L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-30 / Mugapean (1993-maiatza) —Hurrengo artikulua




 

 

El indeterminado vasco

 

Edorta Jimenez

 

        Pero el año ochenta y dos (bendito el día en que conocí a mi Patria, y eterna gratitud a quien me sacó de las tinieblas extranjeristas!) una mañana en la que nos paseábamos en nuestro jardín mi hermano Luis y yo entablamos una discusión política... y prometiéndole estudiar con ánimo sereno la historia de Bizkaya y adherirme fieramente a la verdad.

Sabino Arana

«Discurso de Larrazabal»

 

        Zilegi bekit sarrera hitzotan Abandoko arranoa ekartzea honaino, haren Jardina Sukarrieta-Pedernales delakoan egonik, berari egin zitzaion argitasunaren bestekoa egin bait zitzaidan neuri ere, handixek bertatik berrehun bat metrotara, hain zuzen ere, Laida deritzan plaian, Luis Villasanteren La declinación del vasco literario común delakoa irakurtzean, anaien arteko solasa baino laurogeita hamar urte beranduago. Hantxe jakin nuen gure deklinabidean dugun indeterminado horrena, zeina gogoetarako gai, argi eta helburu eginik bait dut harrez gero. Zer ote gara, nondik ote gatoz, nora ote goaz, oteka ote goaz, oterria ote gara?

        Jakina, haren ostean villasantezale egin nintzen, aitor dezadan, erdaraz egiten bait zidan euskaraz eta Axularrez. Autobusa izan nuen kofesategi, Villasante aitorrentzule eta Mitxelena —zeinaren oharrak aipatzen bait zituen fraideak, nik neuk nor zen ez nekielarik— ezkutuko jainkoaren begi. Laster jo nuen Mitxelena bera irakurtzera, esan gura dudalarik, bidenabar, haren euskarazko prosa ezagutu nuenean behingoan maitemindu ninduela. Hala eta guztiz ere, Saulo Damaskorako bidean zalditik bezala, Villasanteren liburuetatik laugarrenean edo jausi nintzen, autobus berean. Ederra izan zen blaustada, ezen, nioen nire artean, Axularren esaldi konposatuez erdara espainolez egitea azalpenak, hori bai alferriko zeregina, Axularren esaldiok eurok be askotan ulergaitz baino ulergaitzago egiten zirelako batez ere. Ez nuen ahazturik ordea, herri honetan zenbat euskal filologo erdaldun dagoen. Halaxe ulertu nuen, bada, beharrezko egiten zela erdaraz determinatzea el vasco literario, ezen, hala egin aurretik, zein vasco erabili beharko ote zuten, pioneroek?

        Urte ilunak ziren eta, eskuetan armak hartuta diharduen edozein eratako taldek bezala —eta zeinek bereak beti— kontraesanez jositako ibilbidea zuten urratu beharrekoa. Etsaia non zegoen, laster ageriko zen bera. Bitartean, Axular bera irakurtzeari ekin nion. Hila zen Franco, jaiopari askatasuna edo. Horman eskegita Bonaparteren mapa ageri zen. Gogoan izateko formula matematikoa ere hantxe genuen, halako ekuazio bitxia, 3+4=1, eusko-ekuazioa, e(us)kuazioa. El indeterminado vasco haren beste seinale bat, matematika oro hausten zuen batugura, berdingura edo halako gura berezia.

        Indeterminatuak, indeterminazioak, horrek, espezial egiten ote gintuen, ostera? Espeziala, aldiz, berezia ote da? Ardo gorri berezia eskatzean argitu zidan Manuk, Ameriketan pastore ibilitako herritar tabernero itzuliak, «ondo pentsatuta, hori bereziarena, ze, baserrian berezia etxeko lekurik hoberena izaten da eta». Ondo asmatua, hark barre egin zidan arren. Hitzak asmatzeaz batera, gure euskalduntasuna asmatzen ote genbiltzan? Zeren irudi du halaxe izan dela Pirinioez hegoaldean, Castillako Koroaren menpe gauzkatenez gero. Larramendi, Mogel, Arana eta tutti quanti bezala, gu geu ere euskara asmatzen ote genbiltzan, bada, El indeterminado vasco determinatu guran?

        Gure zalantza metafisikoak, aldiz, amaierarik ez. El indeterminado, deklinabidean, mugagabea dela eta, hara hor, erdaraz azaldu zidaten euskararen muinari erizteko berba zehatza. Mugagabea, el indeterminado Mikel Zaratek eta zehaztubakoa gurago zuten, aldiz, mugagabe baino. Bada, ezin euskaraz kontzeptua egokiro zehaztu, ezin hitzaren esangura mugatu. En vasco el indeterminado recibe un nombre indeterminado. Euskal tragediatxoa, izangoan etorri beharreko gramatikak konpondu beharko zuena.

