|  
              
               
 
 
Lierni Ibargutxi
 
 
 
Sugar bi laku bare eta harmoniotsuan. 
 
Batek bestea harrapatu nahi, 
 
bere mihi beroa jan eta erre 
 
izoztutako izokin itzalen artean. 
 
Bizi nahi dute, bizitza aldarrikatu 
 
Heriotzaren oinordekoek menperatu Ludian. 
 
Lur izan nahi dute! Euren sabel beroa zabaldu! 
 
Erraiak larre eta soroetan landatu eta 
 
Bizitza sortu.
 
 
 
Marrubi gori bi baso ferde eta lasaian. 
 
Batak bestea harrapatu nahi, 
 
bere bihotz bustia jan eta ito 
 
geldi dauden zuhaitz enborren artean. 
 
Ez dute eternal izaterik nahi 
 
inguruko gelditasun isilaren legez. 
 
Bizi eta hil gura dute, momentuan 
 
dena izan, dena egin... 
 
Biziz ospatu iritsiko den Amaiera: 
 
koloretsua, ez Zuri ez Beltz. 
 
Jatorriko iturrian dira murgilduko hiltzean.
 
 
 
Zure ahizpak dira, Safo! 
 
Zatoz eta ikus itzazu, 
 
zatoz eta senti egizu 
 
haien maitasun eta mina. 
 
Odolez jantzi eta odolez biluztu dituzte, 
 
gerlarien ezpatek isilarazi 
 
eta izana bortxatu diete. 
 
Heriotzaren izenean haziak 
 
barneratu dizkiete euren gorputz zulatuetan, 
 
eta beraiek sorturiko izakiak 
 
besoetatik kendu Eternitatearen izenean. 
 
Jainkoek pekatari bihurtu dituzte 
 
eta ezkutatua izan dute ekiaren argia. 
 
Horregatik orain, Hilargiaren babesaz 
 
zure izena eta izana oihukatuz 
 
dantza sutsuan bizi dira. 
 
Marrubi gori bi, sugar bi, 
 
zure ahizpa bi elkar maitatuz.
 
 
 
              
              |