Mississippitik Rio Grandera
Andres Gostin
Muga kontzeptuak ehun urte beteko ditu bi urte barru zinemaren historian, gizaldi honetako komunikabiderik iraultzaileenarekin batera jaio baitzen duela mende bat. Zeluloidezko aurreneko pelikula nagusiak, esate baterako, 'The Birth of a Nation' izenburua dauka jada, eta tituluak kasualitate edo bitxikeria merkeenera bultza bagaitzake ere, David Wark Griffithek bertan zabaldutako filosofia arrazista, atzerakoia, mitikoa eta inozoa oinarri bihurtu da ondoko zinemaren izpiritua sortzeko. Zuzendari hark ezarri zituen estreineko hizkuntza mugak, formalak zein muntaketakoak, eta herrialde baten historia jasotzean behialako pioneroen pentsamoldea barreiatu zuen ondorengo belaunaldietara.
Mugaz jarduteko hamaika jira eta buelta eman daitezke, dudarik ez, baina nekez konpreni liteke hitzak pantaila handian hartu duen zentzua lehen urrats horri erreparatu eta ondoren eraikitako Far West-a kontuan hartu gabe. Zinemaren historiak ehundutako beste istorioren bat aurpegira diezadake norbaitek eta Marcel Carneren poesiak Le Havreko behelainoaren artean filmatutako 'Quai des brumes' kanta etsitua gogoratu, edota Vienako kale bazterrean, «lau potentziek lau zatitan banatutako hiri goibel» hartan, Orson Wellesek 'The Third Man-en' larruan bizi izandako gora-beherak ekarri. Aktore horretxek Los Robleseko mugan girotutako galtzaile eta polizi pasadizua egotz diezadake beste norbaitek ('Touch of evil'), edo iaz Hegoamerikatik etorritako bi pelikula mugalari eta batez ere utopiko aipa litzake hango hark: Adolfo Aristarainen 'Un lugar en el mundo' eta Ricardo Larrainen 'La frontera'. Konforme nago guzti horrekin, baina horiek ere, alde batera zein bestera, Far West-eko hautsa harrotu eta hango iturrietatik edan dute mitologia berri baten alde egiteko.
Estatu Batuen zinema historia western-aren inguruan idatzi dute, eta jenero hori, berriz, mugari buruz, mugaren gainean edo muga saihestuz aritu da ehun urteren buruan. F.J. Turner ikerlariak definitu zuen muga pioneroentzat aspaldi xamar: «Muga kanpoko erregio horiek dira, gaizki antolatutakoak, hara non bizimodu basatia eta zibilizazioa bat datozen». Walt Withman idazleak 'bere buruari' kantatutako poemarioak edo Fenimore Cooperren abentura homerikoek zutabe lan eraginkorra bete zuten zentzu horretan, eta jeneroa definizio horri lotu zitzaion bat-batean eta itsu-itsuan, basatiak eta zibilizatuak ondo bereiziz, jakina. Pioneroen leiendak 'muga naturalak' hautsi eta indioen esku zeuden lurraldeak konkistatzeko beta hartu zuen horrela, eta John Ford zaharrak aspaldixe bota zuen legez, «kondaira errealitatea baino ederragoa denean, kondaira argitaratzen dute».
Jeneroaren mugaren leiendak mendebalde eta hegoalderako bidea hartu zuen, Mississippiko ibaitik (aurreneko 'muga naturala') Rio Grande ingururaino (azken 'muga naturala'). Konkista prozesu horretan, «han jaiotako indioen eta mexikarren aurrean azaldutako arrazo harrotasunean oinarritu zuten pioneroek beren inperialismo mugikorra», Fenin eta Everson ikertzaileek azterketa sakon batean idatzi zutenez. Eta bi muga horiek mesprezu horren lekuko dira, finean (Mississippik indieraz eta Rio Grandek gazteleraz esanahi bera dute: ibai handia, urez beteta dagoena). Azken ibai honen konkistarekin western-aren muga bukatu zen, eta ondorioz, tradizioa hasi jeneroaren barruan.
Zinemak urteak behar izan zituen mesprezu horretara iristeko eta halako mitologia whitmaniar baten bidez ekin zien aurreneko urteei, William Wylerren 'The westerner' filmeko bi pasarteok adierazten duten bezalaxe: «Nondik hator, kanpotar hori?», galdetzen dio Walter Brennan aktoreak Gary Cooperri. «Inondik ere ez», erantzuten dio azken honek. «Eta nora hoa?», botatzen dio hark berriro. «Inora ere ez. Toki oro on da bazterrean uzteko», erantzunez amaitzen du sekuentzia Cooperrek. Edo azken aktore honek pixka bat geroxeago dioena: «Andereño, nik ez dut etxerik. Lur zabala da nire etxea. Lautadak dira nire horizontea eta zerua nire sabaia». Mugarik gabeko muga hori eta banandu baino batu egiten duen alegiazko muga asmatu eta zabaldu zituen jenero zaharrak klasizismo garaian, ongia eta gaizkia uztartzen zituen muga, alegia.