        Ume jaio eta umeago hil, zer ote dugu asmatua, bada? Bertsolariak eta euskal dantzak, adibidez. Lehenak hogei urte beterik nituela aditu nituen lehenengoz. Bigarrenek gogaitu egiten ninduten bost urtekin, eta harrez gero beti, alde batera utzita ezpaten ikuste hutsak, hunkitu egin izaten ninduela. Peplumaren eraginagatik. Euskaldunok ez omen ginen desfile eta halakoen lagun zaleak izan aintzina. Halaxe kondatu zigun Joseba Eloseguik Quiero morir por algo izenekoan. Harena bai, izateko borondatea! Zer aldatu zen Santoñako gartzelatik —Elosegi dixit horretatik— eta hirurogeikoetan loratu ziren euskal jai desfiledun haietarainokoan? Nola etorri zitzaigun guri zehatz eta lerroak mugaturik desfilatzeko ohitura hura? Zeri traizioa zen hura? Ezeri ere ez. Gerra aurreko Aberri Egunen izpiritua zen. Ikus sasoiko argazkiak. Santoñako gartzelan baldartu edo egin baziren gureak, enigma historiko hori tesi dotoraletarako gai ederra dateke. Bestalde 'joc, erac', hori ere ez al dago testu arcaico vascoetan?

        Hamar urtetik behin, idorokuntza bat. Hordagoren euskal klasikoek aoristoaren berri ezkontzientea ekarri zidaten eta ordurako Euskal Gramatika eta Euskal Gerrila euskaraz egiten ari izan ziren. Mendizabal bi haiek jarraitzaile sutsuak —halaxe esaten da, ezta?— zituzten, ukhan. El imposible vencido, euskaraz euskaldunez, azkenean ere.

        Gure herriak franquismoaren tuneletik irtetean bere izparrangia eskatzen zuela eta, horretara deia aditzen zutenen arabera, irudi zuen prentsa hura herriaren oihua izan beharrean lurrarena zela. Ez ote zen, aldiz, deia aditzen zutenak, herria bera, herriari berari, hatxez ala hatxerik gabe, nola idatzi ez zekitelarik zebiltzala? Hura bai, hura, El indeterminado vasco! Eta "Gure Lurraren Deia'' erabaki zuten, horretara herrigabetu eta lurdundu gintuztelarik euskaldunok, historian beste behin ere, zeren tra(d)izio horrek aitzindari ilustreak bait ditu, hala nola, Euzko Lurraren tankerako guztiak. Bada, Euzko Lurrari Euzko Deia erantsi, denominadore amankomunari begiratu eta, horratx, Gure Lurraren Deia. Ortugintzan adituek eman ziguten azken formula. El indeterminado vasco gero eta determinatuago zegoen. Arinago batuko zen euskara erdaraz eginez, euskaraz baino. Horretan saihesbide ederrena hartzen ondo igarri zuten Villasantek eta.

        Zorionez, uholdearen kontrakoan igeri egiten zuenik ere bazen. Euskal Legeen Taulak argitaratu zituen Txillardegik. Eurak ikasten eta ama-amamei adi, mugagabearen erabileraren berri zehatza izateko bidea urratzen nirauen. Kroniketatik, aldi berean, Herri hitza desagertzen ari zen. Euzkadi ala Euskadi erabaki beharra ere etorri zen inoiz. Eta el indeterminado vascok beste urrats bat egin zuen bere zehazte eta mugatze bidean. Euskadi hautatu zen, azkenean ere, Hizkuntzaren Aldeko Ezker Adar Filologiaz Armatuaren alde eginez. Garaitza.

        Mugagabe horretan ba ei dago —diodan, hobeto, ba ei zegoen— besterik ere. Gure aintzinakoen aztarnen aztarnak, hain zuzen. Ilargitan, eguzkitan, surtan, uretan. Eta gaurko zereginen berri, bedarretan eta atunetan. Bien arteko bat, aldibereko erlijio eta zeregin, neskatan, andratan, mutiletan. Irrikaz igurikatzen ditut, azkenik, Oteizak gure hizkuntzaz argitaratu behar ei dituenak, Vasco antropologikoa eta vasco-arima-barrutikoa, cromlechak eta Ibarrolaren basoak, gure aintzinakoek bizi bide zituzten izpirituen presentzia, kosmoarekiko lotura, zirkulua. Huts eta bat, gure alfa eta omega. Vascook determinatzen gaituenean ezagutzeko bidea ei bait dira guztiok.

