|  
              
               
 
 
Josu Goikoetxea
 
 
 
Kanpai batek soinu bakarra 
 
Berba batek esanahi bakarra
 
 
 
      Ito beharrean dago 
 
   itsasoa bera ere 
 
      Honek luze irauten badu 
 
   ni banoa
 
 
 
Nota batek doinu bakarra 
 
Lerro batek ahots bakarra
 
 
 
      Ez da behar katerik 
 
   lur hauetan 
 
      Lur-eremua gure kaiola da 
 
   eta ipuinak ez du indarrik
 
 
 
Musu batek zapore bakarra 
 
Izerdi batek usain bakarra
 
 
 
      Zer zigor mota den hau
 
      Nork jakin, nork esan 
 
      Nork eten, nork eman
 
 
 
Gorpu batek hilobi bakarra 
 
Etxe batek ate bakarra
 
 
 
baina nik bi nahi ditut 
 
hiltzaileak nire bila datozenean 
 
bestetik ihes egiteko
 
 
 
      baina nik hiru nahi ditut 
 
      maitale bat batetik 
 
      eta bestea bigarrenetik 
 
      datozenean 
 
      ni ixil-ixilik joateko 
 
      hirugarrenetik
 
 
 
      baina nik lau nahi ditut 
 
      norabide guztiak hartzeko 
 
 
 
      baina nik bost nahi ditut 
 
 
 
      baina nik sei nahi ditut...
 
 
 
 
 
 
 
 
 
Sotoko leihotik begira, begira, erne 
 
Etzanda zegoen animalia ote? 
 
Tipula bat janez gaubelan la bella veronesa
 
 
 
Dena ziostan keinuz, lizun, aho, erne 
 
Romeo hilda dagoela, etorri nirekin 
 
Usain ederreko Julieta, usain, izerdi 
 
Gaba-basoan dena beltz, bat, beltz 
 
Sotoko balkoitik arnasez arras, tente
 
 
 
Festa bat nire lagunentzat, zorrak ordaindu
 
Ramadama amaituta, Garizuma amaituta, etorri nigana!
 
      Prospero naiz ni! Etorri nigana, Julieta eta
 
      mundu osoko ase ezinok!
 
Eta sotoa zeru sabai izango da festan
 
Eta gu denok zorion
 
 
 
 
 
 
 
Aldatu beharraz
 
 
 
Gose naiz, ama 
 
      eta itzuli egin naiz.
 
Hasierako puntuan batu ditut berriz 
 
      nire oinak, soina eta arima.
 
Gose naiz, ama
 
Mundu gose, maite gose.
 
Patetikoa naiz, badakit.
 
Ez dut praktikan jarri 
 
      irakatsitakoa edo 
 
      ez ninduzun ondo hezi.
 
Eta gose naiz, ama.
 
Mermena landu izan dut urteetan 
 
      eta hara zertarako.
 
Asko nekiela uste nuen 
 
      eta kakati bat baino ez naiz.
 
Hasierako puntuan nago, beraz, ama, 
 
      erdi itsu, erdi gor, 
 
      baina dena begi-belarri.
 
Eta ikasten hasi nahi nuke berriz, ama.
 
Zaharra bazara ni laguntzeko, 
 
      ez arduratu.
 
Ikasiko dut neure kontura.
 
Baina, mesedez, 
 
      ez lotsatu nitaz nigar egiten badut 
 
      bizitza harrokeriaz sentitzen badut 
 
      jendea lotsa gabe maitatzen badut
 
Hori hala gertatzen bada, 
 
      ez lotsatu nitaz.
 
Onetsi zure semeak dagiena, ama.
 
Gero ahaztu nazazu, hala nahi baduzu.
 
Ahaztu nazazu eta jarraitu 
 
      egiozu bideari, 
 
      oso bide gutxi geratzen baitzaizu.
 
Eta bizitza ederregia da 
 
      betebehar moraletan xahutzeko.
 
 
 
 
 
 
 
Zorriak, zorriztoak eta zorrijaleak
 
edo nahibarik egindako poema xenofoboa (nik ez nuen hau esan nahi)
 
 
 
Zorriak asko dira 
 
Zenbat buru hainbat zorri eta hamar gehiago 
 
Zorriztoak asko dira 
 
Itsasuntzietan etorri ziren basamortutik 
 
Eta zorrijale bihurtu gara, bortxaz 
 
    zein bortxarik gabe 
 
Zorrijaleak asko gara 
 
Eta asko garenez 
 
Zorriak bukatzear daude 
 
Eta bukatzen direnean zer jan eta 
 
Bihotz-parteak janen ditugu 
 
Gu geu ere zorri bihurtuz 
 
Eta zorriztoek eramanen gaituzte 
 
Beren buru-oihan ilunetan 
 
Basamortura bueltan itsasuntzietan
 
 
 
              
              |