zer galdu zuen Euskal Herriak. Nola ez, argitaratugabeko eskuizkribu bat ere utzi zuen; tratuak hala eskatzen zuen. Argitaletxeak eskelaz josi zituen egunkariak.

        Ez zen ametsetan erabili nuen hilezkortasuna, baina nolanahi ere euskal literaturaren zilarrezko orrietan neure txokoa egina nuen betiko. Trufa egin niezaiokeen mundu guztiari, editoreari ezik, jakina. Odola tarteko nekagaitz dihardu itsasoak hitzen gainean. Hari trinkoek, gorrotoak eta bekaitzak batzen gaituzte biok oraindik. Badakigu bestea bizirik den artean ez gintezkeela lasai bizi. Badakigu ez gintezkeela lasai bizi inola ere...

        Hilabete asko zen elkarren albisterik ez genuena. Atzo deitu dit. Bere bulegoan jarri dugu zita lehengo egunak gogoan. Aspaldion atzera sasoian darabilt barruko harra bihotzeko mutxikin hotzituarekin. Bera ala ni. Burdina daramat aldean nora-agiri. Epitafio luze bat bihurtua da bizitza.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.