        Legearen tauletan mugagabearen mugakondo zehazturik ziren. Taulok, aldiz, nahasmen eta ilunalde zerbait zuten. Sermoia non bota, horretarako euskal pantaila eta mikroak hedatu zireneko, hantxe agertu zen zalantza. Zuen pantailatan? Plurala ala mugagabea? Nolabaiteko batua ala zer? Zein zereko zera eta zein batua? Batzuren plural zaharra berdin mugagabe berria kointzidentziak azken honen heriotzarako tronpetak jo zituen. Akatsa birtute eginik, denontzako euskara asmatu ziguten, behar adina mugagabe kasuren salbuespenekin.

        Akatsa birtutetzat saldu, lege zaharra dugu berau gurean. Lehenago, hastapenetan, Batzoki hitza hedatua zen; Herriko gero eta, azkenik, Alkartoki eta Ezkertoki zabalduko ziren. Mugagabea gurea, tabernetako letreroetan behar ez den moduetan. Euskaldunok ez dugu gure mugagabea/mugatua sistema erakusten eta zuzen betearazten jakin, gixajook. Beti izan gara indeterminatuak horretan ere.

        Eteberaren auzia baino lehen baina, beste zehaztapen garrantzi handiko bat etorri zen. Irurac bat ginen berriro ere. Santoñako izpirituaren ukapenez edo, Ertzaintza (sic) genuen, desfile eta despelote (pilotagaltze, alegia) berrietarako prest. Ameriketan egondakoak pastore eta berriak artzain, gure Mundakako euskerean errakuntzak bide polita egin du harrez gero.

        Irurac bat, egia. Ez probintzi, aitzitik. Gu ez ginen probintziak, bertsolariak esandakoaren aurka —gu gera iru probintzi—, lurraldeak baizik. Eta ez edonolako lurraldeak, historikoak baino. Atzean geratu beharko zen irurac bat hura. E(us)kuazioa, matematikari eskaini diogun ekuazio liluragarriena, 3+1=1 itxurara aldatu zen, bere benetako esentziarako tranzisio aldian sarturik, hau da, 'Nafarroa Euskadi da' horretan. Zoritxarrez, Jaurlaritzaren Armarrian baino ez zen gauzatu e(us)kuazioa.

        Zoritxarraren gaiztoa, laugarrena bera ere ez omen zen probintzia, territorio foral baino. Batuketa, euskal ekuazio utopikoa, ezinezkoa zen. Ez, ostera, zenbakien aldetik, ez bada ere esentzien aldetik. Lurralde historikoak eta territorio forala ezin bategin dira, azkenekoak ez bait dira vascos delako multzokoak. Mesede galanta, hala eta guztiz ere, egin digutena, jagoitik badugu determinaturik el indeterminado vasco, Treviño eta Trucios, horiek, Burgos eta Santander —Cantabria orain— direlarik. Axularrek berak ere lasai lo egin ahalko du. Ez gara berriro gehiago Cantabres finak. Vascoak gara, vasco izateko borondatea dugun bakarrak garelako, Erreferendum bat edo beste gorabehera. Gure mugak Ertzaintzaren —hatxerik gabe, Hizkuntzalari Eskuin Filologiazko Armaz Baliaturiko Adar Zaharrari esker— despliegea egin beharreko azaleraren mugak dira. The limits of my world are the limits of my words, ETAko zuzendaritzakoa omen den hark itzuliriko Tractatus horrek dioenarekin bat egiten dute, de facto, gure Goi Autonomistek. Vasco, administrazioaren aldetik, es todo aquel empadronado en el País Vasco. Argiago, ezin.

        Zenbat eta determinatuagoa vascoa, orduan eta zehatzagoa, eta mugatuagoa. Gure tragediatxoak ez du azken kapitulua idatzi oraindio. E(us)kuazio laburtua, 3+1=1 zorionekoa, 2+1=1 egin gura digute Araba aldean, hura ez bait da Alava huts baino besterik, hots, sekula ere ez dena inoren alaba izan. Are sekula ezago, gure zazpigarrena. V/B, fonema bat gorabehera eta, hara, e(us)kuazioaren azken era bera ere arriskuan, euskararen erruagatik. Ez da auziarri bilakatu den lehen fonema ere, (H)erria berdin Lurra eta Euskal Herria berdin Euzkadi ala Euskadi horien ostean, edo Sabinok asmatuzuen Euzkaldun Batzokija delakoa Batzoki, a gabe, bilakatu zenez gero. Edo mugagabea edo zehaztubako hori besteren singular/plural horietan nola den determinatu behar izan dugunez gero.