Maiuskulaz idatzitako Rio Grandeko Mugaren konkista eman zenean, ordea, «Estatu Batuek barne muga txikiak bilatzeari ekin zioten», Hans Magnus Enzensberger idazle alemanak gogoratu duen modura. Eta orduantxe hasi zen minuskulaz idatzitako mugaren benetako historia eta epika, juxtu western-aren bukaerarekin batera filmatutako epika. Sam Peckinpah zuzendariak inork baino hobeto landu zuen filosofia hori eta ezin zuen beste era batera izan, hark biltzen baitzituen zintzotasunez mugalarien izaera eta ezaugarriak.
Aitonak erositako Peckinpah mendiaren magalean jaio zen Sam eta berak definitu zuen hobekien bere izatea: «Odol irlandar, galestar Frisia irletako jatorrizko arbasoena eta indioaren nahasketaren arteko produktua naiz». Nahasketa horren eraginez gutxik bezala ezagutu zuen Far West-a, muga bereziki, eta bere zinema mugalari bihurtu zen hasieratik beretik, kontramitologikoa eta existentziala, bada. Sam Peckinpahen mugako epikak mundu eta gizarte honetatik kanpo dauden pertsonaiak deskribatzen ditu, nortasun indibidual edo nazional baten bila etsipenez blai dabiltzan morroiak, hain zuzen. Horrez gain, eta mugalari fina denez, bi bide paralelo marrazten ditu bere narrazioak filmografia osoan, eta bi bide horiek tragedia gordin batean egiten dute eztanda, heriotzera ohituta dauden antiheroiak direlako bereak: «Nire heroiak losersak dira, aldez aurretik galdu eta etsita daudelako... Ez dute ezer galtzekorik».
Norberaren gainbehera hori biolentziaz zipristinduta dago Peckinpahen zineman, berarentzat «Justizia, Zuzenbidea eta Kausa Zuzenak gauza oso erlatiboak» direlako. Biolentziari atxekita bizi dira bere fikziozko pertsonaia gehientsuenak («Zuretzat, Maior, Gerrak bizi osoa iraungo du», esango diote Dundee Maiorrari une batean) eta biolentzia hori helburua da bere horretan, mugako epikak itsatsirik daraman xedea, nolabait esateko. 'The wild bunch-eko' amaiera apokaliptikoa nahikoa adierazgarria da, hala nola bertako antiheroien jarrera: «Irabazleen alde egoteak zer eragin du zugan?», galdetzen dio Robert Ryanek polizia bati; «Oso ondo sentitzen zara», erantzuten dio azken honek. Bere muga ikuspegiaren bidez, amets amerikarraren artifizialtasuna eta kontzientzia krudela azalerazi nahi bide zituen Peckinpahek bere filmografian, eta arestian aipatutako azken filmeko pertsonaia zintzo bakarra mexikarra izatea, kontuan hartzeko moduko datua da barrenik. 'The Gethaway' filmean ere Mexiko aldera joko du ihesean bikoteak.
Peckinpahek 'Pat Garret and Billy The Kid' agoniko eta lirikoa filmatu zuenetik, mugak ez du inolako zentzurik jada western-ean, baldin eta Clint Eastwooden 'Unforgiven' espektralari erreparatzen ez badiogu. Muga gizatiar eta geografikoetara atxekitzen zaio Eastwooden mundua, lurra, egunero zapaltzen dugun lurra, memoriaren babesle eta garantetzat jotzen duelako.
Baina Enzensbergerrek gogoratu zuen modura, Estatu Batuek bere barrura bueltatu zuten burua eta Muga maiuskulazkoa goitik behera itxi. Whithmanen 'inperialismoa' otzandu egin zen jarraian, eta muga kosta lain kosta hertsirik irautera mugatu zuen orduko leiendaren harrokeria. Robert Youngen 'Alambrista' eta Gregory Navaren 'El Norte' filme mugalari, kontestario eta batez ere mingarriak Mississipi inguruan zabaldu eta Rio Grande partean inongo zirrikiturik gabe hertsitako harresi baten oharpena eskaintzen die sinesgogorrei sikiera.
Gainerako mugek utopiaren zantzuari heldu diote orain, aldez aurretik galduta daudena igarri badiote ere. «Jainkoak mundua sortu zuenean, denetarik sobratu zitzaion eta bazter batera bota zuen guztia. Leiendak dioenez, Txile sortu zen», dio oraingo zinema hegoamerikarrak Ricardo Larrainen eskutik. Hor ere euskal erbesteratuak tartean. Aristarainek, berriz, mugalari galtzaile, utopiko, desarragaitu eta etsituak sartu ditu munduko toki anonimo batean, Federico Luppi bezalako «fronteras» batzuk. Biek ere Peckinpahen lirika existentziala eta etsitua filmatu dute, bestelakorik ezean, eta utopiari egin diote bide. Haren zineman gertatzen den moduan, Historiak gain hartu dien gizonezko-emakumezkoak besterik ez dira euren protagonistak, «fronteras» batzuk, Mississippi eta Rio Grande bitartean tokirik ez dutenak.
|