        E(us)kuazioa Euskadizidio bilakatzekotan dugu, bada, zeren determinatuagoa vasco hori zer den, heriotzatik hurreago Ab(h)erria. Literatura vasca es toda aquella escrita en el País Vasco, bertoko hiru hizkuntza nagusietatik edozeinetan. Era berean, esana du harako kritiko hark, astean behin euskaraz egiten digun Diarioan, Obabakoak es la obra más importante de la literatura española en lengua vasca. Ez dago zertan txunditu. Vascoak gara, bai, espainol edo frantses garen aldetik. Pai(y)s V(b)as(que)co demokratikoak gara, bere baitan gaituztenen demokrazietakoak garen ginoan. Hizkuntza bera ere horrexetara egokitu beharra dugu. Egokitu ere, egokitzeko bidean dabiltza ibili beharrekoak.

        Letra larrien erabilera euskaraz, Euskaltzaindiaren gomendio eta erabakietan ageri zaigu, 8. zerean zera dioelarik: Errege eta Erreginaren izenak, bakarrik erabiltzen ditugunean: Espainiako Errege(a), Espainiako Erregina (baina "Juan Carlos errege(a)'') e.a. Arau osoa ezartzen da familia osoarekin: Asturiasko Printzea (baina "Felipe printzea'').

        Long life to Borboiak, ezen Euskaltzaindiak ez dio Errepublikaren gainean ezer, ezta frantsesarenean ere. Zertarako baina? Gu gera iru probintzi!!! Eta eguneroko bizimodu modernoa arakatu nahi duenak, Euskaltzaindiaren adibideen arabera arakatu ere, hara hemen izen berezietan aipatzen direnak: Koldo Mitxelena, Kirikiño, Pintto, Beltxa, Avenida hotela, Deia egunkaria, Txagorritxo ospitalea, Iruña kafetegia. Badakigu nor eta non garen.

        El País Libro de Estilo dixit: 7.5. En la Monarquía española, los miembros de la familia real son el Rey, la Reina, el príncipe de Asturias (...) 7.9. El plural con mayúsculas iniciales solo se usará para 'los Reyes' (...) 7.14. En los actos oficiales (...) el orden establecido es el siguiente: 1º El Rey o la Reina (...); 15º Los presidentes de los Consejos de Gobierno de las comunidades autónomas.

        Baduzue zer euskaratu, oraindio ere, akademiako jaun asko eta andere bakarra. Eurek nola erdaratzen gaituzten, azken ohar bat, hala ere. El País Libro de Estilo berean dio:

        —Euskadi. Neologismo con el que Sabino Arana (...). Se prefiere el empleo de 'País Vasco' (...). Salvo que se trate de una cita textual, entrecomillada, para referirse al PaísVasco español o francés nunca se debe escribir Euskadi Sur o Euskadi Norte (tierra esta última llamada también Iparralde).

        —Euskadi Buru Batzar. No debe emplearse. Escríbase el 'Consejo Ejecutivo de Euskadi'.

        —Euskaltzaindia. No debe emplearse. Escríbase en su lugar 'Real Academia de la Lengua Vasca'.

        —euskera. Esta palabra, cuyo significado es 'lengua vasca', puede utilizarse, escrita en redonda. Pero sin olvidar otra más castellana (sic): 'vascuence'.

        Hara hemen ba zer garen determinaturik, hots, el determinado vasco bilakaturik, gure bandera, ereserki, telearri eta uniforme zehatz eta guzti, noizean behin erabili izaten diguten hizkuntza ere hortxe ukanik, mugagabearen erabileraren mugak deuseztuz eta mugagabetuz doazelarik. Hizkuntza beraren mugak zabaltzen, batzuren eritziz, demokrata espainol —hau bai pleonasmoa— bilakatzeko bidean aurrera egiteaz batera indartsuago gaude gure endogamia jokoetan, gure betiko umekerietan. Exogamian bestela da kontua, España eta Española nagusi.

        Vascuence sí, euskera no. Euskaltzaindiari berari ere laster egokitu beharko diote izena, eta Erret (Erreal) Akademia jarri euskaraz ere, Españako erdaraz denarekin bat, errealagoa bait da, ageri denez. Eta nik neuk, orain eta orduan, real hitzaren esangura bien aurka eginen dut, euskal irrealitatearen alde, indeterminatuaren alde hizkuntzan eta Sukarrietako jardinetik Laidako plaiara behearen azpitik doan aberriarentzat politikan, Sabinoren baimenaz esateko, Euzkotarren aberria hau bada, hor konpon!; erreboltarako dei berria dugu orain: «Euskaldunon Aberri bakarra euskara da, indeterminado vasco eta guzti».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.